- Emakundek, EUDELek eta hiru Foru Aldundiek bultzatuta, Beldur Barik 2016 programaren amaiera ospatuko da azaroaren 26ko Topaketan.
Urtero legez, erakunde guztietako ordezkariak gaur goizeko prentsaurrekoan bildu dira programaren amaierako ekitaldia aurkezteko (Topaketa), Azaroaren 25a – Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Eguna dela eta. Bildutako ordezkariek dei bateratua egin dute puntu lila erabiltzeko, indarkeria mota hau gaitzesten duen sinbolo bezala. Ikurra publikoki erakusteak oinarrian emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza duen indarkeriaren aurkako konpromiso aktiboa agertzea suposatzen du.
2016eko Beldur Barik Topaketa Urdulizen (Uribe-Kosta) ospatuko da azaroaren 26ean, larunbat arratsaldean. Jaiak balioko du urte osoan zehar, euskal geografia osotik gazteekin garatutako lanari amaiera emateko. Topaketan Beldur Barik Ikus-entzunezko lehiaketaren (12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa) sariak banatuko dira. Ezberdintasun egoerei aurre egite aldera, errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzukidetasunean eta indarkeria sexistaren ukapen irmoan oinarritutako jarreren ikus-entzunezko adierazpenak saritzen dira.
EUDELen aldetik, Berangoko Alkate eta Uribe-Kostako Mankomunitateko Lehendakari Maria Isabel Landak eskerrak eman dizkie erakunde antolatzaileei ekitaldiaren aurtengo herri anfitrioi gisa Urduliz aukeratu delako. Alkateak nabarmendu du zeinen garrantzitsuak diren tokiko prozesuek eta udalen ekimenak “berdintasuna udalerrietan eraikitzen da, tokiko bizitzan. Eta erakunde hurbilenak diren neurrian, tokiko gobernuetatik daukagun konpromisoa egunerokoa da.”
“Adibidea berton dugu, Uribe-Kostako Mankomunitatean eta berau osatzen duten udaletan. Berdintasun Zerbitzuaren bitartez, 2009tik ari gara Beldur Barik programa lantzen eta bultzatzen. Batez ere, hezkuntza zentroekin gabiltza elkarlanean, Lehen Hezkuntzakoekin zein Bigarren Hezkuntzakoekin, bai halaber udalerri guztietako gazteentzako gizarte-guneekin.” azaldu du..
Beldur Barik programa, gazteekin batera, indarkeria sexista prebenitzeko helburua duen urteroko programa da. 2009an jarri zen abian Emakundek eta EUDELek bultzatuta, Berdinsarea- Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskadiko Udalen Sarea-ren esparruan. Egun, Emakundek bultzatzen du eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien, zein EUDELen babesa eta finantzaketa jasotzen ditu. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta EITBren laguntza du.
Programak gazteei indarkeria sexista identifikatzeko eta horiei Beldur Barik Jarrerarekin aurre egiteko tresnak eskaintzen dizkie.
Tokiko ekimenak udalerrietan
Edizio honetan 341 izan dira aurkeztutako lanak, 69 udalerritakoak. Horietatik 246 lehen kategoriakoak dira, 12 eta 17 urte bitartekoena. Bigarren kategoriari dagokionez, 18 eta 26 urte bitartekoa, 95 lan aurkeztu dira. Kategoria bakoitzeko bi sari banatuko dira: 500 euroko lehen saria eta 300 euroko aipamen berezia. Horietaz gain, beste bi sari ere banatuko dira. Beldur Bariken webgunean egingo den herri-bozkaketarekin herria-saria aukeratuko da eta 300 euroko saria jasoko du. Eta, aurten ere, pasa den urtean lehenengo aldiz egin zen bezala, ikus-entzunezko ekoizpen onena baloratuko da 300 euroko sariarekin. Era berean, nabarmentzekoa da tokian-tokiko Beldur Barik lehiaketa ugari antolatu direla (Beldur Barik webgunean Lehiaketa Lokalei buruzko informazioa eskuragai: http://beldurbarik.org/category/lehiaketa-lokalak-2016/).
Uribe-Kosta, Beldur Barik Herria
Azaroaren 26an Urdulizen (Uribe-Kosta) ospatuko den topaketan, eztabaidak, formazio tailerrak eta ikuskizun ugari ospatuko dira. Tailerrak eta sari-banaketa Urdulizeko Kultur Etxean gauzatuko dira. Doaneko autobusak erraztuko dira publikoa hiru probintzietatik inolako arazorik gabe hurbildu eta bueltatu ahal izateko.
Honako hauek dira programatutako ekintzak:
- 16:30-17:00 Ongi etorria, autobusen helduera Kultur Etxera.
- 17:00-19:00 Tailerrak (Autodefentsa feminista, Perkusioaren boterea, Gorputzak Orekan, Genitarte, Deshalduntzerako Clown tailerra mutilentzat: Galtzen ikasi, Zer dakizu sexuari buruz? 1, 2, 3… 3 ligatzeko 3 pausu eta Mezua eraldatu eta Beldur Barik abestu!
- 19:15-19:30 Performance
- 19:30-20:00 Lunch
- 20:00-21:45 Sari banaketa.
- 21:45 Autobusen irteera Urdulizetik.
