Eudel

Berriak

Azken orduko

Azken berriak

EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak irmo gaitzesten du Arabako Asparrena udalerriko bizilagunaren erailketa bortitza.

Emakumeenganako indarkeria-ekintza berri baten aurrean gaude. Ezin dugu alde batera utzi, izan ere, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna, indarkeria matxista erakusgarri gorena delarik, gaur egun oraindik gure udalerrietan egon badagoen gaitza dela gogorarazten digu.

Erantzukizuna
Tragedia honek hala erakundeek nola herritarrek Berdintasuna eraginkor egiteko dugun erantzukizuna dakarkigu gogora. Belaunaldi berriekin gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, neska eta mutil gazteen arteko errespetuan eta autonomian oinarritutako harremanen garapena sustatuz. Prebentzioa da desberdintasuna eta indarkeria matxista geldiarazteko erarik onena, betiere, erasoek eta heriotzek ez dezaten lekurik izan etorkizunean eraiki nahi dugun gizarte-ereduan.

EUDELek elkartasuna adierazten die biktimaren senideei eta lagunei, eta, era berean, gertatutakoa azkar argitzea espero du.

EUDELek udalerrian bertan zein instituzioek eta gizarte-eragileek dei ditzaketen gaitzespen elkarretaratzeetan eta ekintzetan parte hartzera animatu nahi ditu herritarrak.

Ibon Uribe, Galdakaoko Alkatea, EUDEL elkartearen ordezkari egongo da honako prentsaurrekoan: EPK aurkezpena, Euskarazko Produktuen Katalogoaren 15. edizioa. Prentsaurrekoan Gipuzkoako Foru Aldundiko, Nafarroako udaletako eta Aztiker enpresako ordezkariak ere egongo dira.

Euskarazko Produktuen katalogoa euskarazko produktuen kontsumoa eta erabilera indartzeko erreminta bat da.

Euskarazko Produktuen Katalogoa 1998. urtean argitaratu zen lehendabiziko aldiz. Nafarroako udal gutxi batzuek abiatu zuten ekimena orduan, eta 135 toki-entitate dira gaur egun parte hartzen dutenak, 200 udaletik gora guztira.

Euskal Herriko lurralde eta ezaugarri oso ezberdinetako hainbat herritako udalek egin dute bat euskarazko produktuak sustatzeko egitasmo honetan: handiak nahiz txikiak; euskaldun kopuru altuko nahiz baxukoak…

Askotako produktuen
Katalogoan era askotako produktuen berri ematen da. 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako produktuak dira, eta zortzi ataletan sailkatuta daude: aldizkariak, musika, liburuak, komikiak, informatika, jostailu eta jokoak, filmak, eta gurasoentzako materiala.

Katalogoan hainbat produkturen erreferentzia zehatza ematen da: produktuaren izena eta irudia, egilea, adin-tartea, argitaletxea, eta gutxi gorabeherako prezioa.

Katalogoa bi euskarri ezberdinetan zabaltzen da. Alde batetik paperezko edizioa dago: urtean behin argitaratu eta zabaltzen da, eta 140.000 aletik gora banatzen dira. Eta bestetik, www.katalogoa.org helbidean, Interneteko edizioa dago. Interneteko gune horretan paperezko katalogo osoa ikus daiteke, baina horretaz gain paperezkoan sartu ez diren produktu gehiago ere aurkitu daitezke, eta produktuetara edo argitaletxeetara zuzenean joateko loturak ere ematen ditu.  Maiztasunez eguneratzen da, eta urtean zehar argitaratzen diren produktuak kontsultatzeko aukera ematen du.

Eudelek Ordenantza Fiskala eredu berri bi jarri ditu udalen esku aurretiko jakinarazpeneko edo erantzukizunpeko aitorpeneko ekintzetarako.

Eudelek, zenbait udaletako teknikarien lankidetzarekin, aurretiko jakinarazpeneko edo erantzukizunpeko aitorpeneko ekintzetarako udal ordenantzen eredu bi prestatu ditu. Bat hirigintza arloko ekintza eta lanengatiko zerbitzuen prestazioagatiko tasari buruzkoa da, eta bestea, berriz, establezimenduak irekitzeko tasari buruzkoa da. Horien helburua da udalei administrazio-prozedurak sinplifikatzeko lanetan laguntzea.

Txikiko lanak
“Aurretiko jakinarazpena edo erantzukizunpeko aitorpena eskatzen duten obrak edo hirigintzako jarduerak direla-eta zerbitzuak eman ondoren udalak kontrol-jarduera egiteagatik ordaindu beharreko tasa arautzen duen Ordenantza fiskala” izenburua duen ereduak maila tekniko txikiko lanak egiteko orduan lizentzia eskatu beharra ordezkatzen du, izan ere, horren ordez, pertsona edo erakunde interesdunak jakinarazpen idatzia aurkeztu behar dio Udalari (Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legea). Era berean, merkataritza-lokalak atontzeko lanen kasuan, 38/1999 Legearekin bat etorriz obra-proiektua idazteko beharrik ez dutenean, aurretiko lizentzia edo baimenaren ordez erantzukizunpeko aitorpena edo aurretiko jakinarazpena aurkeztu ahal izango da. (19/2012 ELD).

Jarduera lizentziak
“Aurretiko jakinarazpena edo erantzukizunpeko aitorpena eskatzen duten establezimenduak ireki ondoren Udalak kontrol-jarduera egiteagatik ordaindu beharreko tasa arautzen duen Ordenantza fiskala” izenburua duen bigarren ordenantza ereduak txikizkako merkataritzaren irekiera eta jarduera lizentziak desagertzea agintzen du; horren ordez, aurretiko jakinarazpena edo erantzukizunpeko aitorpena arduratsua aurkeztu behar da Udalean (19/2012 ELD).

Ordenantza eredu biak Eudelen webgunean daude eskuragarri:
Deskargatu Ordenantza Ereduak

EUDELek jakinarazi nahi du gaur asteazkena, 2012ko urriak 3, argitaratu dela Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 2012ko irailaren 24ko Agindua, Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, eta bertan agertzen dela Euskadiko udaltzaingoen uniforme eta kanpoko ikur bereizgarrien eskuliburua.

2010eko maiatzaren 14an, EUDELen eta Herrizaingo Sailaren arteko lankidetza hitzarmena sinatu zen, udaltzaingoei buruzkoa; hitzarmen horren emaitza gisa lantaldea eratu zen. Lantalde horrek hainbat urte eman ditu lanean udaltzaingoen eta beren ibilgailuen irudi korporatiboa osatu behar duten elementuei buruzko adostasun batera heltzeko.

Lortutako akordioak Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeari aurkeztu zaizkio, eta horren ostean Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Sailburuaren Aginduan bildu dira gomendio-gidaliburu baten moduan, uniformeen eta ibilgailuen arloan erabakiak hartzerakoan erreferentzia eta orientazio-irizpide gisa erabili ahal izan dadin.

Informazio gehiago: EHAA 03-10-11