Eudel

  • Metodologia berriak legez ezartzen du toki-erakundeen gutxieneko partaidetza-ehunekoa % 39,23 izatea tributu itunduetan, eta gomendio izatetik betebehar izatera igaro da. Gainera, gaur egungo ehunekoaren aldean igoera dakar (% 54,70; % 37,64ren parekoa).
  • Gorka Urtaran elkarteburuaren arabera, “mugarririk garrantzitsuena da, ETELen ondoren. Lege berri honek gainerako erakundeen maila berean jartzen gaitu, eta udalen funtsezko zeregina finkatzen du, herrialdearen egonkortasunean eta erronketan laguntzeko”.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko uztailaren 15ean. Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren gaur arratsaldeko bileran, indarrean dagoen Ekarpenen Legearen metodologia berritzeko erabakia berretsi dute Udalek, Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek; orain, Eusko Legebiltzarrak onetsi beharko du, indarrean sar dadin. Lege berriak erakunde desberdinen eskaerak eta, bereziki, euskal udalgintzaren ikuspegia jasotzen ditu, Euskadiko Toki Erakundeen Legearen (ETEL) aginduak barnean baititu. Zehazki, lehen aldiz, udal-finantziazioari buruzko berariazko kapitulu bat sartu da.

Bileraren ondorengo prentsaurrekoan, erkidegoko erakunde guztien artean erdietsitako akordioaren garrantzia nabarmendu du EUDELen elkarteburuak, Ekarpenen Legean udalerrien finantziazioa “hobetu eta blindatzeko”. Hain zuzen, Gorka Urtaranek “mugarririk garrantzitsuentzat” jo du akordio hau, ETELen ondoren, “udalak erakunde gisa herrialdearen arkitekturan kontsolidatuko baititu, beste bi mailetako erakundeen pareko”.

Elkarteburuak azaldu du Ekarpenen Legearen zein hiru aurrerapen diren garrantzitsuenak euskal udalgintza indartzeko, eta horiek aurrerapauso handia dira Euskadiko Toki Erakundeen Legea praktikan jartzeko. ETELen garapena lehentasuna da udalentzat; horregatik, EUDELen zeregin nagusia lege horrek agindutakoa benetan gauzatzen dela zaintzea da.

Hiru aurrerapen udalerrientzat, Ekarpenen Legean

1.- Toki-erakundeen finantziazioa hobetu eta blindatzen du: gutxieneko partaidetza-ehuneko handiagoa, eta finantziazio handiagoa gizarte-zerbitzuentzat eta euskararentzat.

20.2 artikuluak % 39,23 ezartzen du toki-erakundeen gutxieneko partaidetza-ehunekotzat, lurralde historikoaren baliabide erabilgarriei dagokienez. Indarrean dagoen 2/2007 Legearen aldean, tributu itunduetan, toki-erakundeen gutxieneko partaidetza-ehunekoa handitu egiten da, bai eta legez kontsolidatu ere, hau da, lehen gomendio zena, orain nahitaez bete beharrekoa da. Gainera, ehuneko hori indarrean dagoen legeak gomendatutako % 54,70ko ehunekotik gora dago (% 37,64ren baliokidea).

EUDELen elkarteburuak balioa eman dio “aurrerapauso garrantzitsu” horri, udalerrien finantziaziorako bermea areagotzen baitu, Batzar Nagusiek ezin izango dutelako ezarri foru-arauetan ehuneko hori baino finantziazio txikiagorik. Halaber, Gorka Urtaranek esan duenez, “ezkutu gisa balioko du, gure finantziazioa babesteko eta gure herritarrek hurbilen dituzten erakundeengandik behar eta espero duten une nahiz egoera bakoitzari erantzun ahal izateko”.

Bestalde, baliabideak banatzeko ereduan sartu da Gobernuak Lurralde Historikoei ematen dien finantziazioa, gizarte-zerbitzuen politikak finantzatzeko (24.514.000 euro), eta euskara sustatzeko tokiko politikak eta udal-mailako normalizazio-planak egiteko (900.000 euro).

2.- Udalerriak Euskadiko arkitekturako gainerako bi erakundeen maila bereko toki-erakundetzat finkatzen ditu.

Lehen aldiz, udal-finantziazioak kapitulu propio bat (V) du Legearen barruan. Bertan, herrialdeko baliabide ekonomikoen banaketa-egiturako partaidetza ezartzen eta aitortzen zaio.

Udalek Egokitzapenerako Funts Orokorrean ere parte hartuko dute, Eusko Jaurlaritzarekin eta foru aldundiekin batera, koefiziente bertikal eta horizontalen arabera. Funts horren gehieneko muga euskal erakundeen artean banatu beharreko baliabideen % 1,45era igotzen da, egungo legeak finkatutako % 1aren aldean.

3.- Udalen funtsezko zeregina indartzen du gainerako euskal erakundeekin erabaki eta kolaboratzeko herrialdearen egonkortasunaz den bezainbatean, eta gizarte gisa ditugun erronkei elkarrekin erantzuteko.

Gorka Urtaranek baieztatu du Euskadiren erakunde- eta finantza-egonkortasuna “erabakigarria” dela erantzun koordinatu, efiziente eta efikazak emateko suspertze- eta eraldaketa-erronkei, garapen jasangarriari dagokionez. “Eraldaketa lankidetzazko gobernantzaren bitartez egin behar da, behetik gora, udalerri eta lurraldeetatik”, gaineratu du elkarteburuak.

LHEKren bilerari buruzko informazioa (oharra, argazkiak, bideo/audioa) hemen dago eskuragarri: https://www.irekia.euskadi.eus/eu/departments/105-ekonomia-eta-ogasuna/news#middle