EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak irmo gaitzesten du Arabako Asparrena udalerriko bizilagunaren erailketa bortitza.
Emakumeenganako indarkeria-ekintza berri baten aurrean gaude. Ezin dugu alde batera utzi, izan ere, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna, indarkeria matxista erakusgarri gorena delarik, gaur egun oraindik gure udalerrietan egon badagoen gaitza dela gogorarazten digu.
Erantzukizuna
Tragedia honek hala erakundeek nola herritarrek Berdintasuna eraginkor egiteko dugun erantzukizuna dakarkigu gogora. Belaunaldi berriekin gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, neska eta mutil gazteen arteko errespetuan eta autonomian oinarritutako harremanen garapena sustatuz. Prebentzioa da desberdintasuna eta indarkeria matxista geldiarazteko erarik onena, betiere, erasoek eta heriotzek ez dezaten lekurik izan etorkizunean eraiki nahi dugun gizarte-ereduan.
EUDELek elkartasuna adierazten die biktimaren senideei eta lagunei, eta, era berean, gertatutakoa azkar argitzea espero du.
EUDELek udalerrian bertan zein instituzioek eta gizarte-eragileek dei ditzaketen gaitzespen elkarretaratzeetan eta ekintzetan parte hartzera animatu nahi ditu herritarrak.