Eudel

EUDELEK EUSKADIKO UDALEK GARDENTASUNAREN ALDE ERAKUTSITAKO KONPROMISOAREN BERRI EMAN DIE EUSKO LEGEBILTZARREKO TALDE POLITIKOEI

Imanol Landak, Getxoko Alkate eta EUDELeko ordezkariak, gaur goizean “Gardentasuna eta Gobernu Irekia Herri-erakunde eta Administrazioetan” izenburupean Eusko Legebiltzarrean egindako bilkura batean parte hartu du. Bertan, urte osoan egindako lana eta 2012an Euskadiko Udalen Elkartearen baitan sortutako Gardentasunaren aldeko Euskadiko Udal Sareak etorkizunean egingo dituen jarduerak azaldu ditu.

Bere hitzaldi hasteko, Imanol Landa alkateak adierazi du “gaur egun, administrazio publikoon kudeaketaren funtsezko zutabeetako bat da gardentasuna. Premiazkoa da, hurbilago gaudenez askoz gehiago eskatzen digutelako auzokideek. Dena dela, gardentasuna bera udalentzako sendotzeko aukera handia da; eta irekiera, geure herritarren konfiantza zein konplizitatea berreskuratzeko giltza.”

EUDELeko ordezkariak Euskadiko udalek haien gobernu-taldeetako jardueran eta, batez ere, herritarrekin harremanetan jartzeko bideetan gardentasuna eta Gobernu Ona ezartzeko duten konpromisoa eta asmoa aurkeztu ditu, legebiltzarreko talde politikoen eta Euskal Erakunde publikoak bikaintasunerantz Q-Epea erakundearen kideen aurrean.

Imanol Landak azpimarratu du “EUDELek behar besteko konpromisoa hartu du, udalei modernizatzen, irekitzen eta herritarrekin hobeto komunikatzen laguntzen jarraitzeko. Horixe bera da udalen hurbiltasun-balioa.”

Jardunaldi honetan, Euskadiko hainbat herri-erakundetan izandako praktika onei buruzko esperientziak partekatu dituzte. Bertan, Eusko Jaurlaritza eta EUDELeko ordezkariez gain, Bilbo eta Vitoria-Gasteizko Udalek nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiak ere parte hartu dute. Jarraian, mahai-ingurua egin dute legebiltzarreko talde guztietako ordezkariekin.

*Eudelek Gardentasunaren Aldeko Euskadiko Udalen Sarea jarri zuen abian, honako bi bide hauetatik jasotako eskariari erantzuteko: udal guztiei igorritako Udalen Berrikuntzaren Egoerari buruzko Diagnostikoa (ondorioen txostena: 2012ko abendua) eta 32 udaletan eta mankomunitate batean egindako sakoneko analisia eta ikerketa pertsonalizatua (Tokiko Berrikuntza Agendak, 2009az geroztik).

Sarea 2013ko urtarrilaren 30ean eratu zen. Hasieran, 23 udaleko eta mankomunitate bateko talde pilotu bat elkartu zen –hiru lurralde historikoetako udalak, biztanle kopuru desberdinetakoak–; hain zuzen ere, udal horietako bakoitzeko arduradun politiko bat (alkateak, oro har) eta arduradun tekniko bat.

Zertarako? Udalei ezagutzak, jardunbide egokiak eta estrategiak trukatzeko gune bat eskaintzeko; metodologiak, tresnak eta materialak haien esku jartzeko; beraien gobernu eta administrazioetan gardentasuna sustatzen laguntzeko.