Eudel

EUDELEK ETA BIZKAIKO FORU ALDUNDIAK LANKIDETZA BERRITU DUTE UDALERRI TXIKIETAN BERDINTASUN POLITIKAK BULTZATZEKO

  •  Bi erakundeek hitzarmena sinatu ostean, lehen aldiz bildu dira gaur 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrientzako ekintza estrategia diseinatzeko.

  Bilbao, 2012ko martxoaren 14a. Bizkaiko Foru Aldundiak eta EUDELek Berdinbidean Bizkaia programa berrabiarazi dute; berdintasunaren arloko aholkularitza eta dinamizazio zerbitzua da, 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrientzat.

Lehenengo lan-saioa egin dute gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan, foru erakundearen, EUDELen eta Emakunderen ordezkariekin batera programa aurkezteko. Hurrengo bilerak teknikoak izango dira, eta modu deszentralizatuan egingo dira Bizkaiko lurraldean zehar. Saio horien helburua da lurraldeko udalerriek Berdintasunaren esparruan dituzten beharrak hautematea, baita Bizkaiko udaletan berdintasunezko tokiko politikak indartzea eta bultzatzea ahalbidetuko duen ekintza-estrategia zehaztea ere.

Ekimena Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eudelen artean sinatutako lankidetza hitzarmenaren barruan dago, eta horren xedea da Bizkaiko udalerri txikietan berdintasunezko tokiko politikak indartzea eta bultzatzea, esfortzuak eta baliabide publikoak ahalik eta ondoen erabiltzea ahalbidetzeko beharrezko koordinazioa eta laguntza teknikoa eskainita.

Berdinbidean programak arrakasta izan du Araban eta Gipuzkoan ere; ekimena 2009an sortu zen Berdintasunaren aldeko udalerrien Berdinsarea izeneko sarearen baitan.  Sare horrek populazioaren %75 hartzen du, eta udalerri handi eta ertain asko daude bertan. Berdinbidean programak, bere aldetik, laguntza ematen die Berdintasun politikak bultzatzeko baliabide handiagoak behar dituzten udalerri txikiei.

Berdinbidean programan, Emakundek eta Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak ere hartzen dute parte.

 Berdinbidean Bizkaia programa (Berdinbidean programaren logoa)

Zein dira bete nahi dituen helburuak?

  1.  Udalerri txikiei emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko ekimenak abian jartzeko laguntza eskaintzea.
  2.  Berdintasunaren esparruan, udalerrien arteko talde-lana eta esperientzia-trukaketa bultzatzea.
  3.  Udalerrien ekintzak Bizkaiko Foru Aldundiaren berdintasun politikekin koordinatzea.

Zergatik sortu Aholkularitzarako Zerbitzu Berezia?

  •  Hainbat udalerri txiki Aldundira eta Eudelera hurbildu direlako berdintasunaren esparruan aholku, orientazio eta finantzaketa eske.
  •  Bi erakundeek sare-lana sustatu nahi dutelako, eta euren esperientzia Bizkaiko udalerrien eskura jarri nahi dutelako.
  •  Udalerrietan berdintasun politikak ezartzea beharrezkoa delako: indarrean dauden berdintasuneko legeek hala eskatzen dute.
  •  Baliabideak urriak direlako eta BERDINBIDEAN programak lehen urratsak ematen eta ekimenak sendotzen lagunduko dielako udalerri txikiei.
  •  Berdintasunaren alde lan egiteak onurak dakartzalako komunitatearentzat eta hori osatzen dutenentzat, bai emakumeentzat bai gizonentzat.