EAEko Lurzoru eta Hirigintzako ekainaren 30eko 2/2006 Legea garatzeko asmoz (200. artikulua), 2012ko abenduaren 13ko EHAAn egoitza-erabilerako eraikinen aldizkako ikuskaritza arautzen duen Dekretua argitaratu da (EIT). Xedapen honekin, egoitza-eraikinen jabe ia guztiak derrigortuta egongo dira, EAEko udalerri guztietan eta berrogeita hamar urtetik gorako antzinatasuna duten kasuetan, hamar urterik behin aldizkako ikuskaritza enkargatzeko eskumeneko teknikari bati, eraikinaren kontserbazio-egoera zehazteko.
Dekretuak zenbait eranskin ditu; modu horretan, teknikariek ikuskaritza horietan erabili beharko dituzten agiri teknikoei balio administratiboa ematen dieten dokumentuak zehaztuta geratzen dira, eta, horrela, eraikinen egoera egiaztatuko da, egiturari dagokionez eraikinak daukan kontserbazio, segurtasun, estankotasun eta sendotasun baldintzak betetzen direla bermatu ahal izateko. Dagokion irizpen teknikoak zehaztuko du zein motatako lanak edo esku-hartzeak egin beharko dituzten titularrek .
Ikuskaritza Teknikoen Erregistroa
Udalek, administrazio gisa, eraikinaren aldizkako ikuskaritzei buruzko txosten teknikoak erakusteko eskatu ahal izango diete jabeei; gainera, EAEko Administrazio Orokorrak babesa eman beharko du, ikuskaritza-erregimena behar den bezala bete dadin. Dekretuak dioenez, Ikuskaritza Teknikoen Erregistroa sortzeko asmoa dago; bertan, txostenen edukia jasoko da, ikuskatu diren eraikinen fitxekin eta beraien aurkezpen-datarekin.
EITen betearazpen ordenatua planifikatu ahal izateko, Dekretuak (lehenengo xedapen gehigarria) erreferentziako egutegia finkatu du. Hain zuzen ere, egutegi hori udal programaziorik ez dagoenean erabiliko da.