Joan den 2020/12/31n, Estatuko 2021erako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legea argitaratu zen BOEn.
Lege horrek, III. tituluko I. kapituluan, sektore publikoaren zerbitzuko langileen gastuak arautzen ditu, eta, zehazki, 18. artikuluan, 2021eko ekitaldirako ordainsari-igoeren mugei heltzen die, eta honako hau arautzen du:
- artikulua. Jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarriak eta koordinazioa, sektore publikoaren zerbitzuko langileen gastuen arloan.
(…)Bi. 2021. urtean, sektore publikoaren zerbitzura dauden langileen ordainsariek ezin izango dute ehuneko 0,9ko igoera baino handiagoa izan 2020ko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko, bai langile kopuruari, bai antzinatasunari dagokienez, alderaketaren bi aldietarako homogeneotasuna mantenduz. Gizarte-ekintzako gastuak, oro har, ezin izango dira handitu 2020koen aldean. Horri dagokionez, gizarte-ekintzako gastuak egindako lanagatiko kontraprestazioez bestelako onurak, osagarriak edo hobekuntzak direla jotzen da, sektore publikoaren zerbitzura dauden langile horien inguruabar pertsonalen ondoriozko premia jakin batzuk asetzea helburu dutenak.
Aurrekoa ikusita, abenduaren 30eko 11/2020 Legea indarrean sartu ondoren, eta Eudelek aurreko ekitaldietako ordainsari-igoerei dagokienez egin duen bezala, egin ditzakeen interpretazioak argitze aldera, egokitzat jotzen da euskal udalei honako hau egitea:
GOMENDIOA
11/2020 Legearen 18 Bi artikuluaren edukiari dagokionez, Eudelek gomendatzen du sektore publikoko langileen ordainsariak handitzea, 2021/01/01etik aurrerako ondorioekin, legez onartutako gehienekoa, hau da, 2020ko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko % 0,9, konparazioaren bi aldietarako, bai langile kopuruari, bai antzinatasunari dagokionez, homogeneotasuna mantenduz.
Gomendio horren bidez, Eudelek lege-agindu horren irismen juridikoa argitu nahi du, eta horrek guztiak negoziazio kolektiboaren esparruan etorkizunean aurrera egiteko bidea erraztuko duelakoan, UDALHITZ Akordio arautzaile berri bat lortu ahal izateko.
Era berean, EUDELek berretsi du garrantzitsua dela “UDALHITZ 2008-2010 Akordioa” bere terminoetan betetzea, lortutako akordioak benetan betetzean baitago haren berme nagusia, eta, gainera, sektoreko akordio berri bat lortzeko legitimazio gisa balio du. Ildo horretan, gaur egungo UDALHITZ 2008-2010 betetzeak izan ditzakeen hutsuneak konpontzeko tresnak, azken zirkularretan gogorarazi dizuegun bezala, erakunde bakoitzean gaitutako “jarraipen-mahaiak” izan beharko luke. Gogorarazten dizuegu mahai hauen xedea dela, soil-soilik, egungo UDALHITZ
2008-2010 Akordioan gerta daitezkeen balizko ez-betetze puntualak konpontzeko akordioak erraztea, eta ez dutela ireki behar kanpoko gaiei buruzko edozein negoziazio-prozesu, zeinaren aplikazio-eremua EUDELen eta sindikatuen arteko UDALHITZ Negoziazio Mahai Orokorrean dagoen.