Eudel
  • Datorren asteazkenean, ekainaren 23an., EUDELek eta Emakundek elkarlanean sustatzen duten sareak tailer bat antolatu du berdintasuneko eta indarkeria matxistarik gabeko festen arloko jardunbide egokiak trukatzeko

2021eko ekainaren 21a. EUDELek eta Emakundek elkarlanean sustatzen duten Berdinsareak berdintasuneko eta indarkeria matxistarik gabeko festen arloko jardunbide egokiak trukatzeko tailerra antolatu du datorren asteazkenean, ekainaren 23an. Saioa EAEko udaletako berdintasun, kultura eta jai arloetara zuzenduta badago.

Asteazkenekoa Berdinsarearen 2021-2022 ekintza plan berriko “Berdintruke” hartu-eman zikloko lehen saioa izango da. Berdintruke horren bitartez, aurrera egiten jarraitu nahi da tokiko festetan esku hartzeko abiarazitako prozesu eta estrategien inguruan, emakumeak festaren hainbat esparrutan sar daitezen sustatuz, eta, aldi berean, jaien fenomenoaren inguruan sentsibilizatzeko eta genero-ikuspegia zabaltzeko.

Tailerra EUDELek Bilbon duen egoitzan bertatik bertara egingo da, eta Gernikako, Berrizko, Tolosako eta Vitoria-Gasteizko udaletako esperientzia-panel bat izango du (12:30etik aurrera). Lau horiek dira “Emakumeek Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko jaietan parte hartzeko estrategiak”  Emakunderen azterlanerako oinarritzat erabili dituzten tamaina guztietako bederatzi udalerrietako batzuk, hainbat tamainatakoak. Azterlan hori Eusko Legebiltzarraren enkarguz egin da, eta tokiko festetako kasuak aztertzean oinarritu da. Lurralde bakoitzeko hiru udalerri daude, eta egokitzapen-prozesu bat egin dute, emakumeen eta gizonen berdintasuneko parte-hartzea ahalbidetzeko.

Azterlanaren egileetako bat izan den Margaret Bullenek, antropologa feminista eta EHUko irakasalea, gidatuko du tailerra. Bullenek txostenean gai hauei buruz ateratako ondorioak azalduko ditu: emakumeek ekitaldi nagusietan duten parte hartzea, erritualak, sozializazio-guneetara sartzea, edo festetako erabaki nahiz erantzukizun postuetan duten presentzia.

Pandemiaren ondorioz herriko jaiak etenda daude, baina horiek antolatzea epe luzeko prozesuak izaten dira, eta Berdinsareak egokitzat jo du trantsizio garaia aprobetxatzea jai eredua gizartearen errealitatera egokitzeko. Sareko indarkeriaren batzordeak bultzatzen du lan hori, eta EAEko herri askok jaietan emakumeen eta gizonen berdintasuneko parte hartzean egindako aurrerapenak ikusaraztea du helburu. Jardunbide egokiak erreferentzia izango dira ekinbide horretan lan egin edo lanean jarraitu nahi duten udalerri guztientzat.

Berdinsarea “laborategi” edo behatzeko gune gisa eratu da, errepikagarriak edo inspiratzaileak izan daitezkeen tokiko esperientziak eta jardunbide egokiak identifikatzeko eta partekatzeko. Sarea udalen arteko koordinazio eta lan-esparru bateratua da, bai eta gainerako euskal erakundeekin ere.

Berdinsareak berdintasunerako tokiko politiken buru izan den 15 urteko ibilbidea ospatuko du aurtengo 2021 honetan, EAEko biztanleen % 80 baino gehiago ordezkatuz. Sare aitzindaria da, Berdintasunerako Europako Gutunarekin batera sortu zena, eta abangoardiako Europako politiken ildo berean jarraitzen du. Sarea jardunbide berritzaileenak dituzten udalek gidatzen dute, eta estrategia eta ekintza komunak lantzen dituzte, aurrerapausoak bultzatuz lor ditzagun udalerri berdintasunekoak, inklusiboak eta askeak, eta, aldi berean, osasungarriagoak eta jasangarriagoak izango direnak.