Eudel

Lehengo ikasturtean, 18.000 lagunek euskara ikasi zuten lurralde honetako 66 euskaltegi publiko eta pribatuen sare osoan.

Bilbon, 2014ko irailak 17. Bizkaiko Foru Aldundiak, EUDELek eta lurralde honetako euskaltegi publiko eta pribatuen sareek abian jarri dute «Zatoz euskarara» kanpaina. Haren xedea 2014-2015eko hurrengo ikasturtean euskaltegi sare osoan helduen matrikulazioa sustatzea da. Gainera, kanpaina honekin, Bizkaiko ikasleak eta elkarte euskaltzaleak gonbidatu nahi dituzte euskara eguneroko bizimoduan eta gizartearen edozein alorretan erabiltzera.

Kanpaina gaur goizean aurkeztu dute Bilboko EUDELeko egoitzan Josune Ariztondo Kulturako Foru Sailburuak eta Imanol Landa Getxoko Alkateak, biak EUDELen izenean. Haiekin batera, Bizkaiko euskaltegi publiko eta pribatuen ordezkari bi egon dira.

Imanol Landa EUDELeko ordezkariak herri-erakundeen arteko ahaleginak batzeak daukan garrantzia gogora ekarri zuen. Izan ere, batik bat, Bizkaiko udalentzat euskaltegietan matrikulatzeko kanpainak sustatzen jarraitzea garrantzizkoa eta beharrezkoa da. “Euskararekin dugun konpromisoa irmoa da eta helduen euskalduntzea funtsezko gakoa da euskara normalizatzeko prozesuan. Gainera, euskaltegi publiko zein pribatuen sare osoa sostengatzen lagundu behar dugu, orain arte egin den bezala”.

Ildo horretan, Imanol Landak herritarrak bultzatu zituen gaur egun Bizkaiko eskaintza zabala osatzen duten euskaltegietara hurbiltzera: “herritarrak animatu nahi ditut euskaltegi batera joatera eta horretan matrikula egitera. Ez dira damutuko. Leloak dioenez: Zatoz euskarara“.

Aldundiaz eta EUDELez gain, Alkarbide topaguneak honako ekimen hau sustatzen du. Bertan batzen dira Bizkaiko euskara-zerbitzu guztiak eta helduen euskalduntzean inplikatutako eragileak.

Izan ere, “Zatoz euskarara” kanpainaren bidez Bizkaian bizi eta euskara ezagutzen ez duten edo euskalduntzen dabiltzan helduen artean euskara sustatzeko asmoa dago. Multzo horretan 700.000 lagun daude.

Euskararen irakaskuntzaren eskaintza Bizkaian

Bizkaiak euskaltegi publiko zein pribatuen sare oparoa dau. Hala, sare publikoa 21 udal euskaltegiz osatuta dago, oro har, Bizkaiko herri populatuenetan banatuta. Sare pribatua, berriz, 45 euskaltegiz osatuta dago eta eskaintza joriena Bilbon metatzen den arren, Bizkaiko herri gehientsuenetan ematen dute zerbitzua.

2012-2013 ikasturtean, ia 18.000 ikasle aritu ziren euskara ikasten Bizkaiko euskaltegietan (33.000 EAEkoetan). Horietatik % 30 inguruk (% 27 EAEn) euskaltegi publikoetan ikasi zuten eta % 70ek (% 73 EAEn) euskaltegi pribatuetan.

Guztira, aipatutako ikasturtean, 4.026.743 ikasle-ordu eta 351.462 talde-ordu eman ziren gure lurraldean. Bestetik, datorren ikasturteko matrikulazio datuei begiratuta (matrikulazio-aldia ez da amaitu), esan dezakegu helduen euskalduntzearen inguruko datuak oso-oso antzekoak izango direla amaitu den ikasturtearekin alderatuta.

Informazio gehiago: alkarbide@bizkaia.net