Eudel

2014/01/16ko EUDELeko Batzorde Eragilearen erabakiz, hurrengo bi gaiei buruzko honako informatzeko Zirkular hau igorri da Euskadiko Udaletara: batetik, 2014an ELKARKIDETZArentzako herri-erakundeen ekarpenak berriro hastea; eta bestetik, kotizazio-oinarrian zenbatu daitezkeen kontzeptuei dagokienez, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateratuaren 109. artikulua aldatzen duen abenduaren 20ko 16/2013 Errege Lege Dekretuak izango duen eragina.

Defizita murrizteko erabakiei buruzko 20/2011 ELD eta Estatuaren Aurrekontu Orokorrei buruzko 2012ko nahiz 2013ko ondorengo Legeak (EAOL) indarrean sartzearen ondorioz, 2012ko eta 2013ko ekitaldietan ezin izan da ELKARKIDETZAren ekarpen instituzionalik egin erretiroko gertakizunei dagokienez.

Hala ere, egoera hori 2014an aldatu da, izan ere, 2014ko EAOLren 20.3 artikuluan berriro jaso da administrazioek 2014an erretiroko gertakizuna barne hartzen duten pentsio-planetarako ekarpenak egiteko aukera:

-20.3 artikulua: “2014ko ekitaldian, artikuluaren Bat atalean aipatutako Administrazioek, erakundeek eta sozietateek ezin izango dute laneko pentsio-planetarako edo aseguru kolektiboko kontratuetarako ekarpenik egin erretiroko gertakizuneko estaldura barne hartuz gero.

Hala ere, dagokion administrazioaren soldata-masa hazi ezean, Lege honetan ezarritako moduan, aipatutako Administrazioek, erakundeek eta sozietateek erretirokoa ez diren gertakizunen estaldura barne hartzen duten aseguru kolektiboko kontratuak egin ahal izango dituzte. Halaber, Administrazio horren soldata-masa haziko ez denean, Lege honetan ezarritako moduan, erretiroko gertakizuna barne hartzen duten laneko pentsio-planetarako edo aseguru kolektiboko kontratuetarako ekarpenak egin ahal izango dituzte, betiere esandako planak edo aseguruko kontratuak 2011ko abenduaren 31 baino lehen harpidetu bazituzten”

Artikulu horren arabera, eta UDALHITZ Hitzarmen Arau-emailearen 94. eta ondorengo artikuluetan ezarritako ELKARKIDETZAren pentsio osagarrien sistemari lotuta, 2014ko EAOLn jasota dago erretiroko gertakizuna barne hartzen duten pentsio-planetarako herri-erakundeen ekarpen horiek berriro hastearen legezkotasuna, betiere dagokion administrazioaren soldata-masa hazten ez bada eta esandako planak zein aseguruko kontratuak 2011ko abenduaren 31 baino lehen harpidetuta badaude.

ELKARKIDETZArako ekarpenak berriro hasi dira, EUDELeko Batzorde Eragileak 2012/01/19an hartutako erabakiarekin bat etorrita. Zirkular horretan, ELKARKIDETZArako ekarpen instituzionalak badaezpada etetea gomendatzen zen, 20/2011 ELDren oinarria betetzeko eta ekarpenak lehenbailehen berriro hasteko konpromisoa erakutsi zuen. Hala: “(…) 4.- EUDELek negoziazio kolektibotik eratorritako akordioei eusteko konpromisoa berretsi du eta, horretarako, ELKARKIDETZArako ekarpen instituzionalari eusten ahaleginduko da, izan ere, konpromiso hori UDALHITZ esparruko akordiotik dator, prestazio pasiboen sistema babesle osagarriari dagokionez.

Gainera, gai berari lotuta, kontratazio egonkorraren aldeko erabakiei buruzko abenduaren 20ko 16/2013 ELD (BOE: 2013/12/21) nabarmendu behar dugu. Amaierako hirugarren xedapenean, Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorreko kotizazio-oinarrian zenbatu daitezkeen kontzeptuetan aldaketak sartu ditu. Zehatz-mehatz, Kongresuak oraindik berretsi behar duen honako Errege Lege Dekretu honen bitartez, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateratuaren 109. artikulua nabarmen aldatu du. Besteak beste, pentsio-planetarako ekarpenak kotizazio-oinarrietan sartu behar dira (orain arte salbuetsita zeuden). Hori dela eta, herri-erakundeen nahiz, neurri txikiagoan, langile publikoen ekarpenen kostua handituko litzateke. Ondore horietarako, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiko 2013/12/27ko informatzeko Zirkularra erantsita bidaltzen dizugu. Bertan azaltzen dira zehaztasunez aldaketa hauek kotizazioari dagokionez dakarten eragina.

Abenduaren 20ko 16/2013 ELDk sartutako aldaketa honen garrantzia dela eta, EUDELek gure eremuan izango dituen ondorioak aztertuko ditu eta horren berri emango die elkarteko kideei.