Eudel

Berriak

Azken orduko

Azken berriak

Bilbon, 2014ko apirilaren 10ean. Argitalpen honen bidez, udalen jendaurreko erantzuna erraztu eta hobetu nahi da, indarkeria matxistako eraso edo hilketa bat ematen denerako. Kasu hauek hedabideetara erraz heltzen dira, gertatu direneko udaletan inpaktua eta alarma sorrarazita. Iturri ofizial nagusi gisa, politikaria bereziki arazotsua den informazioa zabaltzeko eta bere mezuak ondo hautatzeko erronkaren eta erantzukizunaren aurrean dago, indarkeria matxistaren aurrean gaitzespenaren gizarte-kultura sortzeko.

Eginkizun horretan laguntzeko eta gidaliburua gauzatzeko asmoz, EUDELek gaur Durangon prestakuntzako tailerra antolatu du hiru lurralde historikoetako hogeita hamar bat alkate zein Berdintasuneko zinegotzirekin. Saioaren irekiera Ibon Uribe Galdakaoko Alkatearen esku egon da, EUDELeko Berdintasuneko ordezkari gisa. Tailerra dinamizatzeko Norma Vázquez egon da, indarkeria matxistaren alorreko aholkulari aditua.

EUDELek “Indarkeria matxista ematen denerako jendaurreko jarduerarako gomendioak” izenburupeko gidaliburua landu du, Emakunderekin lankidetzan, Berdinsarera udalen sarearen esparruan.

Politikarientzako gomendioak

  • Herri-erakundeen adierazpenak prestatzea.
  • Emakumeen elkarteekin elkarretaratzeak deitzeko prozedurak.
  • Biktimarekiko eta bere ingurunearekiko harremana: intimitatea gordetzeko eskubidearen babesa, batez ere adingabea denean, atentzio eta babeserako baliabideak antolatzea, laguntza…
  • Hedabideekiko harremana: mezuen eta erantzuteko denboraren hautaketa, kasuari buruzko datuak zabaltzea (gertakizunaren lekua, erasotzailearen soslaia, etab.).

Hona hemen 2013ko Udal Berrikuntzako Agendak sustatzeko prozesuari buruzko ebaluazioaren emaitzak eta ondorioak dakartzan txostena.

Analisia aberasteko, aztertutako alderdi ugari 2009-2013 aldian sustatutako Berrikuntzako 41 Agendenekin alderatu dira, besteak beste, Udalarenak.

Udal berrikuntzarako agenda burutzen ari diren udalerrietako bizilagunei emandako zerbitzuak eguneratzeko eta hobetzeko konpromisoa eta lana aitortu nahi ditu EUDELek. Ildo horretan, EUDELek bide horretan sakontzeko asmo irmoa berretsi nahi du.

Jarraian, 2013ko txostenaren ondorio nagusietako hamar aurreratzen dira:

  1. 2013an lagundutako 8 Agendetan 35 proiektu gehitu dira, hau da, 4,4 proiektu Agenda bakoitzeko.
  2. Kudeaketa-sistematikak ezartzea xede duten proiektuak dira bereizgarrienak (11 proiektu), eta ondotik datoz prozesuen sinplifikazioa eta kudeaketa helburu dutenak (10 proiektu) eta herritarrentzako arretan aurrera egin nahi dutenak (4 proiektua).
  3. Agenden osaketak argi utzi du, parte hartu duten udalen interesgune nagusia antolakuntza indartzea dela.
  4. 122 pertsonaren parte-hartzea sustatu zuten; horietatik 21ek profil politikoa dute, 99k profil teknikoa eta 2 pertsonak zerbitzuak ematen dituzte sozietate publikoetan.
  5. Agenda bakoitzean 15 pertsonak parte hartu dute
  6. Prozesuaren iraupena (3 hilabete) gehienbat laburtzat jo da.
  7. Aurreikuspenen betetze-maila handia izan da. Parte hartu duten udalen %100ak erabilgarri deritzote garatutako TBAri eta beste udalei ere gomendatuko liekete.
  8. Partaidetza politiko eta teknikoa tarteko duten lankidetzazko lan-esparruak garatzea.
  9. Udalen %60k Agenda Udalbatzarraren aurrean aurkeztuko dute; gainontzeko %40ek Informazio Batzordearen aurrean.
  10. Ekarpen esanguratsuenak: “Sailen arteko harremana hobetzea”; “Proiektu egingarrien zehaztapena”; “Lan-prozesua epe luzeagora zehaztea”; “Aldatu beharraren pertzepzioa handitzea”.

 

 

Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseilua (CMRE) toki eta eskualde mailako administrazioen elkarterik antzinakoena eta handiena da Europan. 41 herrialdetako toki eta eskualde mailako agintarien elkarte nazionalak biltzen dituen erakunde bakarra da, eta, horien bitartez, lurralde-maila guztiak ordezkatzen ditu: tokikoa, bitartekoa eta eskualdekoa.

1951n sortu zenetik, CMREk Europa batuagoa, baketsuagoa eta demokratikoagoa eraiki nahi du, tokiko autogobernuan oinarrituta eta subsidiariotasun printzipioa zein herritarren partaidetza errespetatuta.

    “Europako Parlamentuko kideak herritarrek aukeratzen dituzte zuzenean, eta instituzio hori da, hain zuzen ere, Europar Batasunean hala jokatzen duen bakarra. Europako Parlamentuak onartzen dituen zuzentarauen %70 inguru toki eta eskualde mailan aplikatzen dira, eta herritarrentzat funtsezkoak diren esfera politiko eta zerbitzu ugaritan izaten dute eragina. Beraz, 2014ko hauteskundeak aukera aparta dira Europaren etorkizunari buruzko eztabaida publikoa sustatzeko gobernu-esferen eta herritarren artean.”

Annemarie Jorritsma Almereko alkatea, CMREko presidentea

CMREren kide diren 57 sekzio eta elkartetako ordezkari hautetsiek aho batez onartu zuten manifestu hau Pragan, 2013ko abenduaren 3an.

9 mezu Europa biziberritzeko

  • Gazteen enpleguari lehentasuna ematen jarraitzea. Manifestuko 1. puntua, 11. orrialdea.
  • Egiturazko funtsen betearazpena zaintzea, lurraldearen kohesioa hobetzeko, batez ere elkartze-printzipioa eta Jarrera Kodea aplikatuz. Manifestuko 2. puntua, 13. orrialdea.
  • Araudi arin eta sinpleagoari lehentasuna ematea. Sarrera, 9. orrialdea.
  • Subsidiariotasun eta proportzionaltasun printzipioak errespetatzea. Manifestuko 3. puntua, 14. orrialdea.
  • 2030. urtea baino lehen, energia berriztagarriak eta eraginkortasun energetikoa garatzeko eta berotegi-efektuko gasen isurketak murrizteko helburu handinahiak finkatzea. Manifestuko 4. puntua, 16. orrialdea.
  • Europa Programaren aurrekontua herritarrekin handitzea, Europar Batasuneko herritarren jabekuntza sustatzeko asmoz. Manifestuko 5, 6 eta 7. puntuak; 18, 20 eta 21. orrialdeak.
  • Europar Batasunaren zilegitasun demokratikoa eta integrazio handiagoa defendatzea, eta Europar Batasuneko Oinarrizko Legea idazteko hitzarmena proposatzea. Manifestuko 8. puntua, 22. orrialdea.
  • Europar Batasunaren zabalkundea babestea eta negoziazio-prozesuan toki eta eskualde mailako agintari guztien inplikazio handiagoa sustatzea. Manifestuko 9. puntua, 23. orrialdea.
  • Ikuspuntu integratu eta globalak ahalbidetzea. Manifestuko 10. puntua, 24. orrialdea.

 

 

2014an, Eudelek berritu egingo ditu Emakunderekin eta aldundiekin urtero sinatu ohi dituen lau lankidetza hitzarmenak. Hitzarmen horien bidez, udalerriei zuzendutako emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politikei buruzko aholkularitza zerbitzuaren baitan programatutako ekintzak koordinatuko dira.

Arabako eta Bizkaiko udalerri txikiek laguntza espezifikoa jasoko dute aurrerantzean ere, BERDINBIDEAN zerbitzuaren bidez. Foru aldundiek finantzatutako zerbitzua da, eta Emakundek hiru lurraldeetarako ematen dituen laguntzekin osatzen da haren finantzaketa.

EMAKUNDE-EMAKUMEAREN EUSKAL ERAKUNDEAREKIKO HITZARMENA

Emakunderekin sinatutako urteko bi hitzarmenak berritu dira, berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren kontra toki administrazioek bideratzen dituzten programak eta zerbitzuak sustatzeko.

  • BERDINSAREA hitzarmena, berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren kontrako Euskadiko udalerrien sarearen garapena helburu duena. 2014ko hitzarmenak jarraipena emango dio lehen aldiz 2005ean sinatutakoari.

Hitzarmen horren baitan, EUDELek 61.500 euroko ekarpena egingo du, idazkaritza teknikoaren gastuak estaltzeko, eta Emakundek, 52.400 eurokoa, programatutako jarduera eta proiektuak finantzatzeko. Lankidetza horren bidez, besteak beste, gazteen artean prebentzioa lantzeko Beldur Barik programa sustatuko da, bai eta tokiko emakume hautetsien Basqueskola eskola ere.

  • Hiru lurraldeetako udalerri txikietan ekintzak gauzatzeko finantzaketa hitzarmena. Hitzarmen berriak jarraipena emango dio lehen aldiz 2011n sinatutakoari.
  • Hitzarmen honen baitan, EUDELek 18.000 euroko ekarpena egingo du, laguntza teknikorako, eta Emakundek, 32.400 eurokoa, ekintzak gauzatzeko.

Emakunderekiko esparru hitzarmen horien baitan, halaber, EUDELen eta Arabako eta Bizkaiko foru aldundien arteko lankidetza ere definituko da, 5.000 biztanletik beherako udalerrien dinamizazio eta aholkularitzarako BERDINBIDEAN zerbitzua garatzeko. 2014an, bestalde, bi herrialdeei dagozkien hitzarmenak ere berritu dira:

ARABAKO ETA BIZKAIKO BERDINBIDEAN HITZARMENAK

  • Bizkaiko udalerri txikiak

Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintza Sailarekiko hitzarmena berritu da, udalerri txikiei zuzendutako emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politiken esparruko aholkularitza eta laguntza zerbitzuaren kudeaketari jarraipena emateko. 60.000 euroko inbertsioa egingo da, hain zuzen ere, honako helburu hauek betetzeko:

  • Bizkaiko udalerri txikiei aukera ematea emakume eta gizonen berdintasuna sustatzeko diren politikak abian jartzeko
  • Toki mailan hurbilartaztea erraztea, eta esperientzien trukea, koordinazioa eta jarduerak elkarrekin egitea udal eta/edo udal taldeen mailan.
  • Bere jarduera koordinatzea Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasunerako Zuzendaritza Nagusiak abian jartzen dituen beste ekimen batzuekin, udalerri eta eskualdeetan antzemandako beharrizanen arabera.
  • Arabako udalerri txikiak

Arabako Foru Aldundiaren Gizarte Zerbitzuen Sailarekiko hitzarmena, Arabako udalerri txikiei zuzendutako emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politiken esparruko aholkularitza eta laguntza zerbitzuaren kudeaketari jarraipena emateko. Hauek izango dira hitzarmenaren xedeak: ekimenak abian jartzea, elkarlana sustatzea, eta koadrilen, udalen eta Aldundiaren arteko ekintzak koordinatzea eta esperientziak trukatzea.

2014ko plangintzak 30.000 euroko inbertsioa barne hartzen du, honako helburu hauek lortzeko:

  • Udalerri txikiei laguntza eskaintzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko ekimenak abian jartzeko.
  • Udalerriei eta kuadrillen arteko elkarlana sustatzea berdintasunaren arloan, bai eta esperientzien trukea ere.
  • Udalerrien eta kuadrillen ekintzak Arabako Foru Aldundiaren berdintasun politikekin koordinatzea.

Tokiko Erreforma gai bakartzat hartuta, Mintegiaren 8. Edizioa hurrengo ostiralean, martxoaren 21ean hasiko da. Lehenengo bileran bi gai aztertuko dira: euskal herri-erakundeen eredua batetik eta Tokiko Administrazioaren Arrazionalizazio eta Iraunkortasun Legearen garapenari dagokionez foruen izaera berezia bestetik.

Edizio honek sorrarazi duen eskaria handiaren aurrean, 100 lagun baino gehiagok izena eman dutelako, EUDEL eta HAEE/IVAPen bilerak jende gehiago sartu daitekeen beste leku batera egitea erabaki du, hain zuzen ere, EHUko Paraninfora (BIZKAIA ARETOA, Baroja gela).

Edizio honetako programa martxotik azarora bitartekoa izango da eta, guztira, 20 orduko bost saio egongo dira.

LEHENENGO SAIOAREN PROGRAMA: martxoak 21 ostirala

9:30etik 11:00etara. Hitzaldia:
Herri-erakundeen eredua eta foruen izaera berezia udal erreforman. EAEko erakundeek eta Lurralde Historikoek tokiko erreformaren garapenean duten eginkizuna.
Martin Razquin, Nafarroako Unibertsitateko Zuzenbide Administratiboko katedraduna.

11:00etatik 11:30era. Kaferako atsedenaldia.

11:30etik 12:15era. Tokiko gobernantza arloko arau berriak, esperientziak eta praktika onak:
Foru berezitasunak tokiko erreforman dituen ondorio praktikoak
Juan Landa. Abokatua. Ekain

12:15etik 13:30era. Tokiko Zuzenbidearen Euskal Behatokia.

Urte osoan, besteak beste, hurrengo gaiak jorratuko dira: herri-erakundeen eredua eta foruen izaera berezia; udal eskumenen sistema; “benetako kostua” kontzeptua; Mankomunitate eta Partzuergoentzako inplikazioak; edo udal kontu-hartzailetzaren eginkizuna.
5 saioetariko bakoitzak hurrengo alderdiak ditu:

  • Hitzaldi akademikoak, aditu eta profesionalen eskutik,
  • Eztabaida panelak, tokiko gobernuen alorreko araudietan dauden berritasunei, esperientziei eta praktika onei buruzkoak.
  • “Tokiko Zuzenbidearen Behatokia”: arauen, jurisprudentziaren, dokumentuen eta bibliografiaren gaineko berritasunak aztertzeko espazioa.

“EUDELek HAEE/IVAPekin batera antolatu du honako Mintegia eta programa honetan hiru lurralde historikoetako Foru Aldundiek parte hartu dute.”

‘NORK BERE ESKOLA’

Virginia Woolf BASQUESKOLA

Euskadiko emakumezko tokiko hautetsientzako eskola

BASQUESKOLAren II. BOLETINA

Basqueskolaren gaur egungo gaiei buruzko bigarren boletin elektronikoa aurkeztu nahi dizuegu. Boletinarekin batera datoz monografikoak, elkarrizketak, berriak eta emakumeen parte-hartze politikoari lotutako beste gai interesgarri batzuk.

Informazio-tresna berri hau udal hautetsien ezagutza- eta harreman-sarea zabaltzeko erabilgarria eta lagungarria izango delakoan gaude.

Honekin batera, gogorarazi nahi dizuegu Basqueskolako ikastaroen 3. Edizioa Aste Santuaren ostean hasiko dela. Laster bidaliko dizuegu egitarauaren berri zehatza.

Informazio gehiago: www.eudel.net/destacados/basqueskola/eu/

Aurreko urteetan bezala, EUDEL eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailaren artean elkarlanerako Hitzarmena sinatu da, enplegua eta ekonomia sustatzeko politikak Bizkaiko lurralde mailan artikulatzeko (Behargintza Zentroak).

Hitzarmen berri hau 2015ko otsailaren 28an bukatzen da, eta gogoratu nahi dizuegu, eskualdeko jarduerak betearazteko proiektuak aurkezteko epea apirilaren 16an bukatzen dela.

Behargintza Zentruen kudeaketa eta funtzionamendurako Bizkaiko Foru Aldundiak eta EUDELek adostutako Lankidetza Hitzarmena.

Hitzarmen horren bidez foru erakundeak 725.155 euro jarri ditu Bizkaiko eskualde guztietan jarduten duten enplegurako eta garapenerako 21 zentroak kudeatzeko.
EUDELek eta Ekonomia Sustatzeko Sailaren ustez Behargintzak toki mailan enplegua kudeatzeko eta ekonomia sustatzeko formularik egokienak dira, lehiakortasuna hobetuz, eskualdearen potentzialtasun ekonomikoa aprobetxatuz eta, azken finean, enplegua hobetuz eta sortuz.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta EUDEL, Euskadiko Udalen Elkarteak, horien kudeaketa sustatzen jarraitu nahi dute, zertarako-eta euren ahaleginak biltzeko eta enpleguan eta toki mailako egitura horien garapenean laguntzeko.

Behargintzak udalerriaren edo eskualdearen garapen integrala sustatzeko sortu ziren udal zentroak dira; halaber, pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko ekintzak egiten dituzte, udalerri edo eskualdeko enpresa eta merkataritza bilba sustatzekoak eta enplegurako prospekzioak eta informazioa ematekoak; horiek ez ezik, inoren konturako laneratzea, autoenplegua eta enpresen sorkuntza laguntzen dute; zerbitzuak ematen dizkiete udalerrian edo eskualdean kokatuta dauden enpresei; eta, azken finean, toki garapena bideratzeko era guztietako jarduerak egiten dituzte. Zentro horiek era juridiko desberdinak dituzte baina guztiak dira toki esparrukoak.