Eudel
  • Uztailaren 20an, 21ean eta 22an, Armeniako hamahiru udalerritako hogei bat lagunez osaturiko ordezkaritza izango dugu Euskadin, EUDELekin eta zenbait udalekin batera azterketa bisita bat egiteko.
  • Bisita Europako Kontseiluak antolatu du, Armeniako tokiko agintarien interesei erantzunez, Euskadiko udalek Gobernantza egokiaren alde egiten duten lana bertatik bertara ezagutzeko, etika publikoa, gardentasuna eta herritarren parte-hartzea bezalako gaietan, besteak beste.

Bilbon, 2016ko uztailaren 19an. Datozen egunotan, uztailaren 20an, 21ean eta 22an, Armeniako alkate eta tokiko ordezkari talde bat izango dugu bisitan, Europako Kontseiluaren babespean, Euskadiko udalek Tokiko Gobernantza Egokiaren alorrean gauzatzen dituzten kudeaketa-eremu desberdinei buruzko esperientziak ezagutu eta informazioa biltzeko asmoz. Arrigorriaga, Amurrio, Basauri, Galdakao eta Getxoko udalen kasuak aztertuko dira, bai eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena ere.

Etika publikoa, gardentasuna eta herritarren parte-hartzea bezalako eremuak lehentasunezko ardatz estrategikoak dira EAEko udalentzat, eta, beraz, baita EUDELentzat berarentzat ere. Joan den legegintzalditik, izan ere, lankidetzarako zenbait ekimen sustatzen dihardute, hala nola, Gardentasunaren aldeko udalen Sarea edota tokiko ordezkarien Jokabide Kodea.

Armeniako ordezkaritza, zehazki, 10 alkatek eta tokiko beste horrenbeste ordezkarik osatzen dute, eta 40.000 eta 1.000 biztanle arteko 13 herri eta hiri armeniarretatik datoz. Datu hori bat dator Euskadiko udalen batezbestekoarekin, udalen ia %60 baita 2.000 biztanletik beherakoa.

EUDEL ari da Armeniako ordezkaritzaren Euskadiko egonaldia koordinatzeko lanetan. Aipatutako hiru egun horietan (uztailak 20, 21 eta 22), zenbait bisita tekniko eta elkartrukerako saioak antolatu dira Euskadiko udalekin nahiz bestelako erakundeekin.

ARMENIARREN AZTERKETA BISITAREN EGITARAUA

Asteazkena, hilak 20:

09:30-11:30. EUDELen Bilboko egoitza. Euskadiko udalen esperientzia herritarren parte-hartzean (udal aurrekontuak, hirigintzako antolamendua, ‘Auzobegiraleak’).  Parte-hartzaileak: Amurrio, Basauri eta Galdakao.

12:00. Bisita Getxoko Udalera. Esperientzia: Gardentasun-ataria eta gobernu irekia.

Osteguna, hilak 21

09:30-11:30. EUDELen Bilboko egoitza. EUDEL- Euskadiko Udalen Elkartearen egitekoa eta funtzioak. Udalen arteko lankidetza-proiektuak: Gardentasun Sarea, tokiko berrikuntza agendak eta herritarren arretarako zerbitzuak (HAZ).

13:00. Bisita Gipuzkoa Foru Aldundira.  Etika publikorako, integritaterako eta gobernu egokirako foru estrategia.

Ostirala, hilak 22

09:00. EUDELen egoitzan. Bilbao Metropoli-30 Fundazioa. Bilboren hiri-eraldaketaren aurkezpena.

10:30. Bisita Basauriko Udalera. Herritarren Arreta Zerbitzua-.HAZ

12:30. Bisita Arrigorriagako Udalera. Udalaren antolaketarako formula berritzaileak – Herritarren Arretarako Zerbitzua (HAZ).

Europako Kontseiluak tokiko europar gobernuei laguntza, euskarri teknikoa eta laguntasuna emateko zenbait egitarau edo programa-ildo desberdin ditu.  Egitarau horien baitan, aldian-aldian, azterketarako eta informazio-trukerako bisitak antolatzen dira herrialde eta eskualde desberdinetako udalerrien artean, horien errealitatea eta bizi duten esperientzia bertatik bertara ezagutzeko.  *Europako Kontseilua 47 estatukidek osatzen dute, eta Armenia da horietako bat.

www.eudel.eus