Bilbo, abenduaren 23a. EUDELen elkarteburu eta Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek “Beti on” Telelaguntza Zerbitzuko Call centerrean hartu du parte, gaur goizean, Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan den jardunaldi irekian. Eguberri zoriontzeko gaurko jardunaldian Batzorde Eragilearen kide Aitziber Olibanekin eta Mikel Torres, Erandioko eta Portugaleteko alkateak parte hartu dute, bai eta beste alkateekin batera ere: Aia, Nekane Arrizabalaga, Arrasate/Mondragón, Maria Ubarretxena, Arrigorriaga, Maite Ibarra, Barakaldo, Amaia del Campo, Bilbao, Juan Mari Aburto, Elorrio, Idoia Buruaga, Laudio, Ander Añibarro, eta Zarautz, Xabier Txurruka.
11:00etatik aurrera, Beti Oneko teleoperadoreekin aritu dira alkateak lanean, eta, hala, erabiltzaileen deiei erantzun diete. Bide batez, unea aprobetxatu dute beren udalerrietako herritar nagusiei Gabon zoriontsuak opatzeko. Euskadiko udalek pertsona nagusien segurtasunarekiko, ongizatearekiko eta bizi-kalitatearekiko konpromisoa dute.
Gorka Urtaranekzahartzearen erronka aipatu du, bai eta belaunaldien arteko elkarbizitza ere; azken horren harira, hau esan du: “gizarte osoari dagokion erronka da. Bakartasuna arazoa da eta horri aurre egiteko, ikusgarritasun handiagoa eman behar zaio”. Alkate eta elkarteburuak zera baloratu du: “gertuen dagoen inguruko laguntza-sarea, hau da, instituzioetatik, gizarte-erakundeetatik eta herritarrengandik beraiengandik, bakarrik bizi direnei laguntza emateko”. Ildo horretatik, Urtaranek azaldu du udalek “enbaxadoreak” izan behar dutela, bai eta “BetiON zerbitzura sartzeko atea” ere.
“Beti on” Zerbitzua

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru duten eta Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak antolatutako Jardunaldi Irekietan egin da ekintza hori. Jardunaldian, EAEko hainbat udalerritako adineko 15 pertsonek osatutako talde baten anfitrioi gisa jardun du sailburu Beatriz Artolazabalek; hain zuzen ere, gonbidapena egin zaie pertsona horiei, Bilboko San Inazio auzoko Aragoi kalean dauden Beti onen instalazioak ezagutu ditzaten.
“Beti on zerbitzu hau erabiltzen duzuen pertsonen belaunaldiak gure ahalegin eta dedikazio osoak merezi dituzue”, esan die Lehendakariak, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak kudeatzen duen zerbitzu honen hogei bat erabiltzaileri.
Urkullu Lehendakariak eta Beatriz Artolazabal sailburuak nabarmendu dute telelaguntzak –botoi gorridun alarma-domina– hiru euskal lurralde historikoetan, dagoeneko, 55.000 onuradun dituela.
Lehendakariak eta agintariek pertsona horiek zoriondu dituzte, eta, gainera, zerbitzuak 2020. urteari begira izango dituen berrikuntzak ezagutu dituzten lehenengoak izan dira aipatutako erabiltzaileak.
“Gaur alkate-talde bat batu izanak gure erakundeen ahalegin koordinatua sinbolizatzen du; izan ere, Beti on zerbitzura jotzeko atea oinarriko udal-mailako gizarte-zerbitzuak dira”, esan du sailburuak, amaitzeko.
Telelaguntza-zerbitzuaren ateak zabaltzeko eguna amaitzeko, Gabonetako kantak abestu ditu, bertaratutakoak ezustean harrapatu dituen kalitate eta tenore-ahots onarekin, Ander Añibarro Laudioko alkateak; “Hator, hator” kantarekin harrituta utzi du bertan batutako adinekoak.
Albiste osoa ikusi : https://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/59405-lehendakari-urkullu-muestra-orgulloso-del-servicio-vasco-teleasistencia