Urriaren 3an, EUDELek Egonaldi Turistikoen gaineko Tokiko Zergaren aldeko iritzia helarazi zien Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiei. Horrela, erantzuna eman zion Ogasuneko hiru foru diputatuek batera egindako idazkiari, horren bidez, iritzia eskatu baitzioten Elkarteari, Tokiko Zerga horren Foru Arauaren aurreproiektuari lotutako zenbait alderdiri buruz. Zerga hori Foru Arau gisa izapidetuko da hiru lurralde historikoetako Batzar Nagusietan; ondoren, tokiko eremuan aplikatuko da, eta udal bakoitzak modulatu ahal izango du, udalerri bakoitzaren errealitatera egokitzeko.
Esther Apraizen adierazpenak
EUDELen ustez, neurri positiboa da, tokiko autonomia errespetatzen baitu eta aukera ematen baitie udalerriei zuzeneko itzulera ekonomikoa izateko, zerbitzu publikoak eta turismo-jardueraren kalitatea hobetzen jarraitzeko, bizilagunen eta bisitarien mesedetan. Esther Apraiz elkarteburuaren arabera, “EAEko udalentzat funtsezkoa zen zerga horrek tokiko izaera izatea. Jarduera turistikotik eratorritako diru-sarrerak gure herri eta hirietako zerbitzu eta azpiegituretara bideratuko dira, bizilagunen bizi-kalitatea eta gure herriak bisitatzen dituztenen esperientzia hobetzen jarraitzeko”.
Zehazki, EUDELen iritzia zergaren funtsezko hiru alderdiri buruzkoa da:
1.- Toki-izaera: EUDELek modu positiboan baloratzen du udalek biltzea zerga, modua ematen baitu jarduera ekonomiko baten diru-sarrerak udal-kutxetara itzul daitezen; izan ere, horrek gastuak ere sortzen dizkie, besteak beste, garbiketa, segurtasuna eta hiriko mantentze-lanengatik.
2.- Aplikazio homogeneoa: hiru lurralde historikoetan modu koordinatuan ezarriz gero, desberdintasunak saihestuko dira eta udalerrien arteko tratamendu ekitatiboa bermatuko da. EUDELen ustez, hobe da zerga arautzen duten hiru foru arauetako elementu nagusiak desberdinak ez izatea, toki-mailan aplikatzeak ez dezan sortu tratu desberdineko egoerarik antzeko zergapeko egoeren eta egitateen aurrean.
3.- Aplikazio orokorra eta progresiboa: oro har, udalerri guztietan aplikatu behar bada ere, EUDELek uste du zergak progresiboa izan beharko lukeela, establezimenduen tipologia desberdinak eta egonaldiak/gaualdiak kontuan hartuta. Horrela, turismo-ostatuen erabiltzaileen ahalmen ekonomikoa ere kontuan hartuko litzateke.
Elkartearen oinarrizko printzipio gisa, EUDELek tokiko autonomia zaintzea defendatzen du etorkizuneko zergan, udal bakoitzak modua izan dezan zerga-tasa bere errealitate sozioekonomikoaren arabera modulatzeko.