Segurtasun Sailak hautatzeko eta trebatzeko prozesu bat deitu du udaltzaingoko bitarteko agenteen ( Oinarrizko Eskala eta C-2 Sailkatze Taldea) poltsa bat sortzeko, kidego horretan aldi baterako zerbitzua emateko. Izena emateko epea martxoaren 13an bukatuko da, goizeko 11tan, PLEAren www.arkauteakademia.net webgunean.
Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legean eta Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legean xedatutakoarekin bat eta Euskal Autonomia Erkidegoko zenbait udalek helarazitako eskaerak aintzat hartuta egin da deialdi hau.
Bai Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila, baina Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, jakitun dira zeinen arazo larriak dakartzan tokiko administrazioen arloan udaltzaingoko oinarrizko eskalako agenteak aldi baterako ordeztu beharrak, dela oporraldiak estaltzeko (normalean udan), dela haien funtzioak egiteko bitarteko agenteak izendatu beharra dakarten bestelako egoera jakin batzuetan.
Udalerrien bitarteko teknikorik eza dela-eta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia arduratuko da deialdiaz, hautaketaz zein prestakuntzaz, eta lan-poltsaren ondorengo kudeaketaz, berriz, Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritza arduratuko da; aipatutako poltsa, bestalde, behar beste araututa egongo da.
Aurten bitarteko 80 udaltzain trebatuko dira gutxienez
Udaltzaingoko bitarteko agenteen poltsa bat toki-korporazioen esku aurtengo bigarren hiruhilekoaren amaierarako jartzea da asmoa, aipatutako kidegoetan dauden premiazko zerbitzu-beharrak, aldi baterako bada ere, estali ahal izateko. Lehen 40 udaltzainak ekainerako egongo dira prestatuta, eta gainerako 40ak urtean zehar, irailetik aurrera.
Hala, gaur asteartean, otsailak 25, deialdiaren oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, interesa duten pertsonek izena emateko aukera izango dute, 2014ko martxoaren 13 ostegun goizeko 11:00ak arte, PLEAren www.arkauteakademia.net webgunean.
Hartarako osatutako epaimahaiak erabakiko ditu ondoren proba bakoitza egiteko eguna, ordua eta tokia. Azken horiek behar bezala iragarriko dira Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webgunean, gutxienez 72 ordu lehenagotik. Halere, oposizioa martxoaren 29an hastea aurreikusita dago.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak hautatutako lagunak deituko ditu, lehentasun-hurrenkerari jarraituta, maiatzean prestakuntza-ikastaro bat egiteko. Ikastaro hori nahitaezkoa eta kanporatzailea izango da. Ikastaroa amaituta, prestakuntza hori egiten duten pertsonek ebaluazio bat gainditu beharko dute eskuratutako ezagutzak egiaztatzeko, eta gai edo ezgai kalifikazioa emango zaie.
Doako telefonoa informazio lortzeko
Doako telefono honetara deitzeko aukera dago: 900 840 088, astelehenetik ostegunerako ordutegian, 8:30etik 16:30era, eta ostiraletan 8:00etatik 14:00etara, horren gaineko informazio guztia lortzeko.