Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak urriko bilera egin du ostiralean, eta, bertan, lurralde bakoitzeko udaletako hiru ordezkari berrik parte hartu dute: Vitoria-Gasteizko alkate eta EUDELen elkarteburu Gorka Urtaranek, Azpeitiko alkate eta elkarteburuorde Nagore Alkortak eta Gordexolako alkate Ángela Eguiak.

EUDELen elkarteburu berriak positibotzat jo du Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta udalek organo erabakitzaile gorenean lortutako adostasuna, herrialdeko baliabideak banatzeko: “Arrisku partekatuaren printzipioari eragin gabe, hiru erakunde-mailok erabaki dugu udalok zenbait aurreikuspen hartuko ditugula erreferentzia gisa, agintaldiaren lehenengo aurrekontuak prestatzeko”.
Ildo horretatik, Gorka Urtaranek honako hau adierazi du: “Erakunde arteko Kontseilu honetan udalek hitzarekin eta botoarekin parte hartzea oso garrantzitsua da. Informazioa oso baliotsua da agintaldiaren aurrekontuak prestatzeko, bi gakotan oinarrituta: gizarte-sentsibilizazioan, gure herritarren beharrizanei erantzuteko, eta zorroztasun eta gardentasunean, kontuen berri modu garbian emateko.”
Bileraren ostean egindako agerraldian, EUDELen elkarteburuak gogorarazi du udal bakoitzari egin beharreko konturako entregei buruzko datu zehatzak aditzera emango direla Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian hurrengo egunetan egingo diren Finantzen Lurralde Kontseiluen bileretan. Lurralde Kontseiluak topaketa-foroak dira, eta, bertan, lurralde bakoitzeko udaletako eta Foru Aldundietako ordezkariek xehetasun handiagoz aztertuko dituzte udalerri bakoitzeko datuak, banan-banan. Horrek ahalbidetuko du modu zehatzago batean baloratzea tokiko mailako egoera, Tokiko Finantzaketako Foru Funtsetako likidazioari dagokionez (TEFFF, Araban; UFFF, Gipuzkoan; eta Udalkutxa, Bizkaian).
Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak 2019ko urrian hartutako erabakiak
Urte honetarako hitzartutako tributu bidezko bilketaren itxierarako aurreikuspenak 15.386,1 milioi eurokoak dira, hau da, 120,7 milioi euro gehiago 2019an bildutako aurrekontuaren aldean (+% 0,8).
Horrez gainera, aurreikusita dago Foru Aldundiek 15.767,8 milioi euro bilduko dituztela 2020an, tributu itundun gisa. Horrek esan nahi du % 2,5eko igoera izango dela, 2019rako aurreikusitako itxierarako bilketaren aldean. Termino absolutuetan, horrek esan nahi du 382 milioi euro gehiago izango direla, 2019ko itxierarako aurreikuspenen aldean.
