Erakundeek Kontseiluan dituzten ordezkari berriak bat datoz arreta integralagoa eta kalitate handiagokoa sustatzeko finkatutako helburuak lortu behar diren ustean.
Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluak 2016ko lehen bilera egin du gaur Lakuan. Bertan, Eudel-Euskadiko Udalen Elkarteko, hiru foru-aldundietako, eta Eusko Jaurlaritzako Osasuneko eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailetako ordezkariek sakonki aztertu dute zer aurrerabide egin den 2013ko uztailean onartutako ildo estrategiko soziosanitarioen esparruan ezarritako helburuak betetzen, autonomia-erkidego osoan zerbitzuok erabiltzen dituzten pertsonei emandako arreta hobetzeko, hartara.
Gaurko hitzorduan, halaber, kide berriak sartu dira Kontseiluan, iazko udal- eta foru-hauteskundeen ostean euskal erakundeetan izandako aldaketak direla medio. Ángel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua ere lehen aldiz izan da bilera-buru. Honako kide berri hauek sartu dira kontseiluan, bakoitza bere erakundearen ordezkari gisa: Iñigo Pombo, Bilboko zinegotzia eta EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteko ordezkaria, Beatriz Artozabal Arabako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako foru-diputatua, Isabel Sánchez Robles Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako foru-diputatua eta Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako foru-diputatua. Ekitaldiaren ostean eta karguaren urteko txandakatzeari jarraikiz, Ángel Toñak Osasuneko sailburu Jon Darpóni laga dio kontseilu-burutza. Hark ere gaurko mahaian parte hartu du, Gobernuko beste zenbait goi-kargurekin batera: besteak beste, Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberriarekin.
Horrez gain, hiru foru-aldundiek eta Osasun Sailak lankidetza-hitzarmen bana sinatzeko baliatu dute bilera: hain zuzen, Pazienteen Historia Klinikoaren erabilera partekatu eta Euskadiko laguntza-zerbitzuen prestazioa hobetzeko. Era berean, hiru foru-aldundiek eta aipatutako bi gobernu-sailek etorkizunean Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluarekin lankidetza-hitzarmen bat sinatzea adostu dute, Euskadin adinduenganako tratu txar fisiko eta ekonomikoak prebenitzeko eta hautemateko prozeduraren ezarpena sustatzeko.
Historia klinikoak
Osasun Sailak eta Osakidetzak lankidetza-hitzarmen bana sinatu dute hiru diputazioekin, Pazienteen Historia Klinikoen (OSABIDE) erabilera partekatzeko eta Euskadin laguntza-zerbitzuetako prestazioa hobetzeko. Hala, bi erakundeetako profesional baimenduak berehala sartu ahalko dira osasun-zerbitzuetako pazienteen Historia Klinikoan eta datu berriak txertatu ahalko dituzte, betiere, isilpekotasuna bermatuta eta pazienteak aurrez baimen idatzia eman badu.
Horrez gain, Gobernuak beste erakundeei dekretu bat aurkez diezaien ere baliatu dute bilera: premia bereziak dituzten haurrentzako arreta integratuaren prozesuaren bidez EAEn arreta goiztiarra erregulatzeko dekretu bat da, hain zuzen, eta datozen egunotan helaraziko zaio gobernu-kontseiluari, haren onarpena azter dezan.