- Virginia Woolf BASQUESKOLA sareko emakumezko alkate eta zinegotziek lan-jardunaldi batean parte hartu dute gaur, Beijingo Emakumeen Biltzarretik hogeita bost urte igaro diren honetan.
- EUDELek eta Emakundek udaletako emakumezko hautetsiekin sustatutako prozesuaren barruan dago Donostian egindako topaketa. Helburua haien gaur egungo egoeraren diagnostikoa egitea eta Basqueskolaren Ekintza Planean 2023ra bitarteko erronka berriak ezartzea izan da.
2021eko irailaren 25ean. Euskal udalerrietako emakume hautetsiek gidatzen duten eta EUDELek eta Emakundek sustatzen duten BASQUESKOLA sareak “Emakumeak eta lidergoak” jardunaldia egin du gaur, Donostiako Udaletxeko bilkura-aretoan. Bertan, aztertu egin dute zer-nolako presentzia duten emakumeek tokiko erakundeetan, zein baldintzatan gauzatzen duten lidergoa eta zein berdintasun faltarekin egiten duten topo politikara iristeko bidean. “Gehiago gara eta elkarrekin egiten dugu lan, gure ahotsa ozen entzun dadin, euskal udaletatik, gizarte osoan. Gaur egun, oraindik ere, emakumeen parte-hartze politikoak berdintasunezko baldintzetan aurrera egin dezan dauden oztopoak identifikatu nahi ditugu, eta politikan aldatu beharrekoa aldatu nahi dugu eremu dibertsoagoa izan dadin, eta emakume belaunaldi berriak erakar ditzan, berdintasuna eraikitzen jarraitzeko”, azpimarratu du Ane Beitiak, Elgoibarko alkateak (EUDEL) eta Basqueskola sarearen ordezkaria.
Saioan emakumezko alkate eta zinegotziek bakarrik hartu dute parte, eta abiapuntua izango da Basqueskolak euskal tokiko politikan diharduten emakumeen lidergo eta aliantza berrien bide-orria diseina dezan. Topaketa munizipalista hau urtea bukatu bitartean egingo den hausnarketa- eta partaidetza-prozesu handinahi baten barruan dago, NBE Emakumeak-en Generation Equality Beijing +25 nazioarteko proiektuaren esparruan. Euskadin, Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak hauspotzen eta koordinatzen du ekimena, Emakumearen Euskal Erakundearen bidez. Beste urrats bat izango da udal-politikaren eremuan 2026ari begirako zenbait konpromiso eraldatzaile ezartzeko, Beijing +25 Berdintasunaren aldeko Euskal Konpromisoaren testuinguruan.
Ildo horretan, Emakundeko zuzendariak, Izaskun Landaidak, adierazi du Generation Equality ekimenaren bidez “gure herrialdearen eta hura osatzen duten eragile sozial, politiko eta ekonomikoen konpromisoa berpiztu nahi dugula berdintasunaren alde, eta, horretarako, Emakundek zuen esku jarriko du urratsez urrats egiteko ibilbide bat, gure herriaren errealitatera egokitutako bide-orri bat”. Landaidak zorionak eman dizkio emakumezko hautetsien sareari, ekimenarekin bat egiteagatik, eta gogorarazi du “berdintasuna talde-lana dela eta inork ezin duela konpromiso horretatik kanpo gelditu”. Haren iritziz, Generation Equalityrekin hasitako prozesu honen azken helburua “Euskadin gizartearen eta herritarren itun bat lortzea da, berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka; itun hori eraldatzailea izatea eta berdintasunaren eta gizarte bidezkoago baten aldeko sinergia geldiezinak eratzea nahi dugu”.
Jardunaldiko une garrantzitsuenetako bat Marina Subirats Martori soziologo eta filosofo feministaren hitzaldia izan da. Gaur egungo testuingurua aztertzeko zenbait gako eman ditu Subiratsek: “Helburua ez da gizonek egin dutena ezabatzea, hura osatzea eta hobetzea baizik, partekatu ahal izateko. Soziologo eta feministak nabarmendu duenez, “bi premia daude: zer aldatu nahi dugun eta nolakoak izan behar duten eskaintzen ditugun irtenbideek. Nola antolatuko garen politikaren mundu androzentrikoan, eta nola eraikiko ditugun emakumezkoen lidergoak, ezagutzen ditugun lidergo maskulinoen bestelakoak”, adierazi du Subiratsek.
Euskal emakumezko hautetsien lidergoaren egoera
Subiratsen hitzaldiaren ondoren, toki-hautetsien arteko truke-dinamika bat egin da, Beijingetik bi hamarkada igaro diren honetan Emakumeen Lidergoa udal-politikan zein egoeratan dagoen aztertzeko. Era berean, hurrengo urteetan garatu daitezkeen ekintzen aipamen bat egin da. Hori guztia Basqueskola sarearen ekintza-planean (2021-2023) jasoko da, haren lan-batzordeen bitartez: trebakuntza eta coaching-a, laguntza, emakumezko hautetsi berrien transferentzia eta harrera hurrengo udal-hauteskundeen ondoren.
Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluak (EUEK) ordezkaritza politikoari buruz egindako azken txostenak dioenez, euskal udalak emakume eta gizonen arteko oreka handiena duten toki-gobernuen artean daude, emakume hautetsiak % 46 baitira; aurretik, Islandia baino ez dago, (% 47), eta oso atzetik datoz Europako % 29ko batez bestekoa eta Espainiako Estatuko % 36koa.
Alkateei dagokienez ere europar batez bestekoa gainditzen du Euskadik, % 30 baitira emakumeak (76 emakumezko alkate, 251 udaletan); Europan, berriz, % 15ekoa da portzentajea. Horrenbestez, Euskadi emakumezko alkateen ehuneko handiena duten herrialdeen artean dago, Islandia, Suedia, Finlandia, Norvegia eta Suitzarekin batera.
Informazio gehiago: www.virginiawoolfbasqueskola.eus https://www.emakunde.euskadi.eus/sensibilizacion/-/beijing-igualdad/