EUROPAKO GUTUNAREN WEBGUNEAK UDALEK BERDINTASUNAREN ALDE EGITEN DUTEN LANA ZABALTZEN DU
Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluak (CMRE) ekarpenak, esperientziak eta praktika onak bidaltzeko gonbidapena egiten die Europako tokiko eta eskualdeetako erakundeei, Emakumeen eta Gizonen Tokiko Bizitzaren Berdintasunerako Europako Gutunaren Behatokiaren webgune berriaren (www.charter-equality.eu) bitartez zabaldu daitezen.
EUDELek Euskadiko udalak animatu nahi ditu, Behatokiak Gutunaren sinatzaile guztiei eskaintzen dien espazio birtual berri honetan presente egon daitezen; izan ere, tresna horrek nazioarte mailako ikusgarritasuna eta sustapena emango die udalei.
Webgune hori aukera ona da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren alde Euskadin egiten den lanaren eta sustatzen diren ekintzen berri emateko Europako gainerako herrialdeetan.
Nola prestatu eta abiarazi berdintasun plan bat, non aurkitu praktika onak edo norekin jarri harremanetan ebaluazioak egiteko… Horiek dira webgunearen bitartez erantzuna jaso dezaketen zalantzetako batzuk. Webgunea ingelesez eta frantsesez dago, eta hizkuntza gehienetara itzultzen duen aplikazio bat ere badauka.
Webgune berria 2013ko urtarrilaren 31n eman zen ezagutzera, Parisen egindako Tokiko Emakume Hautetsien Nazioarteko Biltzarrean (EUDELek ere hartu zuen parte bertan).
Beste alde batetik, oraindik ere Emakumeen eta Gizonen Tokiko Bizitzaren Berdintasunerako Europako Gutunarekin bat egin ez duten Europako tokiko eta eskualdeetako elkarteei dagokienez, Eudelek atxikimendua emateko gonbita egiten die, berdintasunarekiko duten jarrera eta konpromisoa jendaurrean erakusteko eta berdintasuna lortzeko behar diren neurriak hartu ahal izateko. Demokraziaren zalantzarik gabeko balioaren isla izango da hori.
Gutunaren Behatokia Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluak (CMRE) sortu zuen 2012ko martxoan. 2006an Gutunaren zabalkundea egin zenetik, 1.300 sinatzaile izan ditu, eta, hain zuzen ere, beraien gaineko jarraipena egitea eta babesa ematea da Behatokiaren asmoa.
*Jarri harremanetan EUDELeko Berdintasun Sailarekin, Berdintasunaren aldeko Europako Gutunera atxikitzeko
Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateetan Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) garatzea.
Diru kopurua: 1.385.500 euro
Eskabideak aurkezteko epea: 2013/05/07 – 2013/06/06
Aurkezteko epe-muga: 2013ko ekainaren 6a
Ebazteko epea: EHAAn argitaratu eta 6 hilabeteko epean.
NORI ZUZENDUA
Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateak eta, euren xedeen artean hizkuntza normalizazioa izanez gero, toki-entitateen menpeko edo haiei lotutako zuzenbide publikoko entitateak. Era berean, onuradun izan daitezke xede horrekin lankidetza-hitzarmen bidez elkartutako toki-entitateak.
AGINDUA, 2013ko maiatzaren 2koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateetan Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) garatzeko diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.
Hurrengo gaiei buruzko ikastaroetan izena emateko epea ireki da: Jarduera eta zerbitzuen gaineko araudia – Herritarren Arreta (gaztelania/euskara)- Laguntza soziala
EUDELek, HAEEren eta hiru Foru Aldundien laguntzarekin, interesekoak diren lau ikastaro eskainiko ditu ekainean. Ikastaroak Tokiko Herri Administrazioan diharduen langile orori zuzenduta daude.
Ikastaroak:
1. JARDUERA ETA ZERBITZUEN gaineko tokiko esku-hartze administratiboaren egungo ARAUDIA.
Jarduera eta zerbitzuen esku-hartzeari buruzko tokiko araudi berriaren, horrek antolamenduan duen eraginaren, egokitzapen arazoen eta tokiko erakundeetan eredua ezartzeko jarraibideen azterketa.
2. Tailerra: HERRITARREKIKO ARRETAREN BER/BILAKAERA. Egoera zailei erantzun egokia emateko gaitasuna indartzea.
Egoera gatazkatsuak edo tentsio handiko egoerak behar bezala kudeatzeko gaitasunetan eta tresnetan trebatzea, eta erantzuteko gaitasuna handitzea herritarrak artatzeko orduan.
Tailer honek euskarazko edizioa ere izango du.
3. Tailerra: HERRITARREKIKO ARRETAREN BER/BILAKAERA. Egoera zailei erantzun egokia emateko gaitasuna indartzea. (Euskaraz)
4. LAGUNTZA SOZIALA lehen mailako arreta zerbitzuetan.
Ezagutza profesionalak sendotzea, gizarte zerbitzuetako funtsezko esparru batean. Laguntza eskatzen duten pertsonei sostengu eraginkorra eta egokia lortzea du helburu, modu autonomoan moldatu daitezen eta gizarteratzea hobetu dadin.
IZENA EMATEKO ETA INFORMAZIO GEHIAGORAKO:
Matrikulazio eskabideak prestakuntza-koordinatzaileei bidali behar zaizkie, posta elektronikoaren bitartez, hurrengo helbidera: prestakuntza@ivap.es. HAEEk onartutako ikasleak berretsiko ditu.
Informazio gehiagorako: www.eudel.net