Eudel

Gaur goizean, EUDELen elkarteburu eta Getxoko alkate Imanol Landak Deustuko Unibertsitatean Agintzari kooperatibak antolatutako “Erresilientziarako Komunitateak” delako Gizarteratzen II. Jardunaldien inaugurazioan hartu du parte. Agintzari kooperatibak 25. urteurrena ospatzen du aurten.

Euskadiko Udalen Elkarteko ordezkaria Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Angel Toñarekin, Bizkaiko Foru Aldundiko Administraziorako eta Gizarte Sustapenerako zuzendari Gabin Azaolarekin eta Agintzariko zuzendari nagusia, Mikel Gorostizagarekin batera egon da mahaian.

Aurten 300 pertsona bertaratu dira topaketara. Gai nagusia ahultasuna prebenitzeko sare erkidea izan da, babeserako faktore gisa. Udalen izenean, Imanol Landak gizarte-laneko profesional guztiek egiten eta lehen mailako arretarekin udalek eskaintzen duten (oinarrizko gizarte zerbitzuak) “prebentzioko funtsezko lana” balioetsi nahi izan du, “hurbiltasunetik eta pertsonekiko loturaren bidez”. Era berean, hirugarren sektoreko gainerako erakundeek egindakoa ere nabarmendu du.

EUDELen elkarteburuak azken hamarkadetan gizarte eta komunitateko arretan lortutako aurrerapenak azpimarratu ditu; horrez gain, esan du udalak izan direla gizarte-zerbitzuak pertsonen ohiko ingurura hurbildu dituzten lehenengoak, babes, laguntza eta eguneroko beharrekiko hurbiltasun handiagoa eskainiz.

“Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Sistema osoak egindako lanak izugarrizko balioa eta meritua dauka, jarduten dugun testuingurua kontuan hartuz gero, Zorroari buruzko Dekretua onartu zenetik erronka eta desafio handiak izan baititugu. Lurralde eta udalerri bakoitzean gizarte zerbitzuak egoteak instituzioen eta hirugarren sektoreko erakunde eta elkarte guztien arteko inplikazioa eta ahaleginen batura eskatzen du”.

Imanol Landa, EUDELen elkarteburua.

Informazio gehiago:http://gizarteratzen.agintzari.com/jornada/