Eudel

  • Emakundek bultzatutako eta EUDEL-en eta hiru Foru Aldundien parte-hartzearekin Beldur Barik 2015 programaren amaiera ospatuko da azaroaren 28an Amurrioko Topaketan.
  • Beldur Barik programak 69 udalerritako  310 ikus-entzunezko lan jaso ditu. Programak gazteei indarkeria sexista identifikatzeko eta horiei Beldur Barik Jarrerarekin aurre egiteko tresnak eskaintzen dizkie.
  • Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, erakundeek puntu lila erabiltzera deitu dituzte hiritarrak emakumeenganako indarkeriaren aurkako daudela erakusteko

Beldur Barik programa, gazteekin batera, indarkeria sexista prebenitzeko urteroko programa da. 2009an jarri zen abian Emakundek eta EUDEL-ek bultzatuta, Berdinsarea- Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskadiko Udalen Sarea-ren esparruan. Egun, Emakundek bultzatzen du eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien, zein EUDEL-en babesa eta finantziazioa jasotzen ditu. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta EITBren laguntza du.

2015ko Beldur Barik Topaketa Amurrion ospatuko da azaroaren 28an, larunbatean. Jaiak balio izango du urte osoan zehar, euskal geografia osotik gazteekin garatutako lan handiari amaiera emateko. Topaketan Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketaren (12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa) sariak banatuko dira. Ezberdintasun egoerei aurre egiteko errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzukidetasunean eta indarkeria sexistaren ukapen irmoan oinarritutako jarreren ikus-entzunezko adierazpenak saritzen dira.

Edizio honetan 310 izan dira aurkeztutako lanak, 69 udalerritakoak. Horietatik 216 lehen kategoriakoak dira, 12 eta 17 urte bitartekoena. Bigarren kategoriari dagokionez, 18 eta 26 urte bitartekoa, 94 lan aurkeztu dira. Kategoria bakoitzeko bi sari banatuko dira: 500 euroko lehen saria eta 300 euroko aipamen berezia. Horietaz gain, beste bi sari ere banatuko dira. Web-gunean egingo den herri-bozkaketarekin herria-saria aukeratuko da eta 300 euroko saria jasoko du. Eta, aurten ere, pasa den urtean lehenengo aldiz egin zen bezala, ikus-entzunezko ekoizpen onena baloratuko da 300 euroko sariarekin. Era berean, nabarmentzekoa da tokian-tokiko Beldur Barik lehiaketa ugari antolatu direla (Beldur Barik web gunean Lehiaketa Lokalei buruzko informazioa aurkituko duzue: http://beldurbarik.org/category/lehiaketa-lokalak-2015/).

Informazio gehiago: www.beldurbarik.org