Eudel

Author

eudel

Azken berriak

Vitoria-Gasteizen, 2016ko ekainaren 2an. Imanol Landa Getxoko alkateak, EUDELen elkarteburu moduan, eta Maite Etxebarria Abanto-Zierbenako alkateak, EUSKAL FONDOAren presidente moduan, azken agurra eman nahi izan diote Mohamed Abdelaziz liderrari. Horregatik, gaur goizean Gasteizera etorri dira biak, Euskadiko Saharako Ordezkaritzaren eta SEADen Lagunak elkartearen ekimenez atzodanik Florida Parkeko Kultur Etxean herritarren eskura dagoen Doluminen Liburuan sinatzera.

Modu horretara, doluminak eman dizkiote, Euskadiko Udalen izenean, Saharako herri osoari; izan ere, betidanik izan da solidaritatean eta adiskidetasunean oinarritutako harreman berezia bi herrien artean, eta, horri esker, lotura estua lortu da Euskadi eta Sahararen artean.

 

EUDELen eta EUSKAL FONDOAren ordezkariek “askatasunaren eta bere herriaren eskubideen aldeko borrokalari nekaezin gisa” aintzatetsi dute Abdelaziz, bai eta “duintasunasunaren eta justizia unibertsalaren defendatzaile gisa ere”. Biek goraipatu dute “elkarrizketaren eta gatazkari konponbide baketsua bilatzearen alde Fronte Polisarioko lider historikoak izandako konpromisoa”.

Joan den asteartean, maiatzaren 31n, gaixotasun luze baten ostean hil zen Mohamed Abdelaziz, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko (SEAD) presidentea eta Fronte Polisarioko idazkari nagusia 1976. urteaz geroztik. Iaz Bakearen aldeko Gernika Saria jaso zuen, Giza Eskubideen defentsan eta Saharako bake prozesuaren alde egindako lanagatik.

Bizkaiko katastroaren berrikusketa 2017

Katastro-berrikusketa dela eta lurraldeko udalek hartu beharreko erabakiak errazteko asmoz, EUDELek Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzko zerga-ordenantza eredu bat landu du, 3/2016 eta 4/2016 Foru Arau berrietara egokitua.

Ereduak 14 artikulu eta azken xedapena dauzka. Bertan hutsune batzuk jarri dira, udal bakoitzak egokitu ahal izateko. Era berean, 21 azalpen-oharrez eta azpi-oharrez osatu da, betetzea errazagoa izan dadin.