Eudel
  • Hiru lurraldeetako udaletako emakume alkateen eta zinegotzien ordezkaritzaren ondoan, Emakunderen zuzendari Izaskun Landaidak parte hartu du gaur arratsaldean EUDELen Bilboko egoitzan 18:00etatik aurrera izan den bileran.
  • Bilera Europako Batzordeak bultzatuta Tunisiako ordezkaritzak Euskadira egindako ikasketa-bidaia batean sartuta dago, eta, horren bidez, politika publikoetan berdintasuna sartzeko dauden praktika onak ezagutu nahi dituzte, adibidez, Basqueskola eta Berdinsarea udal-sareak.

Bilbon, 2018ko irailaren 19an. ‘Virginia Woolf Basqueskola’ sareko emakume alkateen eta zinegotzien ordezkaritza batek Tunisiako gobernuko ordezkariei aurkeztu die nolakoak diren emakumeak udal-politikan ahalduntzeko eskola aitzindari honen funtzionamendua eta laneko plana.

Basqueskola sare plurala da, eta zabalik dago euskal emakume hautetsi guztiek parte har dezaten; hiru lurraldeetako eta sentsibilitate politiko guztietako ordezkariak ditu buru, eta EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartearen eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen laguntza jasotzen du. Tunisiako ordezkaritzari praktika on gisa aurkeztuko zaio Basqueskola, erreferentea delako emakume alkateentzat eta zinegotzientzat, elkartzeko, prestakuntza jasotzeko eta eragin politikoa izateko espazioa, bai eta esperientzia berritzailea ere, ingurune politikoan aldaketak egingo dituzten estrategiak sortu, eta emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunerantz aurrera egiteko.

Une honetan, Basqueskolak hainbat ildo ditu zabalik zenbait esparrutan eragiteko, esate baterako, tokiko politikako kontziliazioan eta denboren kudeaketan, edota, 2019ko udal-hauteskundeak direla-eta, udaletan emakumezko hautetsi berriei egin beharreko harreran.

Bestalde, ‘Virginia Woolf Basqueskolak’ emakumeen ahalduntze indibiduala eta kolektiboa lantzen ditu. Bide bat da lan-sareak ehuntzeko, gobernuko edo oposizioko joera politiko desberdinetako emakume hautetsien artean itunak sortzeko. Eskolaren lan-batzordeek ondo koordinatuta prestatzen dituzte agenda politikoan eragiteko behar diren estrategiak, eta berezko ahotsa eta jarrera dituzten emakumeen buruzagitza eta parte-hartzea bultzatzen dituzte.

Sareak nazioarteko ikuspegi nabaria eta lotura sendoak ditu Europarekin. Bestalde, aurreko ekainean tokiko buruzagien Europako Biltzarrean aurkeztutako praktika onen artean hautatu zuten. Biltzar hori EUDELek, Bilboko Udalak eta Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluak antolatu zuten joan den ekainean, Berdintasuna, dibertsitatea eta inklusioa’ izenburupean.

         Informazio gehiago izateko, begiratu hemen: www.virginiawoolfbasqueskola.euseta sare sozialetan.

Ikasketa-bidaia

Gaur arratsaldeko bilera Europako Batzordeak bultzatuta Tunisiako ordezkaritzak Euskadira egindako ikasketa-bidaian sartuta dago. Irailaren 18tik 20ra arteko hiru eguneko bidaia horretan, hainbat bisita instituzional egin, eta harremanak izango dituzte euskal gizartearekin, EAEko politika publikoetan genero ikuspegia txertatzeko dauden praktika onak lehen eskutik zein diren jakiteko. EAEko udalek berdintasuneko politikak bultzatzeko egin duten lana erakutsiko dute, gaur egun Europa osoan ereduzkoak diren sareak aurkeztuz, adibidez, Basqueskola eta EAEko udaletako berdintasun-teknikariei zuzendutako Berdinsarea.

Atzo Eusko Jaurlaritzarekin lehen kontaktuak izan ondoren, asteazken honetan, Tunisiako ordezkaritza Basqueskolako emakume hautetsiekin bilduko da, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, EUDELek Bilbon duen egoitzan. Bilera horretan, Emakunderen zuzendari Izaskun Landaidak ere parte hartuko du.

Ikasketa-bidaiari amaiera emateko, bihar, ostegunean, bi bilera izango dituzte Donostian. Lehenik, ordezkaritza Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkariekin bilduko da, eta, horren ondoren, Donostiako Emakumeen Etxera joango da, Berdintasunaren aldeko EAEko Udalen Sareak, Berdinsareak, duen funtzionamenduaren berri izateko. Berdinsarea udal-teknikariek eratzen dute, eta EUDELek eta Emakundek koordinatzen dute elkarrekin.