Eudel

Berriak

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo

Azken berriak

  • Euskadi Turismo Bonuaren epea 2021eko abenduaren 31ra arte luzatzen da, jatetxeetan, ostalaritzan eta turismoko enpresetan erabiltzeko.
  • Ostalaritzako eta turismoko 466.250 bonuek gutxienez 14 milioi euro mugituko dituzte erosketetan.

Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Aldundiekin, hiru hiriburuetako udalekin eta EUDELekin batera, akordio aitzindari bat sinatu zuten 2020an “Euskadi Bonu Denda” eta “Euskadi Turismo Bonua” kontsumo-bonuak kaleratzeko eta sektore horiei lagundu ahal izateko, gehien erasandakoak baitira pandemiaren ondorioz.

Ezarritako murrizketengatik eta mugikortasun-mugengatik, Turismo Bonua ezin izan zen aktibatu, eta, beraz, bere epea luzatzea erabaki zen pandemiaren egoera hobetu artean. Gaur argitaratu da bonuen epea luzatzeko agindua, 2021eko apirilaren 13tik abenduaren 31ra erabiltzeko. Bihartik aurrera irekiko da prozesu berri bat martxoaren 26ra arte enpresak atxikitzeko.

Hortaz, bere garaian inskribatu ez ziren enpresek, orain inskribatu nahi izanez gero, webgunean egin dezakete bihartik hasita martxoaren 26ra arte. Ondoren eguneratuko dira plataformako eduki guztiak establezimendu berriekin, eta apirilaren 13tik aurrera egongo dira erabilgarri. Ez da beharrezkoa bonuak aldez aurretik eskuratzea; aukeratzen diren establezimenduetan ‒programari atxikitakoetan‒ eskatu behar dira. Atxikitako establezimendu eta enpresa guztiak egongo dira ikusgai kontsumitzaileentzat webgune honetan: www.euskaditurismobono.eus.

Bonuen bitartez, krisiak gehien kaltetu dituen sektoreak suspertu nahi dira, baita krisi horrek berak eragina izan duen familietan kontsumoa aktibatzen lagundu ere. Jatetxeetan, ostalaritzan eta turismoan jarduera dinamizatzeko formula bat da, tokiko eta eskualdeko mailan bere eragina sustatzearren.

Bonuak 18 urtetik gorako pertsona fisikoetan aplikatu ahal izango dira, eta Euskadin bizi direnei edo beste leku batzuetatik etorritakoei daude zuzenduak. Ez da bonu fisikorik jaulkiko; horren ordez, bonuak gastatzea erabaki den establezimenduan bertan kudeatuko dira.

Bonuak deskontu-bale ereduan oinarrituak daude 3 modalitatetan. 1. eta 2. modalitateak ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta enpresetara eta interes turistikoko jardueretara daude zuzenduak, eta 5 edo 10 euroko deskontuak dira, hurrenez hurren, 20 edo 40 euroko gutxieneko erosketetarako. Hirugarren modalitatean 20 eurokoa izango da deskontua, gutxienez 60 euroko erosketetarako alojamendu turistikoetako establezimenduetan. Gehienez 2 bonu eskuratu ahal izango dira establezimendu bakoitzeko, eta gehienezko muga 40 euroko guztizko deskontua izango da pertsonako.

“Euskadi Turismo Bonua” Euskadiko mikroenpresetara, eta enpresa txiki eta ertainetara dago zuzendua, turismoarekin eta ostalaritzarekin lotutakoetara, besteren artean: alojamenduko establezimenduak; turismo-gidariak; turismo-zerbitzuen bitartekaritza eta antolakuntzako turismo-enpresak; jatetxeetako eta ostalaritzako establezimenduak; abenturako enpresak eta naturan kirol-jarduerak antolatzen dituzten enpresak —adibidez, turismo aktiboa—; turismo-garraioko enpresak; kultura-, gastronomia- eta natura-ondarea hedatzen diharduten enpresak eta jolas-zentroak.

www.euskaditurismobono.eus

  • EUDELek eta gainerako herri-erakundeek sinatutako esparru-protokoloaren bidez, hala nahi duten euskal udal guztiek parte hartzeko aukera izango dute ekimen honetan, udalerri guztietara zabaldu ahal izateko.
  • EUDELek bonuen mekanika eta kudeaketari buruzko informazioa bidaliko die udalei, programari atxikitzeko inprimaki batez lagunduta.
  • Bonuen izenak “Euskadi Turismo Bonua” eta “Euskadi Bonodenda” dira, eta 5, 10 edo 20 euroko deskontuak eskainiko dituzte turismoaren, ostalaritzaren eta merkataritzaren modalitateetan.

EUDELen elkarteburua Gorka Urtaranek, Euskal  Udalen izenean, parte hartu du gaur Eusko Jaurlaritzako merkataritza eta turismo bonuen aurkezpenean, zeini horiei esker 8,7 milioi sartuko baitute merkatuan. Plana euskal erakundeen baterako lanaren emaitza izan da, eta 5, 10 eta 20 euroko deskontuak eskainiko dituzte modalitate ezberdinen arabera; bonuak urriaren 28tik aurrera erosi ahal izango dira.

Gorka Urtaranek ekimenaren balioa azpimarratu du, “Herri gisa batasunaren eta lankidetzaren argazki bat delako, gure merkataritza, ostalaritza eta turismoari laguntzeko”.Sektore horiek gaizki pasatzen ari dira, eta erakunde gisa erantzun bateratua eta koordinatua eskatzen digute ” azaldu du elkarteburuak.

EUDELen elkarteburuak azpimarratu duenez, “Udalok funtsezko zeregina dugu susperraldi sozial eta ekonomikoan, gu baikara pertsonengandik, enpresetatik, saltokietatik eta tokiko negozioetatik hurbilen daudenak”.

Azkenean, Gorka Urtaranek gogorarazi du tokiko kontsumoaren aldeko herritarren konpromisoa oso garrantzitsua dela “Banako ekintza bakoitzak balio du eta inportantea da gure hiri eta herrietako ekonomia suspertzeko.” adierazi du.

 

EUDELek programa honen esparru-protokoloa sinatu du, interesa duten Euskadiko udalen balizko atxikipenak ahalbidetu xedez. Horretarako, laster atxikitzeko oinarriak eta formularioa bidaliko zaizkie, Merkataritza Ganberen on line plataformaren bidez kudeatuko diren bonuen operatibari buruzko xehetasunekin batera.

Bonu horien aginduak urriaren 5ean argitaratuko dira, eta hilaren 6tik aurrera egongo dira indarrean. Haien arabera, establezimenduek 3 asteko epea izango dute atxikitzeko. Epe horren ondoren, urriaren 28an, bonuak eskuragarri egongo dira herritarrentzat.

Bonuen modalitateak

Bonu horiek Euskadin bizi diren edota, turismoko bonuen kasuan, beste leku batzuetatik etorri diren 18 urtetik gorako pertsona fisikoek erosi ahal izango dituzte urriaren 28tik aurrera. Ez da bono fisikorik egongo; aitzitik, gastatu nahi diren establezimenduan bertan kudeatuko dira online plataformaren bitartez (plataforma hilaren 6tik aurrera egongo da abian).

Bonuak deskontu-balearen ereduan oinarrituta daude. Merkataritzaren kasuan, modalitate bakarra egongo da: 10 euroko deskontuak 30 eurotik gorako erosketetan. 4 bonu eskuratu ahal izango dira gehienez, eta, beraz, gehieneko deskontua 40 eurokoa izango da guztira. Merkataritzaren esparruko mikroenpresei eta enpresa txikiei zuzenduta daude.

Turismoan eta ostalaritzan, 3 modalitate daude. 1. eta 2. modalitateak ostalaritzari, jatetxe-arloari eta turismo-intereseko jarduerei lotutako establezimendu eta enpresei zuzenduta daude, eta 5 edo 10 euroko deskontuak izango dira, 20 edo 40 euroko gutxieneko erosketetarako, hurrenez hurren. Hirugarren modalitatean, deskontua 20 eurokoa izango da 60 eurotik gorako erosketetan, turismoko ostatu-arloko establezimenduetan. 2 bonu eskuratu ahal izango dira establezimendu bakoitzeko, eta, beraz, pertsona bakoitzak gehienez ere 40 euroko deskontua baliatu ahal izango du guztira.

 “Euskadi Turismo Bonua” turismoari eta ostalaritzari lotutako Euskadiko mikroenpresei, enpresa txikiei eta ertainei zuzenduta dago. Haien artean, honako hauek aipa daitezke: ostatu-establezimenduak; turismo-gidariak; turismo-zerbitzuen bitartekaritza eta antolaketako turismo-enpresak; jatetxe-arloko eta ostalaritzako establezimenduak, naturako kirol-jarduerei lotutako enpresak (hala nola turismo aktiboari eta abenturakoari lotutakoak); turismo-garraioko enpresak; kultura-ondarea, gastronomia-ondarea eta ondare naturala zabaltzen duten enpresak; eta jolas-zentroak.

Informazio gehiago:

www.euskadibonodenda.eus

www.euskaditurismobono.eus

2017.eko irailak 25

  • Udal-araudia, lurzoruaren erabilera ezartzen duena, erabakigarria da erabilera turistikorako etxebizitzei eta gelei buruzko legearen aplikazioan
  • Lankidetza-protokoloak udalen eta Eusko Jaurlaritzaren artean informazioa trukatzeko prozedura zehaztuko du

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu Alfredo Retortillok, EUDELeko elkarteburu Imanol Landak eta 3 hiriburuetako alkateek, Vitoria-Gasteizeko Gorka Urtaranek, Bilboko Juan Mari Aburtok eta Donostiako Eneko Goiak, erabilera turistikorako etxebizitza eta gelen arloko lankidetza-protokoloa sinatu dute gaur.

Retortillok udal-ordezkarien prestasuna eta lankidetza eskertu ditu, “nahitaezkoa delako lankidetza udalekin askotariko araudiak daudenean eta tokiko autonomiaren errespetua bermatu behar denean”.

EUDELeko elkarteburuak protokolo honen balioa nabarmendu du; izan ere, horri esker, agerian geratzen da berriro erakundeen arteko lankidetza. “Protokolo hau sinatzean, udalen eta Sailaren arteko koordinazio eta komunikazio egonkorreko prozedura ezartzen da.

Imanol Landak nabarmendu duenez, “udalek hirigintzaren alorrean duten eskumena sendotzen du protokoloak, tokiko autonomiatik abiatuta, gizarte-kohesioa indartzeko tresna gisa”.“Euskadiko udalek hiri kohesionatu eta adeitsuaren aldeko apustua egiten dugu, non hirigintzako erabileren eta jarduera ekonomikoen bizikidetzak herritar guztien bizi-kalitatea aberasten duen”.

Lankidetza-protokoloa erabilera turistikorako etxebizitzen arloan

  • Turismoari buruzko Legeak erantzukizunpeko adierazpenaren araubidea jasotzen du. Norbaitek bere etxebizitza erabilera turistiko batera bideratu nahi badu, erantzukizunpeko adierazpen hori aurkeztu behar du, indarrean den araudi osoa, lurzoruaren erabilera zehazten duen udal-araudia barnean hartuta, ezagutzen eta betetzen duela adierazten duena.
  • Etxebizitzek udal-eskumenari buruzko araudia betetzen dutela egiaztatzeko, Turismo Zuzendaritzak udalari komunikatuko dio erabilera turistikorako etxebizitzari edo gelari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu duten eskatzaileen zerrenda. Udalak etxebizitza bakoitzaren egoera aztertuko du eta txostena egingo du araudia betetzen duen eta, beraz, jarduera bete dezakeen adieraziz.
  • Udalaren txostena aurkakoa bada eta etxebizitza erabilera turistikora ezin bideratu dela erabakitzen badu, Turismo Sailak inguruabar horren berri emango dio interesdunari, alegazioetarako epe bat emanez. Epe hori amaitutakoan, ebazpena emango du, jarduera turistikoarekin jarraitzeko ezintasuna ekarriko duena.