
- BILBOk, LEIOAk, ERRENTERIAk eta URRETXUk Europako Kontseiluaren Gobernantza Bikaintasunaren Zigilua (ELoGE) lortu dute. TOLOSAk gobernu onaren printzipio europarrekiko konpromisoa berretsi du.
- Sei ediziotan zehar, EUDELek 25 udalerriri lagundu die ebaluazio zorrotz honetan, eta 16 euskal Zigilu lortu ditu 370 udalerri eta 21 herrialdetako Europako sare baten barruan.
- Bost udalerriek 72 adierazletan oinarrituta ebaluatu dituzte beren gobernu-jarduerak, eta dokumentu-ebidentziak eman dituzte. Euskal udalak parte-hartzean eta segurtasun juridikoan nabarmentzen dira bereziki.
- Esther Apraiz: “EUDELek, gainerako erakundeekin batera, gobernantzaren eta kalitate demokratikoaren euskal eredua bultzatzen jarraituko du, dagoeneko Europan erreferente dena”.
Bilbon, 2026ko otsailaren 5ean. EAEko udalek Europan duten lekua indartzen jarraitzen dute kalitate demokratikoari eta gobernu onari dagokienez. EUDELek eta Europako Kontseiluak sustatutako Gobernantza Bikaintasunaren Europako Zigiluaren (ELoGE) VI. edizioak berretsi egiten du parte hartzen duten udalerriek lerrokatze-maila handia dutela berrikuntza demokratikoko eta kudeaketa publiko efiziente eta jasangarriko Europako estandarrekin.

Gaur goizean, EUDELen Bilboko egoitzan, aintzatespen-banaketa egin da, eta bertan izan dira Errenteriako alkate Aizpea Otaegi, Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Leioako alkate Iban Rodriguez, Tolosako alkate Andu Martinez de Rituerto eta Urretxuko alkate Jon Luqui. Ekitaldiaren buru Esther Apraiz EUDELeko elkarteburua eta Mathieu Mori Europako Kontseiluaren Tokiko eta Eskualdeko Botereen Kongresuko idazkari nagusia izan dira. Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundiek ere babesten dute proiektua, eta sari-banaketan parte hartu dute: (Eusko Jaurlaritza) Xabier Ochandiano, Gobernantza, Administrazio Digitala eta Autogobernuaren Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordea; (GFA) Irune Berasaluze, Gobernantzako foru-diputatua, eta Mikel Pagola, gobernu oneko zuzendaria; (BFA) Imanol Landa, udal harremanen zuzendaria, (AFA) Javier Gorbeña, Lurralde Orekaren zuzendaria. Agintariek udalak zoriondu dituzte udal gobernuaren eta kudeaketaren kalitatea etengabe hobetzeko “anbizio eta konpromisoagatik”.
2025eko irailaz geroztik, Europako Zigilurako hautagai diren udalerriek EUDELek koordinatuta eta Europako Kontseiluaren metodologia komunarekin lan egin dute. Bost udalek 72 adierazleko ebaluazio zorrotza egin dute, Gobernu Onaren hamabi printzipiotan bildutakoak, besteak beste, giza eskubideak, etika publikoa, gardentasuna, parte-hartzea, kontuak ematea, kudeaketa ekonomiko-finantzarioaren sendotasuna, berrikuntza edo jasangarritasuna eta epe luzeko plangintza.
Edizio honetako 4 zigilu
Aurtengo edizioan, Bilboko, Leioako, Errenteriako eta Urretxuko udalek 4tik 3,17ko batez bestekoa gainditu dute, Europako Kontseiluak hamabi printzipioetako bakoitzean eskatzen duen puntuazioa (4tik 2) gaindituz. Emaitza horri esker, EAEko udalerriak Europan ondoen posizionatuen artean daude, eta gobernantza sendoa erakusten dute, bikaintasunera bideratutako hobekuntza-marjinarekin.
Autoebaluazioarekin batera, udalek konparaziozko inkestak egiten dizkiete hautetsiei, funtzionarioei eta herritarrei. Emaitza horiek udalerri bakoitzari egokitutako hobekuntza-planak definitzeko balio dute.
ELoGEren balantzea Euskadin
Seigarren edizio honekin, Euskadiko 25 udalerrik parte hartu dute ELoGEn, eta, ondorioz, 16 euskal Zigilu sartu dira Europako Kontseiluaren zerrenda bikainean; hirurehun inguru toki-erakundek osatzen dute zerrenda hori.
Udal batzuek behin baino gehiagotan lortu dute bereizgarri hau, hala nola Bilbok (2021, 2026) eta Leioak (2017, 2026), bientzat bigarren ELoGE Zigilua da.
| ARABA (2)
Laudio; Vitoria-Gasteiz |
BIZKAIA (5)
Basauri; Bermeo; Bilbao; Ermua; Leioa |
GIPUZKOA (9)
Andoain; Azkoitia; Donostia; Eibar; Errenteria; Irun; Legazpi; Urnieta; Urretxu |
Etengabeko hobekuntzarako tresna praktikoa
EUDELeko elkarteburu Esther Apraizek azpimarratu duenez, “ELoGE Zigilua aintzatespen bat baino gehiago da, politika eta zerbitzu publiko hobeagoak eskaintzeko eta gure herri eta hirietan bizi-kalitate handiagoa lortzeko tresna praktikoa da”. Apraizek baieztatu duenez, “polarizazioaren eta autoritarismoaren aurrerapenaren aurrean, euskal udalok Europako balioekin eta gobernu onaren printzipioekin bat gatoz. Alkateok demokrazia defendatzeko lehen lerroa gaude Europan, eta orain, inoiz baino gehiago, gobernantza kolaboratiboa indartu behar dugu, tokiko politikan eta komunitatean parte hartzen duten herritar informatuak eskutik hartuta”.
Bestalde, Mathieu Morik, Europako Kontseiluko Tokiko eta Eskualdeko Botereen Kongresuko idazkari nagusiak azpimarratu duenez, “Erronka demokratiko eta larrien une honetan, ELoGEk herritarren eta erakundeen arteko konfiantza sendotzen laguntzen du. EUDELen eta euskal udalerrien lidergoa txalotzen dugu gure balio komunen sustapenean.”
Ekitaldiaren amaieran, Eusko Jaurlaritzako Erakunde Harremanetarako sailburuorde Xabier Ochandianok nabarmendu duenez, “ELoGE zigilua udalen eta herritarren arteko harremana hobetzeko eta zerbitzu publikoak hobeto ematen jarraitzeko tresna praktikoa da. Zigiluaren printzipioak gobernu onaren benetako praktikak bihurtzen dira, ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzen dituztenak egungo polarizazioaren aurrean. Eusko Jaurlaritza bat dator udalekin elkarlaneko gobernantza indartzeko eta administrazio hurbilago, moderno eta digitalago baterantz aurrera egiteko, beti ere elkarreragingarritasunean, sinplifikazio administratiboan eta bikaintasuneko zerbitzu publikoetan oinarrituta.”
Herritarren parte-hartzea eta segurtasun juridikoa, ondoen baloratutako arloak
Batez beste, VI. edizio honetan puntuazio onena lortu duten adierazleak Herritarren Parte-hartzea (4tik 3,67) eta Zuzenbidezko Estatua (4tik 3,53) izan dira. Bi eremu horiek funtsezkoak dira herritarrek tokiko erakundeetan duten konfiantza sendotzeko.
Parte-hartzeari dagokionez, udalak hauengatik nabarmentzen dira:
- Parte-hartze prozesu egituratuak ezartzea politika publikoak diseinatzeko.
- Aurrekontu parte-hartzaileak eta herri-kontsultak, benetako erabaki-tresna gisa.
- Auzo/barruti kontseiluak eta organo aholku-emaile egonkorrak.
- Metodologia inklusiboak, behar baino ordezkaritza urriagoa duten kolektiboen parte-hartzea errazten dutenak.
Zuzenbidezko Estatuari dagokionez, ebaluatutako udalerriak hauengatik nabarmentzen dira:
- Segurtasun juridikoa eta gardentasun administratiboa bermatzen duten protokoloak.
- Kontuen kanpo-auditoriak eta aldizkako legezkotasun-kontrolak.
- Herritarrei informazio juridikoa emateko sistema eskuragarriak.
- Kontrako ebazpenen jarraipena egiteko mekanismoak, kudeaketa hobetzeko.
- Udal langileen prestakuntza espezifikoa erabaki administratiboen kalitatea indartzeko.
Udalen balorazioa
Juan Mari Aburto Rike, Bilboko alkateak Europako aitorpena berrestearen garrantzia nabarmendu du. Izan ere “agerian uzten du udal-gobernantzaren ereduaren heldutasuna eta eredu hori berrikuntzara, gardentasunera eta herritarren ongizatearekiko konpromisora bideratutako Europako estandarrekin bat datorrela”. Era berean, nabarmendu duenez, “lorpen honek indartu egiten du hiriaren posizioa kalitate demokratikoaren eta gobernu onaren arloko Europako jardunbide onenen artean, eta mugarri hori ez da kasualitatea. Udal-organoen, langile publikoen eta herritar guztien ahalegin kolektiboa da, herritarrek gero eta inplikazio handiagoa baitute pertsona guztientzako Bilbo komun bat eraikitzeko”.
Aizpea Otaegi Mitxelena, Errenteriako alkateak azpimarratu duenez “Errenteriako Udalean garbi dugu gure herrikideen eta elkarrekin osatzen dugun komunitatearen zerbitzura gaudela eta egon behar dugula. Horrek etengabeko hobekuntza eskatzen du, inoiz eskuratzen ez den bikaintasunaren alde etengabe aritzea eta saiatzea. Hori da gure motorra eta gure bidea”, era berean Errenteriako alkateak azaldu du “ELoGE bezalako aitortzak pozgarriak dira, parametro estandar eta konparatiboetan bide onetik goazela adierazten digutelako, baina, bereziki, ELoGE eskuratzeko balorazio-prozesuari ematen diogu balioa, bidean geldialdia egin eta orain arte egindakoaz eta etorkizuneko mugarri berriez pentsatzeko aukera ere eskain digulako.”
Iban Rodriguez Etxebarria, Leioako alkateak adierazi duenez “ELOGE Europako zigiluarekin jasotako bigarren aitortza honek Leioako Udala erreferentziazko erakunde gisa sendotzen du Gobernantza Onean, gardentasunean eta kalitate demokratikoan, eta erantzukizunean eta kontu-emateko kulturan oinarritutako kudeaketa publikoaren eredua berresten du”, era berean, Leioako alkateak azpimarratu du “Leioatik erakusten jarraitzen dugu tokiko esparrutik ere posible dela gobernu-ekintza moderno, eraginkor eta Europako estandar gorenekin bat datorrena gidatzea, herritarrak politika publikoen erdigunean kokatuz”.
ELoGE Zigilua lortzen tamaina txikiko udalerrietako bat izateagatik, Urretxuko alkate Jon Luqui Albisuak mezu hau helarazi du: “Urretxu giza dimentsioa duen udalerria da, biztanleria doitua duena, baina tokiko gobernantza nola gauzatu behar den oso argi dauka: hurbiltasunetik, entzutetik eta plangintzatik. Horregatik, aintzatespen honek balio berezia du guretzat, Euskadin ELoGE zigilua lortu dutenen artean biztanle gutxien dituen udalerrietako bat baikara. Gure ustez, horrek erakusten du gobernantzaren bikaintasuna ez dagoela tamainaren mende, konpromisoaren eta ondo egindako lanaren mende baizik “. Urretxuko alkateak adierazi duenez “Gure kasuan, ebaluazioak bereziki nabarmendu du oso nota ona atera dugula parte-hartze demokratikoan, plangintzan eta garapen jasangarrian. Hiru printzipio horiek ez dira kontzeptu teorikoak, baizik eta gure udal-ekintzaren zutabe oso zehatzak.”
Bestalde, Andu Martinez de Rituerto, Tolosako alkateak ELoGE proiektuan parte hartu izana baloratu du. Alkatearen hitzetan: “Ebaluazio prozesu honen bidez Tolosako Udalak bere indarguneak eta hobekuntza eremuak identifikatu ditu, eta argi geratu zaigu non dauden hemendik aurrerako erronkak bikaintasunera iritsi arte. Lortutako emaitzekin, etengabeko hobekuntza eta berrikuntza sustatzeko bi urtetarako plangintza abiatu dugu, herritarrei gero eta zerbitzu hurbilagoa, eraginkorragoa eta kalitate handiagokoa eskaintzeko helburuarekin.” Alkateak nabarmendu duenez “beste udal batzuetako adibide eta ereduak partekatzea ahalbidetu digu prozesu honek, eta elkarrengandik ikastea ere ezagutzaren kudeaketa egokia dela azpimarratu nahi dugu.”