Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak urriaren 15ean Gasteizen egindako bileran, Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek eta EAEko udalek honako gai hauei buruzko erabakiak hartu dituzte, besteak beste: 2024ko zerga itunduen bidezko diru-bilketa ixteko aurreikuspenenak, 2025eko diru-bilketaren aurreikuspenenak eta 2024ko Egokitzapenerako Funts Orokorra behin-behinean zehazteari buruzkoak.
Aurten, Auzitegi Gorenaren epaiak betez, 1979ko urtarrilaren 1a baino lehen mutualitateetan kotizatu zuten pentsiodunei egindako itzulketek eragina izan dute zerga-bilketan. Itzulketa horiek eragin nabarmena izan dute 2024ko diru-bilketan (800 milioi € inguru hiru lurraldeetan), baina, hala ere, diru-bilketa zertxobait handitu da 2023koarekin alderatuta. Bileran, onartu egin dira zerga itunduen bidezko bilketaren 2024ko ekitaldirako likidazio-aurreikuspenak, eta 18.300,9 m/€ dira.
Hurrengo ekitaldirako diru-bilketaren aurreikuspenei dagokienez, kalkuluen arabera, termino absolutuetan, foru-aldundiek 19.718,6 milioi € bilduko dituzte guztira zerga itunduengatik 2025ean.
HDEKren informazio zabaldua (2024/10/15):
https://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/96256-consejo-vasco-finanzas-publicas
Udalerrien ordezkariak
EAEko udalerrien aldetik, hiru lurralde historikoetako hiru alkatek hartu dute parte Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan:
- Esther Apraiz Fernandez la Peña, Derioko alkatea (EUDELeko elkarteburua).
- Nagore Alkorta Elorza, Azpeitiko alkatea (EUDELeko elkarteburuordea).
- Natividad López de Munain Alzola, Burgeluko alkatea (EUDELeko Batzorde Eragileko kidea).
Arrisku partekatua eta finantza-nahikotasuna
Bileraren ondoko agerraldian, Esther Apraiz elkarteburuak azpimarratu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Finantza Kontseiluen bilera berehala egiteko egindako deia.Azaldu duenez, “organo horiek dira udalek eta aldundiek Udal Finantzaketarako Foru Funtsak adosteko eta herrialdeko baliabideak EAEko udalerriei banatzeko erabiltzen ditugun topaguneak. Bertan jasoko dugu udal-finantziazioaren “argazkirik” errealena”.
Apraizek bi mezu bidali ditu. Lehenengoa udalei zuzenduta egon da, eta elkarteburuak zorroztasuna eta zuhurtzia eskatu ditu udal-aurrekontuak egiteko. Adierazi duenez, EAEko instituzio-sistema “arrisku eta erantzukizun partekatuko sistema bat da”, eta instituzio guztiek beren gain hartu behar dituzte zerga-bilketan egon daitezkeen desbideratze negatiboak, oraingoan, mutualisten epaien ondoriozkoak.
Beraz, berresten bada diru-bilketak behera egin duela hasierako zenbatespenarekin alderatuta, udalek ere itzuli beharko dute aldea, udal-finantzaketarako foru-funtsen bidez (TEFFF Araban, Udalkutxa Bizkaian eta UFFF Gipuzkoan), horixe baita hiru lurraldeetako udalen finantziaziorako tresna nagusia. Nolanahi ere, behin betiko datuak 2025eko otsailean jakingo dira, 2024ko diru-bilketaren eta ekarpenen benetako zifrak jakin ondoren.
Egoera horrek eragina izan du elkarteburuaren bigarren mezuan. EUDELen izenean, berriz adierazi du garrantzitsua dela udalei “finantza-nahikotasuna” ematea, herritarrengandik hurbilen dauden instituzioak diren aldetik, beren eskumenak eraginkortasunez eta efizientziaz erabili ahal izan ditzaten. Esther Apraizek nabarmendu duenez, EAEko udalek “erantzukizun berriak eta gero eta ugariagoak dituzte erronka sozial eta ekologiko handiei aurre egiteko, besteak beste, etxebizitzari, aldaketa demografikori eta trantsizio klimatiko-energetikoari”.
Bestalde, gaineratu duenez, erronka handi horiek “udalerrietan gauzatuko dira, eta tokian tokiko erantzunak beharko dituzte”, baina, aldi berean, herrialde-dimentsioa dute, eta, horregatik, “instituzio guztien lankidetza behar dute, ahaleginak eta baliabideak batzeko.