2024ko urriaren 3a. “Zenbat eta hurbilago, hobe” mezu nagusia helarazi du EUDELeko elkarteburu Esther Apraizek Bruselan deitutako tokiko liderren eta Europako Parlamentu berriko eurodiputatuen arteko eztabaidan, Europako legegintzaldi estreinatu berrian kohesio-politikari beste bultzada bat emateko.
Foroa atzo arratsaldean egin zen, EUDEL kide den Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluaren (CEMR) egoitzan. Esther Apraizek lurralde-orekari eta hiri-landa orekari buruzko panelean parte hartu zuen, zehazki, Europako Parlamentuko bi kiderekin batera: Stefano Bonaccini, Emilia-Romaña eskualdeko presidente ohia, eta Vladimir Prebilic, Esloveniako udalerri zabaleneko alkate izandakoa; baita CEMRko presidentekide Christoph Schnaudigel alemaniarrarekin batera ere.
Esther Apaizen hitzak
Eztabaidan zehar, Apraiz deszentralizazioaren alde agertu zen, eta lurralde-ikuspegi bat proposatu zuen, «zuzenean eskualdeen esku utz dezan Europako kohesio-funtsen kudeaketa, udalerrietatik hurbilen dauden erakundeak diren aldetik, eta, ondorioz, pertsonen esku ere, funtsak sortu ziren helburuei modu eraginkorrean erantzun diezaieten ».
Esther Apraizek defendatu zuen, “lurraldekako kudeaketa” horrek desberdintasunei zehatzago heltzeko aukera emango duela, bai eta “udalerrien berariazko eta askotariko premiei” (landakoak, hirikoak, kostaldekoak…) erantzuteko ere, pertsonen eskubideak bermatzeko, bizi diren lekua edozein dela ere. “Hori da gizarte- eta lurralde-kohesioaren oinarria” azpimarratu zuen.
EUDELeko elkarteburuak argudiatu zuenez, Europako funtsak beti “lurralde batean eta tokiko komunitate batentzat” inbertitzen badira, logikoena da lurraldeetako agintariek haiek planifikatzea eta ezartzea, Europako finantzaketak tokiko proiektu estrategikoei ekarpena egin diezaien. Apraizek Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaz (Next Generation EU) hitz egin zuen, eta nabarmendu zuen deialdi arrakastatsuenak euskal erakundeek zuzenean kudeatutakoak izan direla: «Lankidetzari eta jarduera horien banaketari esker, lurraldearen egituraketa handiagoan eta garapen sozial eta ekonomikoan duen eragiten dela» gaineratu zuen.
Azkenik, Derioko alkateak euskal udalen mezua helarazi zien Legebiltzarreko kideei: “Berriro adierazi nahi dugu Europaren finantzaketa-aukerak udalerrietara iritsi behar direla, txikienetik handienera, dagoeneko martxan dauden trantsizioetan guztiok parte hartu ahal izan dezagun: trantsizio sozial-demografikoan, digitalean eta energetiko eta ingurumenekoan”.