Gobernu-kontseiluak (15/11/10) Euskal Sektore Publikoaren Gardentasuna, Herri Partaidetza eta Gobernu Onaren Legearen eta Euskal Sektore Publikoaren Antolaketa eta Funtzionamenduari buruzko Legearen proiektuak onartu ditu. Horiek onartuta, Eusko Legebiltzarrean hartutako konpromisoa bete du Gobernuak; hain zuzen, bi arau desberdinetan euskal Administrazio Publikoaren eraberritzeari eta modernizazioari ekiteko giltzarri diren bi konturi heltzea: haren antolamendu eta egitura berria arautzea, eta herri-partaidetzarako eta gardentasunerako eskubide berriak legalki taxutzea.
Bi testuon berritasun nagusia haien aplikazio-eremua hedatu izana da: Euskadiko hiru erakunde-mailei eragingo die, baita haien mendeko erakunde instrumental guztiei ere, ezertan kaltetu gabe euskal erakunde publiko bakoitzak autonomoki antolatzeko dituen eskumenak.
Euskal Sektore Publikoaren Gardentasuna, Herri Partaidetza eta Gobernu Onaren Lege-proiektuak sektore publikoaren funtzionamenduaren funtsezko ardatzak arautzen ditu, herritarren eskubide berrien inguruan. Hau da: politika publikoak ebaluatzeko eskubidea, gai publikoetan parte hartzekoa eta Euskadiko administrazio publikoek sortutako informazio guztia libreki eta gardentasun osoz eskuratzekoa. Berritasunen aipagarrienak Gardena-Gardentasunaren Euskal Agentziaren sorrera da. Agentzia horrek izango du herritarren informazio-eskubidea babesteko ardura izango du. Gainera, araua onartzen denetik aurrera, Euskadiko administrazio publiko guztiek erantzun beharko dituzte herritarrek egindako informazio-eskaerak, 15 egunetik beherako epean.
Bestalde, Euskal Sektore Publikoaren Antolaketa eta Funtzionamenduari buruzko Lege-proiektuak euskal sektore publikoa zehazten, antolatzen eta egituratzen du. Lege-proiektuaren berritasunen artean, EAEko sektore publikoa arrazionalizatzeko eta dimentsionatzeko erakundearteko batzordea sortzea aurreikusi da: hiru erakunde mailetako ordezkariak izango dira bertan. Zehazki, administrazioaren inefizientzia eta gainjartze arazo posibleak konpontzeko foro bat da.
Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak (LAG) 1997an onartu zirenetik, ia hogei urte igaro dira. Ildo horretatik, uztailaren 29an, Gobernu Kontseiluak LAGak berrikusteko prozesu bati ekitea erabaki zuen. Prozesu horren bidez, hartutako esperientziak ekarritako irakaspenak baliatuko dira eta lurralde-antolamenduaren erronka berriei erantzuna emango zaie. Gainera, prozesu parte-hartzaile zabal batean oinarrituko da; parte-hartze hori bai herri administrazioena, bai eragile sozioekonomikoena, politikoena eta herritarrena izango da.
Lurralde-antolamenduaren arloan kultura parte-hartzailea finkatzeko lana egiteaz gain, egokitzat jo da zenbait gaitan lurralde-ikuspuntutik abiatutako hausnarketa irekitzea, hala nola honako hauetan: klima-aldaketa bezalako zeharkako gaiak, generoa, osasuna eta euskara. Gai horiek ingurune fisikoarekin lotuta daude, adibidez, antolamendua eta erabileren matrizea eguneratzea, naturagune babestuak eta Natura 2000 Sarea, azpiegitura berdeak, ekosistemen zerbitzuak eta paisaia; mugikortasuna, ura eta energia; landa-eremua; eta, hiri-eremua. Gainera, honako hauei arreta berezia eskainiko zaie: hiri-berroneratzea, metropolialdeak eta transformazio-ardatzak, hiri-hazkundearen perimetroa, bizitegi-kuantifikazioa eta jarduera ekonomikoak jasaten dituen lurzoruko lurralde-jasangarritasuna.
Euskal Hiria 2015 Kongresuaren oraingo edizioak LAGen berrikuspenerako prozesu parte-hartzailea abian jartzea dakar.
Noiz: Azaroak 23/24
Non: EHU/UPV Bizkaia Aretoa. Abandoibara etorbidea, 3 (48009-Bilbo) (PDF, 120 KB)