- EUDELeko gobernu-organoan, Añibarro Euskadiko udalerrien ordezkari izango da 2023ra arte.
Bilbon, 2020ko abenduaren 10ean. Laudioko alkate Ander Añibarro Maestre gaur bihurtu da EUDELen Batzorde Eragilearen kide. EUDELeko gobernu-organoa hiru lurralde historikoetako hamabost alkatek osatzen dute, eta Amurrioko alkate izandako Josune Irabienek utzitako hutsunea beteko du Añibarrok. Hain zuzen, Irabien joan den azaroan Eusko Jaurlaritzako Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendari izendatu zuten.
Lanbidez erizaina, Ander Añibarro Maestre Laudioko alkate izendatu zuten, hots, Arabako populatuena den udalerrikoa, 2019ko maiatzeko azken udal-hauteskundeetan. 31 urte dituelarik, Añibarro EUDELeko zuzendaritzako alkaterik gazteena da, eta udal-politikagintzan ibilbide zabala du: Laudio bere herriko zinegotzi gisa hasia (2015), inguruko herrien zerbitzuko lana zabaldu du Aiarako Eskualdeko presidente gisa (2015-2019). Era berean, Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendari izan da, 2017. eta 2019. urteen artean; Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren aholkularia 2017an, eta, ondoren, Kultura eta Hizkuntza politika sailako aholkulari 2019an izan da.
Gaur goizean, Batzorde Eragileko kide gisa, urteko azken bilkura telematikoan hartu du parte, elkarteburuarekin, bi elkarteburuordeekin eta gainerako alkateekin batera. Gaurtik aurrera, Laudioko alkateak funtzio berriak hartuko ditu udal-autonomiaren eta tokiko interesen defentsan; Euskadiko udalerrien ordezkari izango da erakunde-arteko hainbat foro eta taldetan.
EUDELeko Batzorde Eragilea
EUDELen 2019-2023 epealdirako gobernu-organoa Elgoibarren eratu zen joan den irailaren 19an, maiatzeko udal-hauteskundeen ostean, Euskadiko udalerrien ezohiko batzar orokorrean. 2019ko Batzarrean, legealdi honetan Euskadiko udalerrietan alkatetza duten taldeen artean adostutako hautagaitza bateratu bat bozkatu zen.
Batzorde Eragilea elkarteburu batek, bi elkarteburuordek eta hamabi batzordekidek osatzen dute.
Gaur egungo osaera
- Elkarteburua: Gorka Urtaran Agirre, Vitoria-Gasteizko alkatea
- Elkarteburuordea: Nagore Alkorta Elorza, Azpeitiko alkatea
- Elkarteburuordea: Jose Antonio Santano Clavero, Irungo alkatea
Batzordekideak (12):
- Angela Eguia Liñero, Gordexolako alkatea
- Txomin Sagarzazu Ancisar, Hondarribiko alkatea
- Ager Izagirre Loroño, Mungiako alkatea
- Aitziber Oliban Gutierrez, Erandioko alkatea
- Txelo Auzmendi Jimenez, Asparrengo alkatea
- Ane Beitia Arriola, Elgoibarko alkatea
- Mikel Torres Lorenzo, Portugaleteko alkatea
- Saioa Elejabarrieta Amorrortu, Lemoako alkatea
- Iñigo Gaztelu Bilba, Larrabetzuko alkatea
- Miren Koldobike Olabide Huelga, Legazpiko alkatea
- Xabier Lertxundi Asteasuinzarra, Hernaniko alkatea
- Ander Añibarro Maestre, Laudioko alkatea
Batzorde Eragilearen eginkizunak (EUDELen Estatutuen 20. art.)
- Batzar Orokorraren erabakiak betearaztea.
- Elkartea zuzentzea eta administratzea, bere helburuak bete ditzan.
- Instantzia politiko eta administratiboekin harremanetan egotea.
- Lurralde Batzordeetako lanak koordinatzea.
- Euskalduntzeko Plana egitea eta bete egiten dela bermatzea.
- Genero Berdintasunerako Planak egitea eta bete egiten direla bermatzea.
- Azterketak eta argitalpenak orientatzea.
- Ondarearen administrazioa zuzentzea.
- Elkartearen zerbitzura dauden langileen politika zuzentzea. Batzarrari Elkarteko lanpostuen zerrendaren proposamena aurkeztea, eta aurreikusita ez dauden egoerei aurre egiteko aldi baterako kontratazioei buruzko erabakiak hartzea. Urteko lehenengo batzar orokorrean horren berri ematea.
- Bazkide berriak atxikitzeko eskabideari egoera formala ematea.
- 9.b eta c artikuluetan adierazitakoaren arabera, bazkide-izaera galtzeko espedientea bideratzea.
- Elkarteak berak izendatu behar dituenean, erakunde horietako udal-ordezkariak izendatzea, 22. artikuluan xedatutakoari inolako kalterik egin gabe.