Eudel

Kudeaketa-agindu’ bati esker, EUDELeko kolaborazioarekin eginda, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak lehenbiziko aldiz egin du Udaltzaingoaren hautaketa-prozesu bateratua

Gasteizko Europa Biltzar Jauregian gaur egin dira Udaltzaingoaren lehen LEP bateratuko hautaprobak, horien bidez Euskadiko hamabi udaletako oinarrizko eskalako 72 agente-plaza beteko dira: Abadiño (2), Arrasate (5), Arrigorriaga (1), Bilbo (25), Basauri (1), Galdakao (3), Getxo (14), Mungia (2), Santurtzi (7), Pasaia (3), Zarautz (6) eta Zumaia (3).

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak hamabi udalen kudeaketa-aginduaren bidez gauzatuko ditu aldez aurreko hautaketa-prozesua eta ondoren Arkauteko Akademian hautatuek egingo duten zazpi hilabeteko prestakuntza-aldia.

Aurretik udalek, batetik, hautaketa-prozesu bateratua egiteko agindua eman zioten Akademiari eta, bestetik, Lan Eskaintza Publikoan deituko zuten plaza-kopurua onartu eta argitaratu zuten.

Nahi duten udalei Udaltzaingoko oinarrizko eskalako agente-kategoriako izangaiak hautatzen laguntzeko tresna bat jarri da abian Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eta Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzaren bidez. Udalek eskatuta, eta Udaltzaingoa Hautatu eta Prestatzeko taldean planteatu ondoren, hautaketa-prozesua sinplifikatu eta bateratu nahi da LEP bateratu honen bidez.

  • · Kudeaketa-agindua

Ekimena Segurtasun Sailak jarri du, EUDEL-arekin batera, abian udalek eskatuta eta udaltzaingoetako agenteak hautatu eta prestatzeko taldean planteatu ondoren, eta helburu du agenteen hautaketa sinplifikatu eta bateratzea, hautaketa-profil bera aplikatuz eta gainkostu-arazoak saihestuz, efizientzia administratibo hobea lortze aldera. 

Formula juridiko honi esker udalek, euren langileak hautatzeko eta deialdia onartu eta argitaratzeko eskumena duten bakarrak izanik, Akademiari agintzen diote hautaketa-prozesu bateratu bat egitea aurrez adostutako oinarri batzuei jarraituz.  Aldez aurretik, udalek Enplegu Eskaintza Publiko bat onartu eta argitaratu behar dute, eta bertan zehaztuko dute zenbat plaza eskaintzen dituzten.

Beste Segurtasun ALBISTEAK

2.180 pertsonak eman dute izena

Hautaketa-prozesuan izena emandako 2.180 pertsonetatik (502 emakume eta 1.678 gizonezko), azkenean 1.285 pertsona (327 emakume eta 958 gizonezko) aurkeztu dira azterketa teorikoetara.

Udaltzaingoaren 72 plazetarako izangaiek ezagutza teorikoen probak, gaitasunak ebaluatzeko lau ariketako proba psikoteknikoa eta nortasuna ebaluatzeko beste bat egin dituzte gaur egunean zehar. Behin proba horien emaitzak jakiten direnean, fase hori gainditu dutenek proba fisikoak egingo dituzte azaroaren 13an, eta elkarrizketak azaroaren 20tik aurrera egingo dira.

Lehiaketa-fasean Udaltzaingoan egindako zerbitzuak baloratuko dira. Euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko da izangaiek bete nahi duten plazan eskatutako hizkuntza eskakizuna baino euskara maila handiagoa egiaztatzen duten pertsonen kasuan.

Behin hautaketa-prozesua amaituta, Udaltzaingoaren oinarrizko eskalako agenteek zazpi hilabeteko prestakuntza hasiko dute 2018ko urtarrilean Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian. Ondoren, gutxienez 12 hilabeteko praktika-aldia hasiko dute.