Urtero bezala, Euskadiko Udalen Elkarteak azaroaren 25eko Adierazpen Instituzionalaren proposamena egin eta zabaldu die udalerriei, EAEko udalei emakumeen aurkako indarkeriarekiko konpromisoa hartzeko eta ekiteko esparru komun bat eskaintzeko.
Emakunderen eta erakundeen kanpainaren ildoan, EUDELek Adierazpenean azpimarratu du indarkeria matxistak “beldurra eta lotsa inguru bat” eragiten jarraitzen duela, “joera duena emakume biktimak isolatzeko eta isilarazteko, biktimarioen zigorgabetasun-sentsazioa areagotzen duena”. Eta gogorarazi du ondorio horiek larriago bizi dituztela emakume zaurgarrienek, hala nola adinekoek, landa-eremu sakabanatuetan bizi direnek, desgaitasuna dutenek, emakume atzerritarrek edo/eta komunitatean gutxien errotuta daudenek.
Aurtengoan, Adierazpenak komunitatea azpimarratu du, prebentzioa, detekzio goiztiarra eta erreparazioa gauzatzeko funtsezko elementu moduan. EUDELek azpimarratu du lotura komunitarioek —auzoak, lagunek, kuadrillak— goiz ohartarazi dezaketela indarkeria-seinaleez jabetzean, eta sororitatea zein hurbileko laguntza funtsezkoak direla indarkeria matxista jasaten duten emakumeei laguntzeko.
Halaber, Euskadiko Udalen Elkarteak tokiko komunitateek kaltea konpontzean duten funtsezko egitekoa azpimarratu du, sustatuz aitortza publikoa, indarkeriaren salaketa soziala eta biktimekiko elkartasuna.
EUDELek gonbita egin die udalei herritarrak mobilizatzera bultza ditzaten, indarkeria publikoki salatzeko eta biktimekiko elkartasunerako. Erakundeen konpromisoa onartzeaz gain, Adierazpenak jarduera-ildo zehatzetan aurrera egitea proposatu die tokiko gobernuei, besteak beste, honako hauetan:
- Hurbiltasun-sareak eta komunitate-espazioak indartzea, bereziki zaurgarritasun-egoeran dauden emakume eta neskentzat.
- Tokiko komunitatera iritsi berriak diren emakumeak komunitatean txertatzea errazteko harrera- eta integrazio-programak bultzatzea.
- Zerbitzu publikoen eta tokiko elkarteen arteko laguntza-sareak ehuntzea, batez ere hezkuntza, osasun, kultura eta aisialdi esparruetan.
- Indarkeria matxista hutsaltzen edo legitimatzen duten arrazoibideak zalantzan jartzen dituzten sentsibilizazio-kanpainak garatzea.
- Tokiko emakumeen mugimendu feminista babestea eta koordinatzea.
Azkenik, EUDELek, Adierazpen honekin, udalerriei laguntzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko komunitate seguruagoak eta berdinzaleagoak eraiki ditzagun.