- Gernikak, Berrizek, Tolosak eta Gasteizek beren jardunbide egokiak elkarbanatuko dituzte EAEko gainerako udalekin, gaur goizean EUDELen egoitzan Berdinsarearen esparruan egingo den truke-tailer batean.
- Saioa zuzenean ikus daiteke YouTubeko esteka honetan: https://www.youtube.com/watch?v=tBQCyJlTXXg
2021eko ekainaren 23a. Pandemiaren ondorioz herriko jaiak bertan behera geratu diren arren, “Berdinsarea” Euskal udalerrien sareak, EUDELek eta Emakundek bultzatuta, beharrezkotzat jo du trantsizio-unea baliatzea, jai-eredua gaur egungo gizartearen errealitatera egokitzeko.
Goiz osoan zehar, EUDELek euskal udalen jardunbide egokien tailerra antolatu du Bilboko egoitzan. Bertan, azken urteotan emakumeek eta gizonek herriko jaietan berdintasunez parte hartzeko egindako aurrerapenak erakutsi nahi dira. Adibide inspiratzaile gisa aurkeztuko diren jarduera batzuk udal-akordioak eta berdintasunerako toki-plan eta -ordenantzetako erreferentziak dira, edo jaien inguruko diagnostikoak eta parte-hartze prozesuak.
Gernikako, Berrizko, Tolosako eta Gasteizko udalek jai libre eta berdinzaleen ereduak erakutsiko dituzte tailerraren erdialdean, 12:30etik aurrera. Besteak beste, lau udalerri horien esperientziak izan dira Emakunderen azterlan honen oinarri: “Emakumeek Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko jaietan parte hartzeko estrategiak”. Txostenak zenbait euskal herritan eta Estatuan garatu diren ideia eta estrategia sorta bat eskaintzen du, emakumeek tokiko jaietan parte har dezaten sustatzeko, eta, besteak beste, erritu eta ekitaldi nagusietan rolak banatu daitezen, emakumeak sozializazio-espazioetara sartu daitezen edo jaietako erabaki- edo ardura-postuetan egon daitezen.
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak gogorarazi duenez, “berdintasunari dagokionez jaiak gaurkotzea saihestezina da justizia sozialaren ikuspuntutik, emakumeek beraiek, mugimendu feministak eta, oro har, gizarteak eskatzen duten bezala”. Landaidak espero du “udalerri horietako esperientziek adorea emango dietela beste herri batzuei, beren jaiak gure garaiko errealitate sozialera egokitzeko, eta era horretan, gainera, aberasteko”.
Gorka Urtaran EUDELen elkarteburuak nabarmendu du euskal udalek berdintasunarekiko konpromiso irmoa dutela, politika eta zerbitzu publikoen bitartez gauzatzen dena. “Azken hamarkadetan, berdintasunaren arloko tokiko politikek jaiak ulertzeko eta bizitzeko modua eraldatzea ere bultzatu dute”. Gorka Urtaranen arabera, erakundeen esku-hartzea gizarte osoaren inplikazioan oinarritu behar da, eta jaiak genero-ikuspegia txertatzeko “funtsezko eremua” dira. “Lehen mailako adierazpen kultural eta sinbolikoak dira, eta horien bidez desberdintasunei aurre egin behar diegu, eta balio, tradizio eta festa-ohituren transmisioan estereotipo misoginoak errepikatzea saihestu“, azaldu du EUDELen elkarteburuak. Gaineratu duenez, “jardunbide egokiak udalerriz udalerri hedatu behar dira, gizonen eta emakumeen berdintasunezko parte-hartzea zabaltzeko, askatasunean eta aniztasunean irabazteko, diskriminaziorik eta bazterketarik gabe”
Margaret Bullenek, tailerraren hizlari nagusi gisa, Emakunderentzat egindako azterlanaren hausnarketa nagusiak aurkeztu ditu. Txostenak ondorioztatu duenaren arabera, aztertutako udalerrietan ez dago berdintasunezko jaiak lortu dituen «formula edo errezeta magikorik»: «prozesu bereziak, askotarikoak eta jaien tipologia bakoitzari, herri bakoitzaren ezaugarriei eta gizarte-osaerari lotutakoak» izan dira.
Saio honen antolatzailea Berdinsarea da (Berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako euskal udalerriak). EUDELek eta Emakundek koordinatzen dute, eta gainerako erakundeek laguntza ematen dute. 2021ean, Berdinsareak 15 urte bete ditu udal politika eta zerbitzuetan aurrerapausoak ematen, udalerri inklusiboak, askotarikoak, berdintasunezkoak eta libreak eraikitzeko.
Jai berdinzaleen lau eredu
BERRIZ “Dantzari Dantza”
2017an, akordioen dokumentu baten bidez, emakumeak Dantzari-dantza izeneko dantza-multzoan sartu ziren. Horren aurretik, gizonez soilik osatuta zegoen.
2014an, Udalak parte-hartze prozesu bat jarri zuen abian, jaietan, dantza-taldeetan eta jai batzordean parte hartzen zuten politikari eta teknikariekin.
GERNIKA “Marijesiak”
Jatorrian, emakumeek ezin zuten kantatu Gabonak baino lehen udalerriko kaleetan egiten den bederatziurren honetan. Gaur egun, laurogei eta ehun pertsona artean daude taldean; adin guztietako gizon eta emakumeak. Azken berrogeita hamar urteetan gora egin du kopuruak, eta emakumeak eta gero eta neska gazte gehiago integratu dira.
TOLOSA “Tolosako sanjoanetako inauteri eta jaiak: Behatokia”
Tolosako danborrada XIX. mendearen bukaeran hasi zen ospatzen inauterietako larunbatean, eta elkarte gastronomiko eta kulturalek antolatutako ekitaldia zen (kide gehienak gizonak ziren). Emakumeek emakumeen danborrada bat sortzea erabaki zuten, eta 1982an lehen aldiz desfilatu zuen. Urrats garrantzitsu horrek aldaketa eragin zuen jaian, harrezkeroztik.
Elkarte gastronomikoek antolatutako Tolosako alardearen kasuan, gero eta emakume gehiagok hartzen dute parte eskopetari gisa, eta protagonisten rolak ere betetzen dituzte, nahiz eta oraindik zaila den emakumeak kapitain gisa ikustea.
Tolosako jaien Behatokia 2017an sortu zen, jaietan emakumeen parte-hartzea modu integralagoan eta iraunkorragoan lantzeko gune gisa. Egun, Berdintasuneko eta Kultura eta Jaietako Sailek gidatzen dute. Gainera, kirol, komunikazio, gazteria, ogasun eta alkatetza arloek parte hartzen dute.
VITORIA-GASTEIZ “Gasteizko Andre Maria Zuriaren inguruko jaiak”
Blusen eta Nesken Eguna 1945etik aurrera hiriko kuadrillek bultzatutako jaia da. Uztailaren 25ean ospatzen da, Andre Maria Zuriaren omenezko jaien sarrera gisa. Hasieran, kuadrillak gizonez soilik osatuta zeuden, eta pixkanaka kuadrilla mistoak edo emakumez soilik osatutakoak sortzen joan ziren.
Jaietan emakumeen parte-hartzeak izan duen aurrerapenaren beste datu adierazgarri bat da batzordeko eta elkarte edo kuadrilla bakoitzeko zuzendaritza-batzordeetan karguak hartzea.
Halaber, berezko protokoloa du eraso sexisten aurka.