Eudel

Author

eudel

Azken berriak

Maiatzaren 9an, Europako Eguna dela-eta, EBko Eskualdeen Batzordeak (CDR) «Europako Multimailako Gobernantzaren Gutuna» sinatzeko gonbidapena egin die tokiko eta eskualdeko agintariei. Europako Parlamenturako hauteskundeak maiatzaren 23tik 25era bitartean egingo direnez, CDRk «multimailako gobernantza» erabiltzeko gonbita egiten die gobernu-maila guztiei, politikak lantzeko printzipio gidari gisa. Modu horretan, elkarrengandik ikasiko dute, praktikarik onenak partekatuko dituzte eta demokrazia parte-hartzailea hobeto garatuko dute. Gutuna online dago eskuragarri, eta, sinadura elektronikoren bitartez, hiri zein eskualdeek bertan sina dezakete, www.cor.europa.eu/mlgcharter helbidean.

Zer da Multimailako Gobernantzaren Gutuna?

Gutuna CDRk onartu zuen 2014ko apirilaren 3an, eta Europako Kontseiluko Tokiko eta Eskualdeetako Botereen Biltzarraren babesa ere badu. Europako hiri eta eskualdeetako manifestu politikoa da; bertan, agintari publiko guztiak gonbidatuta daude «multimailako gobernantza» errealitate bihurtzera, politiken eguneroko prestaketan eta aplikazioan. Horren ondorioz, lehenengo eta behin, gobernu maila guztien artean (tokikoa, eskualdekoa, estatukoa eta europakoa) elkartuta lan egin behar da, eta zenbait printzipio aplikatu behar dira, politiken prestaketa eraginkorra gidatzeko. Printzipio horien artean daude parte-hartzea, lankidetza, irekiera, gardentasuna, integrazioa eta politiken koherentzia, eta denak dira funtsezko baldintzak politika publikoen arrakasta bermatzeko, herritarren intereserako.

CDR-ren presidente Ramón Luis Valcárcelek hauxe adierazi zuen: «Europako Egunean, 2014ko maiatzaren 9an, Europako hauteskundeak baino bi aste lehenago, CDR-ren Multimailako Gobernantzaren Gutuna sinatzeko kanpainaren hasierak agerian jartzen du Europa osoko eskualdeetako eta tokiko agintariek EBko politiken prestakuntzan buru-belarri parte hartzeko borondatea dutela. Gobernuetako maila guztietako arduradunek batera arituz baino ezin izango dute konpondu «betearazpenaren defizita», eta, modu horretan, bermatuta geratuko da EBk zenbait helburu lortuko dituela: garapen iraunkorra, kalitatezko lanpostuen sorrera eta lurraldearen kohesioa, hain zuzen ere».

Juridikoki loteslea ez bada ere, Gutuna sinatzen dutenek konpromisoa hartuko dute multimailako gobernantza erabiltzera politika publikoen kudeaketarako, sektore publiko eta pribatuekin batera proiektuak abiarazteko, lurralde mailako lankidetza garatzeko eta administrazioa modernizatzeko. Hori guztiori CDR-ren konpromisoaren parte da. Modu horretan, «subsidiariotasun» printzipioaren aplikazio egokia bermatuko da, horrek herritarrekiko mailarik eraginkorrenera eta hurbilenera eramaten baititu erabakiak.

Nork sina dezake?

  • Europar Batasuneko tokiko eta eskualdeetako agintari guztiek sina dezakete Gutuna, hau da, hiri, konderri, barruti, metropolialde, probintzia, eskualde eta abarretako agintariek.
  • Tokiko eta eskualdeetako agintarien Europako zein estatuetako elkarteek, bai eta tokiko eta eskualdeetako agintarien sareek ere, babes ofiziala eman dezakete.
  • Gobernantza-maila guztietako politikariek eman dezakete babesa, Gutuna sinatuz.

Zein helbururekin?

Gutunarekin bat eginez gero, sinatzaileek erronka hauek lortzeko ahalegina egingo dute:

  • multimailako gobernantza erabiltzea «ikuspuntu europarra» sustatzeko euren eskualde edo hirian, tokiko mailatik Europako mailara bitarteko organo politiko eta administratiboekin lankidetzan arituz, eta alderantziz;
  • mugaz gaindiko lankidetza sustatzea beste eskualde eta hiri batzuekin, oztopo administratiboak eta muga geografikoak gaindituz;
  • administrazioa modernizatzea, aukera digital eta berritzaileak erabat aprobetxatuz, gardentasuna eta irekiera handituz, eta herritarrek erraz eskura ditzaketen kalitatezko zerbitzu publikoak eskainiz;
  • herritarren eta gizarte zibilaren partaidetza sustatzea prozesu erabakigarrian, demokrazia parte-hartzailea gehiago garatuz.

Zeintzuk dira onurak?

Atxikimenduari esker, Gutunarekin bat etorriz egiten diren sinatzaileen ekimenek ikusgarritasun handiagoa izango dute. Ekimen horiek Gutunaren webgunean erakutsiko dira, bai eta tokiko eta eskualdeetako, kide diren estatuetako eta Europako instituzioetako agintarientzat antolatutako goi mailako ekitaldietan ere.

Gutunaren webgunea eta ekitaldiak trukerako plataforma gisa erabiliko dira, helburu hauek lortzeko:

  • beste sinatzaile batzuek abiarazitako praktika onak eta proiektu berritzaileak identifikatzeko;
  • bazkide potentzialak bilatzeko, ekimen bateratuak abiarazi aurretik;
  • EBren politikak toki eta eskualde mailan prestatu eta gainbegiratzeko, baina Europako instituzioekin batera ere bai.

Zer egin behar da atxikimendua emateko?

CGutuna sinatu edo babesteko, tokiko eta eskualdeetako agintariek eta bertako sareek/elkarteek online formulario labur bat bete beharko dute. Formularioa hemen dago eskuragarri: www.cor.europa.eu/mlgcharter

Aurrekariak

2009ko Multimailako gobernantzaren Liburu Zuria delakoaren bitartez, CDRk kontsulta-prozesua abiarazi zuen Multimailako Gobernantzaren Gutuna egiteko, Europar Batasuneko balio komunen multzoan europar gobernantzaren ulermen bateratu eta partekatua integratzeko. Kontsulta publikoaren amaieran, CDRk bere konpromisoa berritu zuen «Multimailako gobernantzaren kultura europarra garatzea: Eskualdeetako Batzordearen Liburu Zuriaren jarraipena» Irizpenean. Geroztik, multimailako gobernantzaren erabilera gainbegiratzeko metodo bat modu aktiboan garatzen ari da, eta, aldi berean, horren inguruko adierazleen koadroa modu erregularrean aurkezten dabil; era berean, multimailako gobernantzaren praktika onak biltzen ari da, Europar Batzordearekin lankidetzan.

Aitortu da multimailako gobernantza printzipio gidaria dela EBren arau berrietan, 2014-2020 Egitura eta Inbertsio Funtsen kudeaketarako.

Informazio gehiagorako:

  • Eudel, Euskadiko Udalek Gobernu Onaren alorrean izandako esperientzia aurkeztera eta Europako tokiko eta eskualdeetako beste gobernu batzuekin partekatzera gonbidatu dute Innsbruck Austriako hirian maiatzaren 8an eta 9an izango den hitzaldian.
  • Europako Kontseiluaren Tokiko eta Eskualdeetako Botereen Biltzarrak, Eskualdeetako Batzordeak eta Tiroleko Gobernuak berak antolatu dute Nazioarteko topagune hau.
  • Hitzaldiaren barruan, Maximiliano Enperadorearen Europako Sariaren 16. edizioa emateko ospakizuna egingo da.

Ibone Bengoetxea EUDELeko lehendakariak inauguratzeko ekitaldian parte hartuko du maiatzaren 8an, ostegunean, Herwing Van Staa Tirol eskualdeko Parlamentuaren Lehendakariarekin eta Winfried Bausback Bavariako Justizia Ministroarekin batera. Euskadiko Udalen izenean, Ibone Bengoetxeak gardentasun, Gobernu On eta etika publikoaren alorrean, ustelkeriari aurrea hartzeko Euskadiko tokiko gobernuetan ezartzen ari diren erabakiak azalduko ditu. Tokiko hautetsien Jokabide Kodea edo Gardentasunaren aldeko Euskal Udalen Sarea EUDELek berak duela gutxi sustatutako esperientziak dira eta Eudeleko Elkarteburuak hizpide izango ditu.

Egun bietan hitzaldiak tokiko eta eskualdeetako gobernuen arteko eztabaidagunea irekiko du eta probetxuzkoa izango da diagnostikoa egin eta proposamenak partekatzeko, ustelkeriaren aurka prebentzio neurri gisa Gobernatzeko Era Ona sendotzeko asmoz.

Biltzarrean ustelkeriaren aurkako borrokaren Europako erakunde nagusietako ordezkariek parte hartuko dute: Ustelkeriaren aurkako Estatuen Taldea (GRECO), Europako Batzordearen Iruzurra Borrokatzeko Bulegoa (OLAF), Ustelkeriaren aurkako Nazioarteko Akademia, Sektore Publikoaren Kanpo Kontrolerako Eskualdeetako Instituzioen Erakundea (EURORAI), edo Luxenburgoko Justizia Auzitegi bera.

Maximiliano Enperadorea Saria

Europako agintari ugari bilduko dituen topagunea izateko aukeraren aurrean, Tiroleko gobernuak Nazioarteko Hitzaldi hau Maximiliano Enperadorearen Europako Sariaren 16. edizioarekin batera ipini du. Aurten garaikurra Herwing Van Staa Eskualdeko Parlamentuaren eta Europako Kontseiluaren Biltzarraren Lehendakariari emango diote, Europako tokiko eta eskualdeetako politikari emandako ekarpenagatik. Saria emateko ekitaldian EUDELeko Elkarteburua egongo da eta maiatzaren 8an bertan, arratsaldez, egingo da Innsbruckeko Gaztelu Inperialean bertan.