Eudel

Berriak

Konferentzia: Berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa

Azken berriak

Bilboren izendapena ofizialtzen da, akordio honen bidez, 2018ko ekainaren 11tik 13ra bitartean egingo den Berdintasunari, aniztasunari eta gizarteratzeari’ buruzko konferentzia egoitza gisa. Konferentzian, aurreikuspenen arabera, 500 bat pertsonak hartuko dute parte.

  • Gaur, astelehena, 17:00etan izenpetu berri da Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen, Imanol Landa EUDELeko elkarteburuaren eta Stefano Bonaccini (Emilia-Romagna Italiako eskualdeko lehendakariak), Europako udalerrien lehendakari aukeratu berriaren arteko akordioa.
  • EUEK-ko lehendakari berriaren lehen egintza ofiziala den akordio honen bidez, Bilboren izendapena ofizialtzen da, ekainaren 11tik 13ra bitartean egingo den konferentzia tematikoaren egoitza gisa. Konferentzian, aurreikuspenen arabera, 500 bat pertsonak hartuko dute parte.
  • Bilboko 2018ko foroa urteko maila goreneko topaketa izango da Europa guztiko hainbat udalerri eta eskualdetako liderren artean. Hartara, funtsezko hitzordua izango da hurrengo urteetarako toki-mailako estrategia berria zehazteko, berdintasunaren eta gizarteratzearen inguruko politikei dagokienez.
  • Imanol Landa EUDELeko elkarteburuaren aburuz, Bizkaiko hiriburua egoitza gisa aukeratu izana “Europako gure homologoek gugan jarritako konfiantza-erakusgarria” da, eta, era berean, “beste aukera bat Europa guztiko udalerrien arteko sare-lana egiteko nahiz praktika onak partekatzeko”.

Gaur arratsaldean bertan, 17:00etan, izenpetu dute Maastricht hirian (Limburgeko probintzia-egoitzaren erakina), Bilboko alkateak, EUDELeko elkarteburuak eta Europako udalerrien kontseiluko (EUEK) lehendakari aukeratu berri Stefano Bonaccini Emilia-Romagna Italiako eskualdeko lehendakariak. Lider italiarra aukeratuta gertatu da Zuzendaritza Batzordean 61 botoz, bigarren hautagaiaren 34 botoen kontra, Yvan Mayeur Bruselako Alkatea.

Europako hiriburu horretaraino joan dira Bilboko alkate Juan Mari Aburto, eta, EUDELen ordezkari gisa, elkarteburu eta Getxoko alkate Imanol Landa eta Berdintasunaren arduradun eta Galdakaoko alkate Ibon Uribe, Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluko (EUEK) Zuzendaritza Batzordearen bileran parte hartzeko. Bilera gaur eta bihar (astelehena eta asteartea) egingo da, eta toki-mailako 150 hautetsik hartuko dute parte, EBko estatu guztiak ordezkaturik.

‘Berdintasunari, aniztasunari eta gizarteratzeari’ buruzko konferentzia 2018ko ekainaren 11tik 13ra bitartean Bilbon hartzeko akordioa izenpetzea Zuzendaritza Batzordearen bilera horren barruan sartu da, Maastrichteko Tratatuaren 25. urteurrenarekin nahiz EUEK-ko lehendakari berria aukeratzearekin bat etorriz.

Europako Kontseiluaren mendeko erakunde horri, hain zuzen, Europako udalerrien ahotsa dela irizten zaio, 150.000 agintaritza publiko baino gehiago ordezkatzen baititu, 41 herrialdetako udalerri eta eskualdeen 55 elkartetan taldekatuta. Azken horien artean EUDEL dago, Euskadiko Udalen Elkarte gisa.

Bilboko hiriaren, EUDELen eta EUEKren arteko gaurko akordioak are garrantzi handiagoa du, Italiako eskualde-lehendakariaren lehen egintza ofiziala izanik, Europako kargu berria betez.

  • Bihar, asteartean, abenduaren 13an, Maastrichteko Zuzendaritza Batzordearen bigarren jardunaldian, EUDELeko elkarteburuak eta Bilboko alkateak berak 2018an Bilbon egingo den konferentziaren aurkezpen ofiziala egingo dute. Aurkezpena 11:30etik aurrera izango da, eta Zuzendaritza Batzordeko kide diren alkate, zinegotzi eta eskualde-ordezkariei egongo da zuzenduta.

Imanol Landaren aburuz, EUDELeko elkarteburu gisa zein EUEK-ko kide gisa, gure herrian Europako toki-gobernuen foro garrantzitsu hau hartu ahal izatea mugarri historikoa da, eta, beraz, ohore handia da hala Bilborentzat, nola Euskadiko udalerrientzat, oro har”.

Elkarteburuak dioenez, Europako Kontseiluak bere konferentzia Bizkaiko hiriburuaren esku utzi izana Europako gure homologoek gugan jarritako konfiantza-erakusgarria” da, eta“beste aukera bat Europa guztiko udalerrien arteko sare-lana egiteko nahiz praktika onak partekatzeko” ekarriko du berekin. Imanol Landak nabarmendu du “EUEK-k erreferentetzat ikusten gaituela berdintasunaren eta gizarteratzearen arloko politiketan. Eta hori da, erakundeen lankidetzari eta udalen konpromiso politikoari esker, gure herri eta hirietan izandako lorpen eta aurrerapenen ezagutzarik onena”.

Gaur arratsaldean, hain zuzen, konferentziaren akordioa izenpetu orduko, EUEKren ‘Toki-mailako berdintasunerako Europako Gutuna’ delakoaren X. urteurrenari buruzko eztabaidahasi da. Gutun hori 2006an onartu zen, tokiko eta eskualdeko agintaritzen berdintasunerako konpromisoa sustatze aldera, eta gaur egun arte Europako 32 herrialdetako 1.500 agintaritzak izenpetu dute (Euskadiko 36 tokiko erakunde tartean).

Gutunari buruzko eztabaidan, Ibon Uribe EUDELen ordezkari eta Galdakaoko alkateak hartu du parte, EUEK-ko Berdintasun Batzordeko uneko batzordeburu gisa.

  • Urriak 14, ostiralean, Bogoták amaiera eman zion tokiko gobernuei buruzko munduko goi-bilerari. Berdintasunari buruzko foro horretan, emakumezko tokiko buru eta hautetsiak bildu ziren, hala nola, Anne Hidalgo, Parisko alkatea, edo Manuela Carmena, Madrilgo errejidorea.
  • Ibon Uribek hizlari gisa parte hartu zuen foroan, Euskadiko udalerrien ahotsa helarazteko eta berdintasunaren alorrean egindako aurrerapenak azaltzeko, Euskadiko erakundeen lankidetzarekin batera.
  • Galdakaoko alkateak politikaren ‘feminizazioa’ sustatzea defendatu zuen, tokiko gobernuetatik, buruzagitza politiko indartsuaren bidez. Uribek ordezkaritzako kuoten garrantzia azpimarratu zuen, baita berdintasunerako tokiko politikei bultzada berria emateko irizpide eta tresnak sendotzeko beharra ere.
  • Gizonen eta emakumeen arteko oreka politikaren lehentasuna da CGLU erakundearentzat; izan ere, emakumezko zinegotziak %20 baino gutxiago dira, eta mundu guztiko alkatetzen %5 soilik betetzen dute.

Bilbon, 2016ko urriaren 15ean. Atzo, ostiralean, urriaren 14an, EUDELek genero-berdintasunaren aldeko Euskadiko udalerrien ahotsa helarazi zuen, planeta guztiko tokiko gobernuetako buruen aurrean. Lehenengo aldiz, EUDEL CGLU erakundearen (Hiri eta Tokiko Gobernu Batuen Sarea) munduko goi-bileraren programan parte hartzera gonbidatu dute; izan ere, Nazioarteko 5. Kongresua egiten ari da Bogotán, urriaren 12tik 15era bitartean.
Galdakaoko alkate Ibon Uribek, gaur egun Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluko Berdintasun alorreko presidentea denak, Bogotáko Goi-bilerari amaiera eman zion Berdintasuneko Foroan hitz egin zuen atzo. Bilera goizeko 11:00etatik 12:30era egin zen, eta gai hauek aztertu ziren, besteak beste: politikaren feminizazioa eta genero-berdintasuna sustatzeko modua, munduko tokiko gobernuen lehentasun gisa.

Bogotáko berdintasunerako forora mundu osoko hautetsiak eta hirietako buruak joan ziren. Zerrenda luze horretan, Kanada, Kamerun, Mauritania, Filipinak, Panama edora Kolonbia izan ziren, besteak beste. Burua Parisko alkate Anne Hidalgo izan zen; izan ere, CGLUko Berdintasun Batzordeko presidentea da. Estatu mailan, Madrilgo alkate Manuela Carmenak ere parte hartu zuen.


Bere hitzaldian, Ibon Uribek munduko toki gobernuei gonbidatu zituen Berdintasunaren aldeko buruzagitza politiko sendoa egitea, mundu guztiko herri eta hirietatik. “Udalerri eta eskualdeok aldaketa horren alde egin behar dugu, herritarrengandik hurbilen gauden erakundeak baikara, eta CGLU bezalako nazioarteko erakundeek funtsezko papera daukate zeregin horretan, beharrizan hori elkarte nazionaletara, tokiko gobernuetara eta munduko estatuetako erakundeetara eramateko, bai eta irizpideak eta tresnak ahalbidetzeko ere.” Uribek esan zuen atzo.

Aurrekoa lortzeko, EUDELeko ordezkariak hiru gako azpimarratu zuen: konpromiso politikoa, kuotak eta jabekuntza.

Europako inguruan erreferente garrantzitsuena da “Europako Gutuna Emakumeek eta Gizonek Tokian Tokiko Bizimoduan Izan Behar Duten Berdintasunerako” (2006, hamar urtetik indarrean).Gutun horren bidez, emakumeen eta gizonen bozkatzeko, hautagaiak izateko eta hautatuak izateko eskubideak defendatu eta babestu nahi dira. Emakumeak era esplizituan animatzen ditu, hautagaiak izateko hauteskundeetako zerrendetan izena eman dezaten. Era berean, alderdi eta talde politikoak adoretzen ditu, ordezkaritza orekatuaren printzipioa kontuan hartzeko eta ezartzeko.” Uribe alkateak azaldu zuen.

EUDELeko ordezkariak “aldaketa bizkortzeko esku hartzea” defendatu du; “legea egin behar da, kuotak ezartzeko, hautagaiek gizartea den bezalakoa ordezteko errazteko, naturaltasunez, hau da, esku hartu gabe urte asko behar izango dituen desoreka zuzentzeko”.

‘Emakumeen Nazioarteko Eguna’ dela-eta, EUDELek eta Galdakaoko alkate eta CMREko (Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseilua) Berdintasun Batzordeko egungo presidente Ibon Uribek Deklarazio instituzionala aurkeztu dute. Adierazpena kide diren herrialdeetako tokiko agintari guztiekin partekatu da.

Asteartean, martxoaren 8an, Europako hainbat udalerritako gobernuek euren ahotsak batuko dituzte Berdintasunaren aldeko mezu eta konpromiso berean, herritarrengana eta Europako erakunde guztiengana indar handiagoarekin iristeko.

EUDELek, otsailean, Adierazpena Euskadiko Udalei bidali zien, ahalik eta lasterren, udalbatzarretan eta eledunen batzarretan onartu zezaten. Europari dagokionez, dokumentua 150.000 agintari publikori baino gehiagori zabaldu zaie, CMRE osatzen duten 41 herrialdeetako udalerri eta eskualdetako 55 elkarteen bidez.

Berdintasunaren aldeko tokiko konpromisoa

Adierazpenean, Europako tokiko gobernuek, besteak beste, honako ekintza hauek gauzatzeko konpromisoa hartu dute: erabakiak hartzeko prozesuetan gizonezkoen eta emakumezkoen berdintasunezko parte-hartzea sustatzea; mota guztietako indarkeria eta emakumeen giza eskubideen urraketa salatzea; EBko estatu eta erakundeei deia egitea, indarkeria matxistaren biktima diren emakumezkoei prebentzioa, babesa eta laguntza emateko politika eta araudi komunak hartzeko; eta gerratik eta jazarpenetik ihes egin duten emakumezko eta adingabe errefuxiatuen beharrizan espezifikoak kontuan hartzea.

Europako Gutunari atxikitzeko kanpaina

Europako tokiko eta eskualdeko gobernuei ‘Europako Gutuna. emakumeek eta gizonek tokian tokiko bizimoduan izan behar duten Berdintasunerako’ bidali zitzaien, sinatu, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioari buruzko jarrera hartu zezaten, bai eta bertan definitutako konpromisoak udalerrietan eta lurraldeetan aplikatzeko ere. Gaur egun, Gutunarekiko atxikimendu-sarean, Europa osoko 33 herrialdetako 1.513 tokiko gobernu inguru daude.

Berdintasunaren Europako Batzordeko presidente den bitartean, EUDELek Europako Gutunari atxikitzeko kanpaina berria sustatuko du, dokumentuarekiko ahalik eta laguntzaile gehiago lortzeko Europako tokiko gobernuen artean.

Europako Gutuna, emakumeek eta gizonek tokian tokiko bizimoduan izan behar duten berdintasunerako.

  • Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluak (CMRE), EUDELen proposamena onartu, eta Bizkaiko hiriburua aukeratu du Konferentziaren egoitza moduan.
  • Datorren apirilean egingo da Bilboren izendapenaren aurkezpen ofiziala, Nikosian (Zipre) izango den tokiko gobernuen Kongresuan.
  • 2018ko Konferentziaren baitan, CMREren Zuzendaritza Batzordeak bilera bat egingo du Bilbon; izan ere, bertako Alkate eta EUDELeko elkarteburu Imanol Landa batzorde horretako kidea da.

Bilbon, 2016ko martxoak 2. Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluak (CMRE) Bilbo aukeratu du 2018an “berdintasunari, aniztasunari eta inklusioari” buruzko gaikako konferentziaren egoitza izan dadin. EUDELek eta Bilboko Udalak koordinatuta egingo dute lan, bai programa diseinatzeko, bai ekitaldia prestatzeko beharrezkoak diren baliabideak antolatzeko. Gaia zein den aintzat hartuta, Emakunderen lankidetza ere izango da.

EUDELek proposatu zuen Bilboren hautagaitza, CMREren kidea den aldetik, eta, proposamenari erantzunez, Konferentzia Euskadiko udalerrietako batean egiteko interesa helarazi dio Kontseiluak EUDELi.  Gaur goizen bertan onartu dute Bilboren hautagaitza Bruselan, Kontseiluko idazkari nagusien bileran.

Lau urterik behin, eta ohiko Kongresuez aparte, CMREk konferentzia garrantzitsu bat antolatzen du bere kide eta bazkideekin, toki nahiz eskualde mailako gobernuentzat garrantzitsua den gairen bat garatzeko. Konferentzia horren egoitzen artean Europako hiriburu garrantzitsuak egon dira; 2014ko azken edizioan, esaterako, Erroma aukeratu zuten.

2018ko Konferentziak 2 eguneko iraupena izango du, eta 500 lagunen parte-hartzea espero da; horien artean: zenbait udaletako hautetsiak, toki nahiz eskualde mailako adituak, europar erakunde nahiz gobernuetako ordezkariak, akademikoak, eta gizarte zibileko eta sektore pribatuko kideak.

Bilboren aurkezpen ofiziala datorren apirilean egingo da, 20tik 22ra bitartean Nikosian izango den CMREren Kongresuaren baitan.

Horrez gain, 2018ko Konferentzia horren baitan, CMREren Zuzendaritza Batzordearen urteroko batzarra egingo da; bertan izango da, Batzorde horretako kide den aldetik, EUDELeko elkarteburu eta Getxoko alkate Imanol Landa ere. Topaketa garrantzitsu hori Bilbon bertan egiteko aukera eskaini die alkateak Europako beste kideei. Zuzendaritza Batzordearen bilera horrek garrantzi handia dauka, foro horretan defendatzen baitira, mailarik gorenean, tokiko gobernuen interesak. Gainera, une benetan garrantzitsua izango da, 2030. urterako Europa mailan finkatu beharreko estrategiei begira.

EUDEL, Europako Berdintasun batzordearen presidentetzan

EUDELek egindako proposamena onartzeko orduan, eragina izan dute Euskadiko udalerriek berdintasuna eta gizarteratzea indartzeko toki mailan gauzatu dituzten politikek. Izan ere, EUDEL da alor horretan udalei aholkua eman eta laguntzeko erreferentziazko elkartea, udalerri txikienetan, batez ere, euren ekimenak garatzeko laguntza eskaintzen baitie; era berean, bestelako programak ere sustatu ditu Emakunderekin eta Euskadiko beste erakunde batzuekin.

Horri guztiari esker, joan den urteko ekainean EUDELeko ordezkari eta Galdakaoko alkate Ibon Uribe Berdintasun Batzordeko (Standing Committee for Equality) presidente izendatu zuten, hau da, berdintasun arloko tokiko politiken koordinatzaile nagusi.

CMRE, udalerrien ahotsa Europan

Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseilua da (CMRE) tokiko nahiz eskualde mailako gobernuek Europan daukaten ahotsa.  150.000 agintari publiko baino gehiago ordezkatzen ditu, 41 herrialdetako udalerrien eta eskualdeen 55 elkarteren bidez. Horien artean dago EUDEL, Euskadiko Udalen Elkartea.

CMREren egoitza Bruselan dago, eta bere egitekoa bikoitza da:

  • Europar legerian eragitea, hirien eta tokiko nahiz eskualde mailako gobernuen izenean; eta
  • Plataforma bat eskaintzea, erakundeko kideek esperientziak eta praktikak truka ditzaten.

United Cities and Local Governments (UCLG-Ciudades y Gobiernos Locales Unidos) deritzonaren Europako atala da CMRE.

Martxoaren 8a. Emakumeen Nazioarteko Eguna

Martxoaren 8a dela eta, ‘Emakumeen Nazioarteko Eguna’, EUDELeko Batzorde Eragileak berretsitako Adierazpen Instituzionala bidaltzen zaie Euskadiko Udalei.

Aurten da Toki Bizitzako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Europako Gutunaren 10. urteurrena. Aldi berean gertatu da EUDELen lehendakaritza Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluko (CCRE-CEMR) Berdintasun Batzordean. Ibon Uribe Galdakaoko Alkateak izango du ordezkaritza, bi urtez.

Testuinguru honetan, martxoaren 8a ospatzea oso une egokian dator Euskadiko udalek berdintasuna inplementatzeko konpromisoa berrindartu dezaten eta, xede horri begira, europar mailako berdintasunerako Gutunari bultzada berria eman diezaioten.

Horregatik guztiagatik, Adierazpen instituzional honen bidez EUDELek dei egiten die udalei ‘Emakumeen Nazioarteko Eguna’ ospatzeko, nola eta Europako Gutunari atxikiz eta/edo berau garatuz, bai halaber udalerrietan bultzatuko diren ekimenen bitartez.