Eudel
  • Gorka Urtaran elkarteburuak batasunerako eta kontsentsurako deia egin du EUDELen, “Euskadiko udalerri guztien elkartea gara-eta”. Gogora ekarri du larrialdi egoera honetan “elkartuta egotea komeni dela gizarte gisa, erakunde gisa eta udal gisa; denak batera”.
  • “Udalak eragile giltzarria gara lehengoratze sozioekonomikoan”. EUDELek elkartasuna adierazi die eragin handiena jasan duten sektoreei, eta Batzorde Eragileak erabaki du gaur bertan bidaltzea Euskadiko udal guztiei aste honetan ostalaritzaren eta sukaldaritzaren sektoreak EUDELi helarazi dion neurrien proposamena.
  • Gorka Urtaranek “Euskal Green Deal Udalak” herri eta hirien transformazio ekologiko, inklusibo eta erresilienterako aukera gisa sustatzea proposatzen du.

 

Elkarteburuaren, Gorka Urtaranen, hitzaldia

Bilbon, 2020ko azaroaren 12an. EUDELek gaur goizean egin du 2020ko Batzar Orokorra, formatu erdi-presentzialean, Elkarteak Bilbon duen egoitzatik. Udalen goi-bilera honek aukera eman die Euskadiko alkate guztiei modu birtualean berriz ere biltzeko, pandemia hasi zenetik lehen aldiz.

EUDELen Batzar Orokorra EUDELen elkarteburu eta Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek zuzendu du, eta berarekin batera izan dira mahaian Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea, eta Jose Antonio Santano, Irungo alkatea; horiek dira Euskadiko Udalen Elkartearen elkarteburuordeak.

Batzar Orokor honetan, Elkartearen 2020ko ekitaldiko urteko kontuak eta indarreko ekitaldiaren aurrekontua onetsi dira; hain zuzen, 2.784.983,80 euro dira, eta aurreko urtekoa baino % 11,6 txikiagoa da. Halaber, EUDELek 2021. urteko aurrekontua onetsi du; 2.991.680,36 eurokoa izango da.

Gorka Urtaran elkarteburuak Batzarrean eman duen lehen mezua EUDELen gobernu-organo guztietako ordezkariei eskerrak emateko izan da, udalerri guztien “etxe komuna” eraikitzen laguntzen baitute. Gorka Urtaranek gogora ekarri duenez, “hemen gaude interes komunak batzeko, eskuz esku lan egiteko, udalentzat eta euskal gizarte osoarentzat onuragarriak diren helburuak lortzeko”.

Euskadiko udalerrien urteroko topaketa honek aukera eman du pandemia hasi zenetik gertatu den guztiari buruzko balantzea egiteko, bai toki-mailan bai maila globalean, bai eta hausnarketa egiteko ere, Euskadiko udalen gaur egungo erronkei eta etorkizuneko erronkei buruz.

Ostalaritzaren sektoreak proposatutako neurriak

Gorka Urtaranek Batzar Orokorreko kideei jakinarazi die Batzorde Eragileak, saioaren aurretik egin duen bideokonferentzian, erabaki duela gaur bertan bidaltzea Euskadiko udal guztiei ostalaritzaren eta sukaldaritzaren sektoreak EUDELi helarazi dion neurrien proposamena. Sektoreko elkarteek asteartean egindako bilera telematikoan aurkeztu zizkieten neurriak elkarteburuari eta elkarteburuordeei.

EUDELek gaur udal guztiei bidaliko dien komunikazioak bi helburu ditu. Batetik, bere elkartasuna erakustea sektoreari, “gure idiosinkrasiaren parte baita eta gure herriak eta hiriak bizirik mantentzen baititu”. Eta, bestetik, ostalaritzako elkarteen euren eskariz, alkate guztiei jakinaraztea zer neurri proposatu dituzten, udal bakoitzak aztertu ditzan eta, udal autonomiatik, erabaki dezan nola jokatu une bakoitzean eta duen egoeraren arabera.

“Gure ustez, neurri horiek batasunetik har daitezke; izan ere, neurri horiek udal guztien artean koordinatuta hartzen badira, askoz ere eraginkorragoak eta efizienteagoak izango dira” adierazi du Gorka Urtaranek.

Egoera ekonomikoa

EUDELen elkarteburuak Udal Finantzaketarako Foru Funtsei dagozkien datuak errepasatu ditu, bai eta lurralde bakoitzean zer formula ezarri den ere, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan Foru Aldundiek udalekin partekatzeko defizit-marjinari dagokionez.

Ekintza lerroak

Gorka Urtaranek EUDELen 2021. urterako ekintza lerroak aurkeztu ditu. Bi hauek markatzen dituzte: “osasun-larrialdi batek, hau da, gure bizitzak babesteak” eta “lehentasun batek, leheneratze sozioekonomikoa sustatzeak”.

Elkarteburuak azpimarratu du EUDELek “funtsezko helburua” duela LABI batzordean, osasun-krisia kudeatzeko neurriak koordinaturik egon daitezen eta berdinak izan daitezen Euskadiko udalerri guztietan.

Urtaranek hiru ardatz estrategiko proposatu dizkie bere kideei, Euskadiko udalerrien ekintzei laguntzeko, eta “EUDELen eskutik”.

  1. BATASUNA ETA ERANTZUKIZUN PARTEKATUA:

“Talde-lana” udal gisa, eta EUDELen barneko “kontsentsua zainduz”, tokiko interesak babesteko eta “udalerri bat ere ez dadin atzean gelditu”.

  1. ERAKUNDEEN ARTEKO ELKARLANA; eraginkorra, efizientea eta “norabide bikoitzekoa”:

Erakunde guztien artean estrategia partekatu bat definitu, eta partaidetza zuzenerako kanalak ireki; horrela, udalek Euskadi berraktibatzeko ekarpena egin ahal izango dute, udal autonomia eta nahikotasun finantzarioa baliatuta.

  1. Next Generation eta Green Deal Europaren etorkizuna eraikitzeko tresnen AUKERA:

Aliantza publiko-pribatuak eratu, Tokiko Itun Berdeak (“Green Deal” Euskadiko udalerriak) sustatzeko, Euskadiko udalerrien eraldaketa ekologiko, inklusibo eta erresilientean aurrera egiteko.