Eudel
  • EUDELen Batzarrak 2026ko ekitaldirako Elkartearen aurrekontua bozkatu du, baina udalerri bazkideen gehiengo kualifikatuaren onespenik ez du jaso (3/5), elkartearen Estatutuek ezartzen dutenaren arabera. Botoen % 57,4 aldekoak izan dira eta gainerakoak abstentzioak.
  • Esther Apraiz elkarteburuak deitoratu egin du “Elkartearen funtzionamendu egokirako funtsezko tresna” ezin izan dela aurrera atera. Azaldu duenez, urteko aurrekontuak aukera ematen du proiektu estrategikoak abian jartzeko edo udalerrien egunerokotasunari zuzenean eragiten dioten funtsezko lan-ildoei jarraipena emateko, hala nola tokiko enplegu publikoa hobetzeko Udalhitz akordioa, udalen lankidetza edo tokiko administrazioaren modernizazioa.

Zumarraga, 2026ko otsailaren 19a. Euskadiko Udalen Elkartearen Batzar Orokorrak Euskadiko udaletako agintedunak bildu ditu gaur Zumarragan, udal-agintaldiaren une garrantzitsu batean, eta ziurgabetasunak, polarizazioak eta balio demokratikoen auziak markatutako testuinguru global batean.

Bere hitzaldi nagusian, EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkate Esther Apraizek “udalen unea” dela aldarrikatu du, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak diren aldetik, “herritarrei egonkortasuna eskaintzeko” eta “gure udalerrietan aukera-, ilusio- eta itxaropen-leihoak irekitzeko, konfiantza publikoa ahultzen duten zarataren eta krispazioaren aurrean”.

Esther Apraiz EUDELeko Elkarteburuaren hitzaldi osoa:

Elkarteburuak “lankidetzarako garai berri bat” eskatu du EUDELen baitan, “sigletatik eta bidezko desberdintasun politikoetatik haratago”. Eta garai berri honek “erantzukizuna eta maila” eskatzen dituela azpimarratu du, “gure udalerria ez ezik, herrialdeko herri eta hiri guztiak ordezkatzeko”. Horretarako, Esther Apraizek Elkartea balioan jarri du, “espazio komun eta plural bakarra” delako, non udal sentsibilitate guztiek jarrera partekatuak eraiki ditzaketen, “eta akordio zabalak lortu euskal herritarren bizi-kalitatea hobetzeko”.

“Udalerri bat gobernatzea politika lurra zapalduz egitea da, gure auzokideen errealitatetik abiatuta. Horregatik, akordio gehiago eta norgehiagoka gutxiago behar ditugu. EUDELen eredua adostasunaren eta lankidetzaren eredua da, aliantzek indartu egiten gaituztelako “, adierazi du.

EUDELeko elkarteburuak alkateen konpromisoa eskertu du, ordezkari publikoek duten testuinguru konplexuan: “Ziurgabetasun-garaietan, demokraziaren erreferentzia sendoena eta hurbilena zarete. Akordio eta konpromiso politikoak zerbitzu publiko eta ongizate bihurtzen dituzue”.

2026ko  ekintza-ildoak

Elkarteburuak gogorarazi du aurrekontua “funtsezko tresna” dela “Elkartearen funtzionamendu egokirako” eta Euskadiko udal guztiei “zerbitzu zuzena, politikoa eta teknikoa” emateko. Ekitaldi honetarako EUDELen aurrekontua 5,3 milioi eurokoa da, eta horren % 39,78 langile-gastuetarako da (1. kapitulua). Gainerakoen artean, diru-sail garrantzitsuenak hauek dira: “azterlanak eta lanak” (683.150,67 euro), EUDELen ekintza-ildo nagusiak biltzen dituena, eta “proiektuak eta programak”, hala nola, prestakuntza (392.450 euro).

  • Landa-eremuko eta biztanle gutxiko udalerriak

EUDELek azterketa espezifiko bat egingo du 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrien —% 80 inguru— erronkei buruz, eta, besteak beste, gai hauek landuko ditu: udal-kudeaketaren jasangarritasuna, oinarrizko zerbitzuak, etxebizitza, mugikortasuna eta hiri-berroneratzea.

  • UDALHITZ hitzarmena, tokiko enplegu publikoa arautzen duena

232 udal eta udalez gaindiko 36 erakunde atxikita daude UDALHITZ hitzarmenari, eta 20.000 udal-langile baino gehiagoren lan-baldintzak arautzen ditu. Beraz, funtsezkoa da erakundeen egonkortasuna, enplegu publikoaren kalitatea eta udal-zerbitzuen funtzionamendu egokia bermatzeko.

EUDELek hitzarmen horren negoziazio kolektiboa koordinatzen du euskal udaletan gehiengoa duten zentral sindikalekin. 2025eko otsaileko Batzarretik 18 bilera eta 5 Negoziazio Mahai egin dira, eta hurrengo Mahaia otsailaren 27an izango da.

  • Etxebizitza eta hirigintza

Etxebizitza izan da hitzaldiaren ardatz nagusietako bat. Esther Apraizek adierazi du “herritarren kezka handienetakoa eta udalentzako lehentasun saihetsezina” dela. Elkarteburuaren hitzetan, Premiazko Neurrien Legea aurrerapauso garrantzitsua da, etxebizitza babestuen eta libreen sustapena trabatzen zuten oztopo administratiboak kentzea eragin duelako.

EUDELeko elkarteburuak adierazi du udalek funtsezko zeregina dutela bizitegi-larrialdiaren aurrean. “Udal-eskumena betetzen ari gara etxebizitzari dagokionez, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, lurzoruaren erreserba estrategiko batekin, eta, gainera, iniziatiba hartzen ari gara, adibidez, eremu tentsionatuak deklaratuz”. Hala ere, udal-errealitatea askotarikoa dela azpimarratu du eta hiri eta herri bakoitzak behar bereziak dituela; beraz, ez dago lurralde osoan aplikatzeko moduko irtenbide bakarra.

Testuinguru horretan, EUDELek udal-beharrei erantzungo die eta neurriak hedatuko ditu, Eusko Jaurlaritzarekin koordinatuta. Gainera, ikaskuntza eta esperientzia berritzaileak elkarbanatzeko udal-eremu bat finkatuko da.

2026ra begira, lehentasunezko hiru lan-ildo planteatu dira: udal-jardunbide egokien datu-base bat sortzea –eremu tentsionatuak, etxebizitza hutsen mobilizazioa, gazteen alokairua bultzatzea eta ostatu-formula berriak barne–; bizitegi-tipologia berriak eta erabilera malguagoak txertatuko dituzten hirigintza-gidalerroak egitea, hiri-kalitatea galdu gabe; eta udal-diagnostiko bat prestatzea etorkizuneko Lurzoruaren Lege bati begira, hirigintza-arloko toki-eskumenak sendotzeko.

  • Egonaldi turistikoen gaineko zerga

EUDELek ordenantza fiskalaren eredu bat prestatuko du tokiko zerga berriaren aplikazioa errazteko. Horrela, hiru lurraldeetan segurtasun juridikoa eta koordinazioa bermatuko da eta udalerri bakoitzaren errealitate espezifikoaren araberako malgutasuna egongo da. Lan horretarako, udalen lantalde tekniko bat eratuko da, Foru Aldundiekin eta Turismo Sailarekin estu koordinatuta.

Udal guztiei eragiten die tokiko zerga berriak. Turismo-presio txikiena dutenek –25 plaza baino gutxiagokoek– % 100eko hobaria ezartzeko aukera izango dute. Gainerako guztiek, Euskadiko 194 udalerrik, zerga aplikatu egin beharko dute. Hala, EUDELen Ordenantza Fiskalaren ereduak zerga aplikatzea erraztuko du Gipuzkoako 62 udalerritan (% 70etik gora), Bizkaiko 94 udalerritan (ia % 86) eta Arabako 38 udalerritan (% 74).

  • Euskara

Elkarteak euskara teknikari lanpostu bat izango du, eta haur eta nerabeen aisialdian euskara sustatzeko gida bat argitaratuko da, hezkuntzaren esparrutik harago.

  • Gizarte-kohesioa, zaintzak, berdintasuna

EUDELek udaletako gizarte zerbitzuen diagnostiko propioa egingo du, 2027rako aurreikusitako legeari begira, eta  tokiko ikuspegia txertatuko du bertan. EUDELek 2025ean egindako erroldatze sozialaren oinarrien jarraipen gisa, aurten prozedura komun bat egingo da, udalek irizpide homogeneoetan eta segurtasun juridikoan oinarrituta aplikatu ahal izan dezaten. Berdintasunean eta zaintzan, ikuspegi feminista eta erantzunkidea duten zaintza-sistema lokalak eraldatzeko gida bat aurkeztuko da.

  • Segurtasuna eta Enplegua

Segurtasunaren alorrean, udaltzaingoen eta Ertzaintzaren arteko koordinazioa indartuko da, eta EUDELek Euskal Segurtasun Foroan parte hartzen jarraituko du, gainerako erakunde eta eragileekin batera.

Enpleguaren inguruan, tokiko planen proiektu pilotuak hedatzen lagunduko du elkarteak, Sailarekin eta Lanbiderekin lankidetzan.