Sexu-lehentasuna edo generoa alde batera utzita, gizarte-berdintasuneko kuota handiagoak lortzeko hamarkadetako borrokaren ondoren, erronka asko daude oraindik lortzeke; besteak beste, lesbianismoaren gizarte-ordezkaritza handiagoa lortzea, eta, horrela, gure gizartean oraindik dagoen lesbianen ikusgarritasun publiko faltari amaiera ematea. Homosexualitatearen gizarte-irudikapenak funtsean maskulinoa izaten jarraitzen du.
Lesbianak ikusezinak dira oraindik gure gizarteko esparru askotan: eskolan, familian, lanean, kaleetan… Ezin ditugu ahaztu lesbiana nagusiak, migratuak, asilo-eskatzaileak eta askotariko beste emakume lesbiana asko.
Ikusezintasuna beste indarkeria-modu bat da gizarte patriarkal honetan, emakumeei sexualitate aske eta autonomoa ukatzen jarraitzen diena. Hainbeste emakume lesbianen existentzia edo ikusezintasuna gaitzestea sistemak erabiltzen duen mekanismo bat da, gizartean sexu- eta genero-aniztasuna ukatzen jarraitzeko. Argi dago pertsona batzuek beldurra, lotsa edo sexualitateak eragiten dien errua dela-eta ezkutatzea beharrezkoa ikusten duten bitartean, ezinezkoa izango dela gizarte anitza eta plurala izatea.
Euskal erakundeok eta gizarte-eragileok, oro har, gizarte errespetuzkoagoa, bidezkoagoa eta integratzaileagoa eraikitzeko aukera eta betebeharra dugu, gure lan-agendetan lesbianekiko konpromiso esplizitua hartuz eta lesbianen ikusgarritasuna erraztuko duen testuingurua sustatuz. Horregatik guztiagatik, gizartea oro har, eta inplikatutako eragile guztiak, animatu nahi ditugu maila horretan konpromiso bat hartzera, sexu- eta genero-aniztasunari buruzko gaiak landuz eta gure gizarteko esparru guztietan baldintza egokiak sortuz lesbianak ikusarazteko.