Eudel
  • Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Natividad López de Munain EUDELeko ordezkari nahiz Burgeluko alkateak eta Gunn Marit Helgesen Europako Udal eta Eskualdeen Kontseiluaren (CMRE) Lehendakarikide zein Telemarkeko (Norvegia) Zinegotziak Konferentzian hartutako ondorioen dokumentuaren (cemrbilbao2018.eu orrian ikusgai) azterketa egin dute.
  • CMREren Zuzendaritza Batzordeak onartutako dokumentuak – bertan udal eta eskualdeen 60 elkarte nazionaletako 248 ordezkari barne hartzen dira- guztira 17 proposamen jasotzen ditu; horietan alkateek paper garrantzizkoagoa eta ekitatiboagoa izan dezaten defendatzen da, udalerri anitz, inklusibo, solidario eta jasangarrietatik gizarte justuago bat eraikitzen lagun dezaten, guztientzat eskubide eta aukera berdintasuna lortzeko.
  • 40 udalerri eta eskualdetako 350 emakumezkok eta 200 gizonezkok hartu dute parte, Europako eta nazioarteko erakundeekin batera, Bilbon ekainaren 11tik 13ra bitartean egindako Konferentzian.

Bilbo, 2018ko ekainaren 13an. ‘Berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa’ lantzeko Europako Konferentzian onartutako Ondorioen dokumentuan toki gobernuentzako 17 proposamen eta gomendio jaso dira; horiei esker, Europako tokiko agendan ezarriko dira berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa, guztiak elkarlotuta, eta Giza Eskubideen eta Garapen Jasangarrirako Helburuen nazioarteko ikuspegitik abiatuta.

PRENTSA OHARRA JEITSI

KONFERENTSIAREN ONDORIOAK JEITSI

Konferentziaren hiru antolatzaileek, CMREk, EUDELek eta Bilboko Udalak, beren azterketak egin dituzte ekainaren 11tik 13ra bitartean, Bilbon mailarik altuenean egin den eztabaidaren ondorioen gainean. Gaur goizeko itxiera saioan hitz egin dute Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Natividad López de Munain EUDELeko ordezkari eta Arabako Burgelu udalerri txikiko alkateak, eta Europako udalerri eta eskualdeen kontseiluaren (CMRE) ordezkariek.

Ondorioetan berariaz dei egiten zaie Europako hautetsiei borondate politikoa izan dezaten lidergo partekatua indartzeko, emakume eta gizonezkoek pisu ekitatiboa dutelarik, eta udalerri eta lurraldeek koordinaturik jardun dezaten, horrela gizarte justuago bat sortzeko. CMREren Zuzendaritza Batzordeak adostutako dokumentuan Maila desberdinetako gobernantza eredua nabarmentzen da, tresna eraginkorra baita erakundeek eta tokiko, lurraldeko eta estatu mailako zein Europar Batasuneko eta nazioarteko erakundeen arteko kooperaziorako.

Konferentzia amaitzeko egindako hitzaldian, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak honakoa azpimarratu du: “Gizarte eta pertsona gisa lortu nahi  dugun garapena ezinbestean inklusiboa izan behar da, pertsona guztiei benetan aukerak eman diezazkien eta bazterketa-egoerak prebenitu zein konpontzeko beharrezko zerbitzuak eta laguntzak eskain ditzan.”

Era berean, Juan Mari Aburtok hauxe nabarmendu du: “Berdintasun-politiken inguruan zorroztasunez mintzatzeko, nire ustetan gure ekintza gidatu behar duten oinarrizko bi gakoak honakoak dira: batetik, Elkartasuna; eta bestetik, Iraunkortasuna eta Eraginkortasuna; estrategia iraunkorrak zehazteko, guztion parte-hartzearekin eta adostasunarekin, partekatutako lidergoarekin, eta gizarte zibilean nahiz, jakina, hirugarren sektorean, rol garrantzitsua izango dute”.

EUDELen izenean eta bere elkarteburua den Imanol Landak esan duen moduan “Konferentzia honek gure komunitateetako lider gisa dugun zereginaz kontzientzia hartzeko balio izan du. Herritarrekiko harreman zintzotik abiatuta, dauden beharrizanei erantzungo dizkien benetako politikak bultzatu behar ditugu.”

Amaierako hitzaldian, Natividad Lopez de Munain Burgeluko alkateak EUDELen balorazioari honakoa gehitu dio: “Ondorioztatu dezakegu emakumeen parte-hartzea komunitatearen lidergo-prozesuan geldiezina dela. Alkate zein zinegotzi diren emakumeen ikuspegiak bestelako kolektiboei atea zabaldu die, hain zuzen emakumeen moduan udal-politiketan baztertuta egon direnei.”

Bestalde,Gunn Marit Helgesen Europako Udal eta Eskualdeen Kontseiluaren (CMRE) Lehendakarikide zein Telemarkeko (Norvegia) Zinegotzia honela agertu da: “Hitzaldi hau Europako Udal eta Eskualdeen Kontseiluaren lanaren mugarri bilakatu da, herri-bizitzan gazteen zein emakumeen parte-hartzeari laguntzeko aukera ematen digulako, bai eta gizarte justuagoa, irekiagoa eta demokratikoagoa eratzeko aukera ere. Era berean, topagune honen bidez, herri-bizitzan emakumeen eta gizonen berdintasunerako Europako Gutunari garrantzia eman zaio, eta munduko bestelako emakume zein udal gobernuen sareekiko lankidetza indartu da, praktika onak elkar trukatuz.

ONDORIOEN AURREKO UNEAK

Itxiera ekitaldian eman da Konferentziako ondorio nagusien berri, eta horren aurretik CMREren Berdintasuneko Ekintza Planaren aurkezpena eta balantzea egin du Ibon Uribe (Galdakaoko alkatea) CMREren egungo Europako udalerrien Berdintasun presidenteak eta EUDELen ordezkariak. Haren kargu uztean, Uriberen ondoan izan da Emil Broberg ordezkari suediarra, gaur egungo presidenteordea eta Östergötlandeko zinegotzia (Suedia), hemendik aurrera, EUDELen agintaldia (2016-2018) amaitu ondoren, kargu hori hartuko duena.

Gero, mahai-inguru bat egin da mailarik altuenean tokiko, eskualdeetako eta EBko erakundeetako agintarien artean; horien artean zegoen, besteak beste, Karl-Heinz Lambertz, Europako Eskualdeetako Batzordeko presidentea.

KONFERENTZIAREN ZIFRAK

  • 550 bertaratu, tokiko zein eskualdeetako gobernuetakoak. 350 emakume eta 200 gizon.
  • Europako herrialdetako 40 ordezkaritza; ugarienak Alemania, Suedia, Belgika, Frantzia eta Finlandiakoak (10-30 kide), bai eta Amerika, Afrika eta Asiakoak ere.
  • 100 hizlari; horietatik 60 emakumezkoak.
  • 33 saio; horietatik 15ek euskal esperientziak izan dituzte sare politiko edo tekniko gisa.
  • 3 egunez, erakusketak ikusten, eztabaidatzen, praktika onak partekatzen, hiria bisitatzen eta tokiko gobernuetako ordezkariekin hartu-emanean.

DESBERDINTASUNAK DITUGU ELKARGUNE!, KONFERENTZIARAKO AUKERATUTAKO LELOA

Europako udalerri eta lurraldeen kontseiluaren (CMRE) Konferentziak, “Berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa. Desberdintasunak ditugu elkargune! izenburua duenak, Bilbo eta Euskadiko udalerri guztiak kokatu ditu pertsonengandik hurbilago dauden etorkizuneko tokiko politikei buruzko Europako eztabaidaren erdigunean.

Ekainaren 11tik 13ra bitartean, Euskalduna Jauregia ideia, eztabaida eta konponbiderako proposamenen laborategi izan da; 40 herrialdetako udalerri eta hirietako 500 ordezkarik baino gehiagok beren esperientziak eta praktika onak partekatu ahal izan dituzte, batzuek eta besteek esandakoetatik ikasi eta tokiko errealitate desberdinen ikuspegiekin aberastuz.

Hauek izan dira Konferentziaren helburu nagusiak:

  • Gizarte anitz, berdinzale eta inklusiboek dakartzaten erronka eta aukerak azaltzea, herritarren izenean tokiko mailan erabakiak hartzen dituztenen aurrean;
  • Ideia eta esperientzia berritzaileei ekitea Europako paisaia sozialaren eraldaketari dagokionez, besteak beste, GAI hauek barne hartuta:

parte-hartze politikoa eta segurtasuna espazio publikoetan, Giza Eskubideak, diskriminazioaren/diskriminazio anizkoitzaren aurkako borroka, NBEren Garapen Jasangarrirako Helburuen 2030 Agenda, immigranteen integrazioa, zerbitzu publikoak eta horien kudeaketa, enplegua, edo demokrazia parte-hartzailea eta Gobernu irekia.

  • Tokian tokiko bizitzari dagokionez, arreta berezia jartzea emakume eta gizonen arteko berdintasunari, bai eta CMREren Gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako gutun europarrari (2006) ere, zeina gaur arte Europako 35 herrialdetako 1.700 agintarik baino gehiagok sinatu baitute.

EUROPAKO UDALERRI ETA LURRALDEEN KONTSEILUA (CMRE)

CMRE da Europako esparruan tokiko eta lurraldeetako gobernuen ahotsa. 130.000 tokiko eta eskualdeetako gobernu ordezkatzen ditu, Europako 41 herrialdetako 62 elkarte nazionalen bitartez. Aipatutako elkarte horietako bat da EUDEL, Euskadiko udalen elkartea, eta Bilboko Udalarekin eta CMRErekin batera antolatu du Konferentzia hau.

CMREren lehendakaria Stefano Bonaccini da, Italiako Emilia-Romagna eskualdeko presidentea.

Beste egiteko batzuen artean, CMREk ordezkatzen ditu tokian tokikoen interesak EBko erakundeen aurrean, eta hiri, udalerri eta eskualdeen izenean lan egiten du europar legerietan eragiteko. Era berean, erakunde honek plataforma bat eskaintzen du bertako kideek, eragileek eta erakunde kolaboratzaileek beren esperientzia eta praktikak parteka ditzaten.

Egitarau osoa ikusgai hemen:

www.cemrbilbao2018.eu

#cemrbilbao2018