Eudel
  • Administrazio publikoetan, politikagintzan eta gizarte zibilean emakumeek duten lidergoa aztertu da

Natividad López de Munain Burgeluko alkate eta EUDELeko ordezkariak Basqueskola-Euskadiko emakumeen hautetsien sarearen esperientzia partekatu du Gobernu Irekirako Aliantzaren Goi Bilera Globalean, aste honetan Gasteizko Europa Jauregian. Hain zuzen ere, urriaren 8an, goi-bileraren anfitrioi Gasteizko Udalak antolatutako “Emakumeak eta lidergoa” gaiari buruz aritu zen López de Munain, panel zentraletako batean.

Panel horren barruan, Natividad López de Munainek, Basqueskolaren ordezkari gisa, paper aktiboa izan zuen esperientziak eta proposamenak azaltzerakoan, beste hizlari garrantzitsu batzuekin batera, hala nola Pilar Moreno, Sektore Publikoko Emakumeak elkarteko kidea, eta Ana López de Uralde, Gasteizko Udaleko Berdintasun zinegotzia.

Euskadiko emakumezko alkateen eta zinegotzien sare gisa, Basqueskolaren parte-hartzea funtsezkoa izan zen emakumeen lidergorako ekintza-ildoak ikusaraztean: informazioa, prestakuntza (birtuala eta presentziala), ezagutza sortzea, tokiko hautetsien arteko itunak, sareak eta aliantzak sustatzea, eta intzidentzia.

Hitzaldien ondoren, Miren Fernández de Landak, Gobernu Irekien eta Gizarte Etxeen zinegotzi arduradunak, eztabaidaren ondorioak jaso zituen, lau ekintza-ildo komunetan egituratuta: kontzientziazioa, sentsibilizazioa, prestakuntza eta ahalduntzea. Honako hau nabarmendu zen:

  • Tratatutako hiru eremuetan (instituzionala, politikoa eta gizarte zibila) funtsezkoa da emakumeen rola ikusaraztea eta emakumeen parte-hartzearen garrantziari buruzko kontzientzia kritikoa garatzea.
  • Sentsibilizazioak benetako berdintasuna eragozten duten oztopoei aurre egin behar dio, eta gogorarazi behar du gaur egun erantzukizun publikoko lanpostuen % 30a soilik betetzen dituztela emakumeek.
  • Ikerketak, berdintasun-politikak aztertzen dituzten proiektuak eta erakundeen arteko laguntza-sareak sortuz bultza daiteke prestakuntza.
  • Ahalduntzea sustatu behar da, sektore publikoaren barruan lidergo-eredu desberdinak ahalbidetuko dituzten espazioak sortuz.