EUDELek eta Emakundek “Virginia Woolf Basqueskola” sarearen 2019-2023 agintaldi berrirako estrategia aurkeztu dute.
Berrikuntza gisa, Estatuko udaletako emakume hautetsientzako lehendabiziko “mentoring” esperientzia sustatuko da. Emakume alkate eta zinegotzi beteranoek berriak gidatuko dituzte udaletako lan politikoan.
Getxon, 2019ko urriaren 21ean. Gaur arratsaldean, 17:00etatik aurrera, Getxoko Kultur Etxean Bizkaiko emakume hautetsien arteko legegintzaldiaren lehenengo topaketa egingo da. Hitzordu honetara lurraldeko udalerri guztietako emakume alkate eta zinegotziak deitu dituzte, EUDELek eta Emakundek sustatutako “Virgina Woolf Basqueskola” sarearen estrategia berriaren barruan.
Maiatzaren 26ko udal hauteskundeen ostean, emakume hautetsien ordezkaritzaren ehunekoa % 46,13ra arte igo da, hau da, aurreko legegintzaldian baino % 4,63 gehiago. Bizkaiko udaletan 579 emakume dira, 1.235 hautetsiren artean, eta 32 emakume alkate daude 112 udalerrietan. EAEn, alkate diren emakumeen ehunekoa % 4,1 igo da 2015ekin alderatuta; 74 emakume dira tokiko gobernuetan. Hala ere, oraindik euskal alkatetzen % 30 baino gutxiago dira.

Getxoko alkate Amaia Aguirrek hauxe adierazi die Bizkaiko emakume hautetsiei, EUDELen izenean, sarean parte hartzera gonbidatzeko: “Emakume hautetsi bezala, udalen etapa berri honetan geure “gela propioa” elkarrekin sortzeko gaude hemen. Gero eta emakume gehiago gara udal politikan, eta eragin handiagoa izateko batu behar gara”. Amaia Aguirrek “neurrira egindako lidergoa” diseinatzeko eskatu die bere kideei, hizkuntza eta diskurtso propioa duena, “elkarrekiko agenda batekin, gure herritarrak eta, batez ere, emakumeak eta euren kolektiboak kezkatzen dituzten gaietara hurbiltzeko”. Zentzu horretan, adierazi du “emakumeek gobernatzea beharrezkoa dela, emakumeak aintzat hartzeko tokiko bizitzan eta gizarte osoan”.
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak emakume hautetsien sare hori hain beharrezkoa egiten duten arrazoiak azaldu ditu: ”botere-egiturak eta -espazioak funtsean gizonek eta gizonentzat pentsatuta daudela oraindik ere, androzentrikoak dira, besteak beste, espazio hori emakumeentzat debekatua izan delako luzaroan, eta, horren ondorioz, emakumeek zailtasunak izaten dituzte beren zereginaren jardunean, eta zailtasun horiek gehitzen zaizkie erantzukizun-kargu bati, hala nola udalerriko alkate- edo zinegotzi-karguari. Basqueskolak egoera horri aurre egiten jarraitu nahi du datozen urteetan ahalduntzearen bidez, emakumeen partaidetza soziopolitikoa bultzatzeko funtsezko tresna gisa” adierazi du Izaskun Landaidak.
Gaurko jardunaldian, emakume hautetsiek Harrera Eskuliburu bat jasoko dute gida edo jarraibide bezala, non emakume hautetsiek beraiek erronka berrietan hasi berri diren kideei laguntzeko alderdi praktikoak identifikatzen dituzten. Horien artean: denboraren kudeaketa eta kontziliazioa, lidergo propioaren garapena, komunikazioa, berdintasun politikak transbertsalizatzeko modua edo kolaborazio politiko-teknikoa.
Esperientzia pilotu eta berritzailea: mentoring Euskadiko emakume hautetsientzat
Estatu mailan esperientzia berritzailea den heinean, Basqueskolak aurten mentoring programa pilotu bat egingo du tokiko emakume hautetsientzat. Euskal ekimen hau Europa mailan arrakasta izan duten abangoardiako beste praktika batzuetan oinarritzen da, hala nola Emakumeen lobby europarra, Europako Parlamentuan hautagai diren emakumeena edo Norvegia eta Danimarkako politika nordikoek sustatutako Forum 50% programa.
Basqueskolako kontseilari taldea emakume hautetsi boluntarioez osatuta egongo da; horietako batzuk aktiboan daude eta beste batzuek dagoeneko udal politika utzi dute. Horrela iragarri dute Bizkaiko ordezkariek: Maite Etxebarria, Abanto-Zierbenako alkatea, Leioa eta Bermeoko alkate ohiak, Mª Carmen Urbieta eta Idurre Bideguren, Barakaldo, Galdakao, Getxo, Gernika, Sondika, Urduliz eta Zamudioko zinegotziekin batera.
Kontseilariek nork bere udalerrian esperientzia eta ibilbide ezberdinak dituzte, gobernuan eta oposizioan, baina helburu berdin baten alde lan egiten dute: lehendabiziko aldiz politikan jardungo duten emakumeei laguntzea, euren kargu berriko egokitze, ahalduntze eta lidergo prozesuetan.
Parte-hartzaile bikote bakoitzak (aholkularia eta aholkatua) komunikatzeko bideak adostuko ditu, baita urteko bileren egutegia ere –aurrez aurre zein on line egingo dira–. Kontseilariek aholkuak, informazioa eta esperientzia propioa partekatuko dituzte iritsi berri diren kideekin, ikasketa eta indartze kolektiboan laguntzeko.
Zer da VWBasqueskola
Virginia Woolf Basqueskolaren helburua da EAEko emakume hautetsien eragin politikoa indartzea, ahalduntze kolektiborako tresnak eskainiz eta aliatuen sare bat sortuz, euskal udalerrietan berdintasun eraginkorra lortzen lagunduko duten aldaketak sortzeko.
Basqueskola erronkak eta, batez ere, emakume bezala politikan partekatzen duten elkarrekiko agenda mahai gainean jartzeko aukera ematen duen espazio propioa da. Herritar gisa politikan parte hartzeko eskubidea gauzatzetik haratago, emakume hautetsiek politika egiteko eta politikan egoteko modu berriak proposatu nahi dituzte. Testuingurua aldatzeko eta gure udalerrietan eragiteko beharrezkoak diren baldintzak aldatzeko lanean ari gara, pertsona guztiek bizitza askeago, justuago eta berdinzaleagoak izateko.
Sareari eta bere jarduerari buruzko informazio osoa VWBASQUESKOLAren webgune ofizialean dago eskuragarri: http://www.virginiawoolfbasqueskola.eus/