Eudel

2017ko ekainaren 14an egindako UDALHITZ Negoziazio Mahai Orokorraren bileraren barnean, eta “UDALHITZ 2008-2010 akordio arautzailearen egoeraren diagnosia” aztertu ondoren, Negoziazio Mahaia osatzen duten aldeek komenigarri ikusi dute negoziazio kolektiboan aurrera egiteko neurriak hartzea.

1.- UDALHITZ NEGOZIAZIO MAHAI OROKORRAK IKUSI DU URRITASUNAK DAUDELA UDALHITZ 2008-2010 AKORDIOAREN APLIKAZIOARI DAGOKIONEZ

Berriki egin den “UDALHITZ 2008-2010 akordio arautzailearen egoeraren diagnosia” txostenean aipatzen da, bi aldeen partetik, beharra dagoela aurrera egiteko, udalen eta langileen ordezkarien akordioak lortuta, indarrean dagoen UDALHITZ 2008-2010 AKORDIOAn jasotakoaren aplikazioari dagokionez, txosten horretan ageri diren urritasunak konpontzeko.

2.- UDALHITZ NEGOZIAZIO MAHAI OROKORRAK EGOKI IKUSTEN DU ERAKUNDE BAKOITZAREN BARNEAN “JARRAIPEN MAHAIAK” SORTZEKO DEIALDIA, AIPATUTAKO URRITASUNAK GAINDITZEKO LANAK EGIN AHAL IZATEKO

Ildo horretan, aldeek dei egiten dute erakunde bakoitzaren barnean Jarraipen Mahai bat deitzeko. Erakundeak eta sindikatuak egongo dira, helburu horretarako beharrezko diren neurriak hartzeko xedez, betiere, bi aldeen akordioz.

Jarraipen Mahai horrek xedetzat gai hauek izango ditu bakarrik:

a.- Bitartekotasuna mugatzeko helburua duten neurriak hartzea, UDALHITZeko 168. artikuluan ezarritakoaren arabera.

UDALHITZeko 168. artikuluan ezarritakora moldatzeko, EUDELek eta zentral sindikalek konpromisoa hartzen dute udalei ikerketa xehe bat bidaltzeko, helburu hori lortzeko dauden legezko tresna eta aukera guztiekin, izan ere, hori giltzarria da udalen funtzionamendua egokia izan dadin eta herritarrei emandako zerbitzua kalitatezkoa izan dadin.

b.- Hala badagokio, UDALHITZen 2010eko urtarrilean ezarritako soldata baldintzak berreskuratzea. Horretara moldatzeko, hala badagokio, juridikoki aplikagarri diren legezko tresna guztiak erabili ahal izango dira, helburu horretarako aurrekontu legeetan jasotako ordainsari igoerak barne.

c.- Indarrean dauden UDALHITZeko artikuluak aplikatzeko orduan urritasunak badaude honako gai hauei dagokienez:

  • lanaldiaren arloa (12. art.)
  • oporrak (28. art.)
  • norberaren kontuetarako lizentzia egunak (60. art.)
  • lanerako ezintasun egoeratako estaldura (47. art.)
  • 2012ko aparteko ordainsaria berreskuratzea
  • eskubide sindikalak (Seigarren titulua)
  • berdintasun planak (127. art.)
  • euskalduntze planak (164. art.)
  • ELKARKIDETZA

3.- UDALHITZEKO BATZORDE PARITARIOAK ZAINDU EGINGO DU UDALHITZ 2008-2010 AKORDIOA APLIKATZEN DELA, ETA, HORRETARAKO, AURREKO ATALETAN ADOSTUTAKO NEURRIEI BURUZKO INFORMAZIOA ESKATZEN DIE UDALEI

Udalhitzeko Batzorde Paritarioak egin beharreko jarraipena bermatzeko helburuz, udalek EUDELi helaraziko diote informazioa, eta hark berehala bidaliko dio informazio hori Udalhitzeko Batzorde Paritarioari. Bertan adierazi beharko da ea aurreko puntuetan adostutakoa betetzen den, edo hala ez bada, zein puntu zehatzetan ikusi den desadostasuna, hori gauzatzeko, ikertzeko eta erabakitzeko, hala badagokio, Udalhitzeko Batzorde Paritarioaren barnean.

Aditzera ematen da aldeek ulertzen dutela, UDALHITZ 2008-2010 akordioa aplikatzeari dagokionez, aipatutako desadostasunek edo urritasunek, baldin badaude, negoziazio kolektiboaren beraren ahultzea eta legitimitate falta dakartzatela.

4.- UDALHITZ NEGOZIAZIO MAHAI OROKORRAK NEGOZIATZEN JARRAITUKO DU, UDALHITZ 2017 AKORDIO BERRIA LORTZEKO

Aldeek ulertzen dute, aurrez aipatutako pausoak betetzen badira, Negoziazio Mahai Orokor honetatik sortutako marko sektorialaren barnean aurrera egiteko beharrezko gutxieneko neurriak ezartzen direla, UDALHITZ 2017 Akordio arautzailea erdiesteko bidean. Akordio horrek lan harremanen jokaleku aurreratua arautuko du, tokiko euskal erakundeen eraginkortasuna, kalitatea eta herritarrei eman beharreko zerbitzuaren espiritua garatuta.