- Bizkaiko bost udalerritako bost emakume hautetsik, tokiko sensibilidade guztiak ordeztuz Martxoaren 8ko, Adierazpen Instituzionala irakurri dabe, EUDELek egina eta Bizkaiko Batzar Nagusiek sinatua.
- “ZAINTZAK BARDINTASUNEAN. Emakumeen eginkizuna pandemian eta Zainketen krisi globala” izenburupean, Euskadiko udalek adostutako Adierazpen horrek nabarmendu gura dau aurton emakumeek pandemiari eta horrek izan dituan ondorioei aurre egiteko burrukan egin daben ekarpena
- Hogei bat emakumek, funtsezko zerbitzuetako beharginen hainbat kolektiboren ordezkari moduan, Bizkaiko gizartearen aintzatespena jaso dabe pandemia honetan egindako lan nabarmenarengaitik.
Gernikako Batzar Etxean gaur egin dan Bizkaiko Emakume Hautetsien V. Asanbladak omenaldia egin deutse azken urtean pandemiari lehen lerroan aurre egin deutsien emakume beharginei. Hainbat lan-sektoretako ordezkari diran hemeretzi emakumek, Bizkaia osoaren aintzatespena jaso dabe. Emakume hautetsi eta omenduak helburu komun bategaz alkartu dira gaur: emakumeen eta gizonen arteko bardintasunean aurrera egitea.
Jai eta aldarrikapen giroan, Bizkaiko Batzar Nagusiek, Emakundegaz eta EUDELegaz (Euskal Udalerrien Elkartea) antolatu daben Batzarrak, pandemiaren egungo egoerak ezarten dauen eukiera arloko murrizketak izan ditu. omenduei Gernikako Arbolaren ondoan emon jake harrerea, horren ostean hemiziklo barruan alkartzeko. Beti Jai Alai taldeko emakume dantzariek, antxinako jantziakaz eta burukoakaz, hasierea eman deutsie ekitaldiari, Lekeitioko Emakumeen Aurreskuagaz, “adarraren”, orain mende batzuetatik hona Bizkaiko Batzarretako saioen hasierea markau dauen soinu tradizionalaren, soinua entzun aurretik.
Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak ondo etorriko berbetan adierazo dauenez, oso garrantzitsua da urteroko topaketa hau egitea “gure espazioa eskatzeko eta bardintasunean oinarritutako gizarte baten aldeko burrukea adierazoteko”, azken urte honetan, batez be. Izan be, pandemiak “osasun, ekonomia eta gizarte arloan” izan dituan ondorioek eragin handiagoa izan dabe emakumeengan, emakumeek “osasun arloko lanaren eta funtsezko zerbitzuen gainkargea” jasaten dabelako. Hori dala eta, Bizkaia osoak txalo beroa eskaini deutse gaur pandemiari egunero aurre egin deutsien “emakume behargin guztiei”. Euren lan barik, “ezin izango geunkeen bizirik urten bizi dogun larrialdi honetatik”, azpimarratu dau.
Horren ostean, Bizkaiko bost udalerritako bost emakume hautetsik, sensibilidade politiko guztiak ordeztuz (Angela Eguia Liñero, EUDELeko Batzorde Betearazleko ordezkaria eta Gordexolako alkatea, EAJ-PNVkoa; Maite Ibarra Goti, Arrigorriagako alkatea, EH Bildukoa; María José Blanco Gavieiro, Portugaleteko alkateordea, PSE-EEkoa; Paula Amieva Clemente, Getxoko zinegotzia, Elkarrekin Podemosekoa; eta Natalia Aranduy Zuazagoitia, Getxoko zinegotzia, Alderdi Popularrekoa), Emakumeen Nazinoarteko Eguneko, Martxoaren 8ko, Adierazpen Instituzionala irakurri dabe, EUDELek (Euskadiko Udalen Elkarteak) egina eta Bizkaiko Batzar Nagusiek sinatua.
“ZAINTZAK BARDINTASUNEAN. Emakumeen eginkizuna pandemian eta Zainketen krisi globala” izenburupean, Euskadiko udalek adostutako Adierazpen horrek nabarmendu gura dau aurton emakumeek pandemiari eta horrek izan dituan ondorioei aurre egiteko burrukan egin daben ekarpena autortu behar dala; izan be, ”zaintzak emakumeek emon ditue, bai zerbitzu publikoetan (osasuna, hezkuntza, gizarte-zerbitzuak, merkataritza eta elikadura…) bai etxe barruan be, gehienbat hareek arduratu diralako osasun- eta gizarte-krisi honetan funtsezkoak izan diran zerbitzu asko eta asko emoteaz”. (Ikusi adierazpen osoa erantsitako dokumentuan).
BERBALDIA, OMENALDIA ETA IPARRAGIRREREN GITARREA
Idazkia alkarregaz irakurri ostean, Mertxe Larrañaga Sarriegui ekonomian doktore eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ekonomia eta Enpresa Fakultadeko irakasleak hartu dau berbea, eta krisiek generoaren arloan daukien eragin desbardinaren ganeko bere ikuspegia emon dau. Bere berbak hitzaurre hunkigarriena izan dira. 19 emakumek, beste hainbeste kolektiboren ordezkari moduan (osasun arloko eta supermerkatuetako beharginak, suhiltzaileak, abeltzainak, farmazialariak, ikertzaileak, garbitzaileak, irakasleak, informatikariak, ertzainak, udaltzainak, garraio publikoko gidariak, garraiolariak, kazetariak eta hirugarren sektoreko ordezkariak), oroitzapen berezi bat jaso dabe pandemia honetan behar egin daben emakume guztien omenez. Euskal Herriaren historia sinbolizetan dauen haretx-hosto bat daukan orratz bat.
Ekitaldia amaitzeko, Silvia Gutiérrez Ortega kontzertu-emoileak eta Bilboko Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioko gitarra irakasleak “Gernikako Arbola” interpretau dau, eta Iparragirreren musika-tresna erabili dau Urretxuko bardoaren notak eta bertsoak erreproduzitzeko. Omenduek argazkia atera ahal izan dabe Gernikako Arbolaren ondoan.
Alderdi politiko nagusien ordezkari moduan, honeek hartu dabe parte saioan: Itxaso Atutxa Atutxa (EAJ/PNV), Jasone Agirre Garitaonandia (EH Bildu), María Guijarro Ceballos (PSE-EE), Miren Gorrotxategi Azurmendi (Elkarrekin Podemos) eta Raquel González Díez (PP).
Gernikako ekitaldian honeek be egon dira: Izaskun Landaida Larizgoitia Emakundeko zuzendaria; Foru Gobernuko ordezkaritza zabala, Ibone Bengoetxea, Elena Unzueta, Teresa Laespada, Lorea Bilbao eta Ainara Basurko (baieztatu), diputatuak buru dirala. Hareekaz batera, jarlekuetan egon dira, erdi beteta egon dan hemizikloan, kolore politiko guztietako emakume batzarkideak eta M8ko adierazpena irakurtzeko ardura euki daben EUDELeko ordezkariak. Lurraldeko ganerako tokiko agintariek streaming bidez jarraitu dabe batzarra, euren Udaletxeetatik, urruntze-neurrien ondorioz eukiera mugatua ezarri behar izan dalako.
OMENDUAK ORDENA ALFABETIKOAN
- AGUILAR GARCIA, THAIS (Supermerkatuko langilea)
- ALBIZU GALLASTEGI, OLAIA (Informatikoa)
- ARRUTI GARAIZAR, GARAZI (Suhiltzailea)
- AYALA MAZORRIAGA, LEIRE (Abeltzaina)
- ERAZO PRESSER, FLAVIA MARINA (Farmazialaria)
- García Etxaniz. Mari Jose (Erizaina)
- GAZTAMBIDE SÁENZ, SONIA (Ikerlaria)
- IRIBERRI PASCUAL, MILAGROS (Medikua)
- JUNCAY MOROCHO, MARIA (Mendekotasun egoeran dagozan personen zaintzailea)
- SANTOS BALSERA, INOCENCIA (Garbitzailea)
- LAISECA LARRIKETA, ANA (Irakaslea)
- LANDA MOÑUS, VICTORIA DE JESUS (ERTZAINA)
- MORAL GARCIA, EVA (UDALTZAINA)
- MARTÍNEZ MORENO, Patricia (Autobus gidaria)
- MURO BRETÓN, ARANTZA (Garraiolaria)
- LAUZIRIKA GOIRIGOLZARRI, NEKANE (Kazetaria)
- PALACIOS SAGARDUY, MARI LUZ (GURUTZE GORRIA)
- SOTO MANCEBO, JOANA (DYA)
- URBERUAGA BADIOLA, AMAIA (Elikagaien bankua)




