Eudel
  • Atzoko Batzarrak Elkartearen Estatutuak berritzeko prozesuari ekitea erabaki zuen, urte bukaera baino lehen Ezohiko Batzar Orokor batean bazkideek onar ditzaten aurkeztea xede.
  • Ekitaldian, Ibone Bengoetxea Eudeleko elkarteburuak eta Josu Erkoreka Herri Administrazio eta Justizia sailburuak Udal Legearen zirriborroaren ardatz nagusiak aurkeztu zituzten.

Basaurin, 2014ko ekainaren 6an. Eudeleko Batzar Nagusiak hiru lurraldeetako udalerrietako ehun bat alkate bildu zituen Basauriko Social Antzokian, Euskadiko tokiko esparruan lehentasunezkoak diren gaiak jorratzeko.

Eguneko Gai-zerrendako puntuen barruan, akordiorik garrantzitsuenetakoa Eudelen Batzorde Eragileak prestatutako proposamena izan da, antolakuntza eta barne-funtzionamenduko oraingo Estatutuak berritzeko ardura izango duen lantaldea sortzeko; izan ere, Estatutua 1992ko abendutik dago indarrean.

EUDEL Udalen Elkarteak, Euskadiko udalgintza bizitzen ari den garai berrien garrantziaz jabetuta (lege eta araudi aldetik aldaketa garrantzitsu ugarirekin), uste du egokia izango litzatekeela Estatutuak eta arauak berritzea.

Gaur, inoiz baino gehiago, beharrezkoa da EUDELen rola indartzea udal interesen ahots eta solaskide bakar gisa, tokiko autonomiaren defentsan eta gainerako instituzioen aurrean, Euskadiko udalen presentzia indartuz euskal arkitektura instituzionalean.

Eudelen nahia da honako hau prozesu parte-hartzailea izatea, eta, ildo horretan, Batzar Eragilearen konpromisoa da udalek etengabeko informazioa jasotzea lanen garapenari buruz. Hain zuzen ere, aurreikuspenen arabera, lanak urte amaiera baino lehenagoko Ezohiko Batzar Nagusiarekin amaituko dira, eta, modu horretan, EUDELen Antolakuntza eta Funtzionamenduko Estatutuen berrikuntza aztertu eta, hala beharko balitz, onartu ahal izango litzateke.

Udal Legearen ardatzak

Gainera, Elkartearen Batzar Nagusi hau Euskadiko udalentzat oso garrantzitsua den une batean egin da, Udal Legearen erronkaren eta aukeraren aurrean. Hori dela eta, Udalen Elkarteak Josu Erkoreka Herri Administrazio eta Justizia sailburua gonbidatu du, alkateei bertatik bertara jakinarazteko zeintzuk diren Eudelekin lankidetzan lantzen ari diren testuaren zirriborroaren funtsezko edukiak.

Ibone Bengoetxea Eudeleko elkarteburuak ere Udal Legean oinarritu du bere irekiera-hitzaldia: orain, inoiz baino beharrezkoagoa da gure tokiko autogobernurako. Hauxe da unerik egokiena Euskadiko udalerrien eskumen-sistema eta finantzaketa-eredua finkatu eta aintzatesteko, eta finantziazio nahikoa eta ez-baldintzatua lortzeko.

Elkarteburuak balioa eman nahi izan dio Euskadiko Udal Kontseiluaren berraktibazioarekin irekitako erakundeen arteko lankidetzaren eta lanaren bideari; hain zuzen ere, Eudelek udalen interesak eraman ahal izan ditu bertara, eta funtsezko ekarpenak ere egin dizkio zirriborro legegileari.

Ildo horretan, elkarteburuak gogorarazi du zeintzuk diren, 2010eko “Udal Legerako oinarriak” dokumentutik hona, Eudelen aldarrikapen historikoa osatzen duten lehentasunezko hiru ardatzak, testuaren zirriborro berrian sartuko direnak:

  • Tokiko autonomia. Euskadiko udalerriak berezko botere publikoa direla aitortu behar da, gainerako botereengandik desberdinak direla, eta herritarren arazoetatik gertu daudela. Horren bitartez, udalak benetako Tokiko Gobernu gisa aitortu behar dira, berezkoak eta bereizgarriak diren helburu estrategikoekin eta tokiko politikekin bat etorriz.
  • Nahikotasun finantzarioa. Legez esleitu daitezkeen eskumenek finantziazio nahikoa eta ez-baldintzatua aurreikusi beharko dute. Udalek ahotsarekin eta botoarekin hartuko dute parte Finantzen Euskal Kontseiluan.
  • Erakundeen arteko lankidetzarako mekanismoak. Udalerriak bi organo berritan daude ordezkatuta: batetik, Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseiluan, eta, bestetik, alerta goiztiarretarako bigarren organo batean. Bigarren horretan, tokiko autonomiari buruzko xedapen arautzaileen eragina aztertzen da, eta horren gaineko informazioa ere ematen da.

Hiru ardatz horien bitartez, Ibone Bengoetxeak esandako moduan, tokiko gobernu ireki, parte-hartzaile, garden eta berritzaileak eraiki ahal izango ditugu; tokiko gobernu modernoak eta kalitate instituzionalekoak”.

Bere hitzaldiaren amaieran, Eudeleko elkarteburuak erakunde eta talde parlamentario guztien inplikazioa eskatu du, eta lankidetzan aritzeko eskatu die, “adostasun mailarik handiena lortzeko eta, modu horretan, herrialde osoarentzat eta lortu nahi dugun udal eredu berriarentzat hain beharrezkoa den Udal Legea onartzeko”.

2014ko aurrekontua

Elkarteak 2014rako duen aurrekontu osoa guztien adostasunez onartu da, eta 2.724.204,98 eurokoa da. Kopuru horrek %2,94ko murrizketa dakar aurreko urteko aurrekontuarekiko.

Gastuen aurrekontuaren banaketa:

%41,32  Langile gastuak

%24,82  Erosketak eta Zerbitzuak: lan eta ikerketa tekniko-juridikoak

%17,65  Inbertsioak eta programak: gardentasun eta berrikuntza sareak, udalerri txikiak, trebakuntza, gizarte zerbitzuak, berdintasuna, euskara…

%15,38  Gastu finantzarioak eta Pasibo finantzarioak