EUDELek tresna praktikoen multzo berri bat jarri du EAEko udalen eskura, GJH Garapen Iraunkorreko Helburuen arloan bideratutako udal-inbertsioa eta -ekinbidea ezagutarazteko. 2030 Agendako helburuak udalerrietan betetzearen inguruan, toki-erakundeek herritarrak sentsibilizatzea eta ahalduntzea da asmoa, esparru berezitzat hartuta gizarte-kohesioa, ekonomia- eta ingurumen-jasangarritasuna, gobernu irekia eta kalitate demokratikoa.
Tresna berri horiek urriaren 24an aurkeztu ziren, alkateei, zinegotziei eta udaleko teknikariei —Idazkaritza, Kontu-hartzailetza eta Komunikazio arloetakoak— zuzendutako web-mintegian. 4 txosten-eredu dira, 2030 Agendako 18 GJHak betetzen Udalak eguneroko kudeaketan nola laguntzen duen modu argi, erakargarri eta eskuragarrian azaltzeko balio dutenak, Euskadin txertatutako kultura- eta hizkuntza-aniztasunari buruzko 18. GJH barne.
Tresna-sorta EUDELek landu du, dagoeneko esperientzia daukaten udalak lankide direla —Amurrio, Azkoitia, Ermua, Leioa, Tolosa, Zarautz eta Arabako Errioxako Kuadrilla—. Grafiko eta txosten moldagarrien ereduekin osatuta dago, udalerri bakoitzak, tamaina edo dituen baliabideak edozein direla ere, garapen jasangarriarekin duen konpromisoa dagokion tokiko errealitatean ezagutarazi ahal izan dezan.
Aurrekontuaren jakinarazpena, kontu-ematea eta GJHetarako ekarpena
Tresna horiek Udal-aurrekontua GJHekin lerrokatzen hasteko gida praktikoa oinarri hartuz garatu dira, EUDELek 2024ko irailean eguneratutakoa, hain zuzen. Dokumentu hori izan da, horrenbestez, material multzo berriaren abiapuntua.
Honako hauek dira lau tresna berriak:
- Aurrekontuak hizkera argian, erraz azaldu ahal izateko udal-baliabideak zertan inbertitzen diren eta horiek GJHekin nola lerrokatzen diren.
- Aurrekontu-itxieraren laburpena, lortutako emaitza ekonomiko eta sozialen kontuak emateko aukera ematen duena.
- Kontuak emateko txostenak, agintaldian izandako aurrerapenak eta lorpenak erakusteko.
- 2030 Agendari egindako ekarpenaren txostena, 18 GJHetako bakoitzari lotutako udal-jarduerak eta -proiektuak jasotzen dituena.
Tresna horiekin, GJH ardatzean gardentasuna eta komunikazioa indartzea da asmoa, udalei lagunduz garapen iraunkorrari egiten dioten ekarpenari buruzko kontakizun partekatua eratzen, eta, aldi berean, herritarren inplikazioa eta tokiko kide izatearen harrotasuna sustatuz.
👉 Informazio gehiago, Aurrekontuei buruzko Gida eta material berriak eskuratzeko: https://www.eudel.eus/destacados/ods-agenda2030/eu/