Eudel

Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Lantaldeak bilera egin du gaur, asteazkena, Gizarte Zerbitzuei buruzko Legea eraginkortasunez garatzeko aurrerapausoak emateko, eta urte amaierara arte landu beharreko ildoak ezarri ditu.

Bilbon, 2017ko maiatzaren 24an. Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Lantaldea berriro bildu da gaur, asteazkena, lurraldean gizarte-zerbitzuen mapa eta zorroa zabaltzeko benetan egin diren aurrerapenak aztertzeko. Gizarte Zerbitzuei buruzko 2008ko Legeak aitortutako eskubide subjektiboa gure lurraldean modu eraginkorrean hedatzeko tresna bat da lantalde hori, non Aldundiak eta lurralde historikoko udalek elkarrekin batera lan egiten duten.

Erakundeen arteko lankidetzarako organo honen bileran Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saileko eta Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko ordezkariak izan dira, baita EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteko ordezkariak ere, udalen izenean.

Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Lantaldeak 2017. urtean Aparteko Funtsa banatzeko proposamena onartu du gaurko bileran, eta Finantzetako Lurralde Kontseiluari aurkeztuko zaio. Proposamen horren arabera, funtsa EUDELen eta Foru Aldundiaren artean banatuko da, erdi bana (% 50 bakoitzari), eta, udalei dagokienez, aurreko ekitaldiko irizpideen ildotik, proposamena da 2016an erabilitako irizpide hauen arabera banatzea: 65 urtetik gorako biztanleak, mendetasuna dutenei arreta emateko zerbitzuetarako, eta 18 urtetik gorako biztanleak, bazterkeria-egoeran daudenei laguntzeko.

Bileran, Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Mapa benetan hedatzeko abiarazitako lan-ildoen barruan, azken ekitaldian egindako jarduketen balantzea egin da. Besteak beste, nabarmentzekoa da EUDELek eta  Bizkaiko Foru Aldundiak apirilean onartu zuten esparru-akordioa, Bizkaiko udal titulartasuneko egoitzei dagokienez erakunde bien artean lankidetzan aritzeko.

Gaurko bileran, hurrengo hilabeteetarako lan-ildoak zehaztu dira, gizarte-zerbitzuen zorroan jasotako zerbitzuak hedatzeko lanari beste bultzada bat emateko, erakundeen arteko adostasunetik abiatuta.