
EUDELek koordinatzen duen Beldur Barik 2012 instituzio arteko programaren helburuei jarraiki, ahalegina egin nahi da irakasleengana, begiraleengana, Berdintasunerako udal-sailetako teknikariengana, gazteak dinamizatzeko eragileengana eta gizarte-hezitzaileengana hurbiltzeko, eta, era berean, tresnak eskaini nahi dira, gazteen artean ager litezkeen jarrera sexistei ikasgeletatik eta gazteen guneetatik aurrea hartu ahal izateko.
Xede hori izanik, Beldur Barik programaren mezuak modu arin eta errazean igortzen dituen eta dagoeneko www.berdulbarik.org webgunean deskargatu daitekeen gida didaktikoa prestatu da. Ianire Estebanez aukeratu dugu, gidan jasotako edukiak argitaratzeko. Ziberekintzailea eta “Mi novio me controla lo normal” blogaren egilea da Ianire, eta psikologo gisa aritzen da lanean, hala ikerketan, nola zuzenean, tratu txarren biktima diren emakumeekin eta gazteekin esku hartzeko talde-ekintzetan, gizarte-sareetan eta indarkeria matxistari aurrea hartzen.
Gida aurkezteko bi saio zehatz hauek egingo ditugu: lehenengoa, irailaren 11n izango da (asteartea), Eudelek Bilbon duen egoitzan, eta Berdintasun arloko teknikariei egongo da zuzenduta; bigarrena, berriz, irailaren 21ean izango da (ostirala), Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Errekalden duen Berritzegune Nagusian (Bilbon), eta irakasleei eta begiraleei egongo da zuzenduta.
Teknikarientzako lehenbiziko aurkezpena bihar izango da, asteartean, EUDELek Ercilla kalean duen aretoan, eta Estatu osoan Berdintasun eta Hezkuntzaren arloan adituak diren bi emakume hauek hartuko dute parte: Marina Subirats eta Amparo Tomé. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak egindako gonbidapenari esker etorriko dira Bilbora.
Gida didaktikoaren edukia
Beldur Barik programaren mezuak oinarritzat hartuta, gidak gaur egun dauden desberdintasun batzuen jatorria eta zenbait adierazpen erakutsi nahi dizkie neska-mutilei (modak, estereotipoak, jokatzeko ereduak…). Era horretan, neska-mutilek errazago sumatu ahal izango dituzte jarrera sexistak, aurre egin ahal izango diete, eta beren bizitzatik baztertu ahal izango dituzte, eskuratutako jokabideak direla ikusita.
Hona hemen gidan aztertutako gai batzuk:
- Itxura fisikoa edo moda, eredu ideal bat lortzeko presio gisa.
- Edertasuneko estereotipoak eta historian barrena izan duten bilakaera.
- Osasuna vs dietak. Elikatze osasuntsurako ereduak.
- Emakumezkoen rolean zeregin aldetik dagoen gehiegizko zama eta eskakizunak.
- Bikoteko harremanetan eta sexualitatean dauden mitoak, aurreiritziak eta estereotipoak.
Testuetan, hizkuntza zuzena erabili dugu, ikasle gazteekin errazago jarri ahal izateko harremanetan. Gainera, lan-fitxa bereziak prestatu ditugu gai bakoitza lantzeko, eta haietako bakoitza ariketa erabilgarriz hornitu dugu, adibidez, eztabaidak, talde-dinamikak edo rol-jokoak jasoz.
Bestetik, ariketek gonbit egiten digute iaz Beldur Barik 2011 lehiaketan irabazle izan ziren bideoak aztertzeko: “Garena” (12-14 urte artekoentzat gomendatua) eta “Inondik Inora” (14 urtetik gorakoentzat).
Hizlariak
- Marina Subirats, Emakumearen Institutuaren zuzendaria izan zen 1993. eta 1996. urteen artean, eta, gaur egun, Estatuko Eskola Kontseiluko kidea da. Subiratsek hausnarketa egingo du, eta bereziki nabarmenduko du zenbateko garrantzia duen hezkuntza-esparruak, bereizitako gizarteratze-prozesuak sorrarazten duen indarkeria sexista antzemateko.
Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Soziologia Saileko katedradun emeritua da Subirats, eta hainbat testu eman ditu argitara hezkuntza, generoa eta gizartearen egitura aztertuta. - Amparo Tomé, lHiri Hezitzaileen Nazioarteko, Estatuko eta Mediterraneo aldeko Sarearen koordinatzailea den Amparo Tomék ikasgeletan egin den lana azalduko du, eta arlo horretan landu diren eredu, esperientzia eta proposamen berriak helaraziko dizkie bertaratzen diren lagunei.
Hezkuntzaren Soziologia arloko unibertsitateko irakasle hau lankidetzan aritzen da hezkuntza-arloko argitalpen espezializatuekin eta Estatuko nahiz nazioarteko argitalpenekin. Horrez gain, aholkularia da irakasleentzako baliabideen zentroetan eta emakumearen institutuetan, hala Estatuan, nola Europan edota Latinoamerikan.
Beldur Barik
Beldur Barik programa Eudelek sustatzen du, hainbat erakunderekin lankidetzan; hona lankideak: Emakunde, Eusko Jaurlaritzaren Generoko Indarkeriaren Biktimei Laguntza emateko Zuzendaritza, hiru lurraldeetako foru-aldundiak, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila, UPV-EHU eta Eitb taldea. Programaren bidez, bultzada eman nahi zaie gazteei, indarkeria sexistaren aurka eraginkortasunez parte hartu eta hausnar dezaten.
Abian jarri zenetik, Beldur Barik programak neska-mutil gazteen parte-hartzea eta inplikazioa bultzatu nahi izan ditu, betiere, sexismoa gainditzeko eta ondo ezagutzeko, eta sexismoari aurre egiteko xedea izanik, eta, era berean, estereotipoak eta bizitza rol finkoetatik lantzen duten ikusmoldeak bazter utzita.
Aurten, www.beldurbarik.org webgunea, gizarte-sareak (Facebook, Twitter eta Tuenti) eta YouTube ataria (youtube.com/beldurbarik) izango dira komunikatzeko erabiliko ditugun bide nagusiak, indar handia baitute gazteekin harremanetan jartzeko.