Eudel

GSEF Bilbao 2018 foroari amaiera emateko ekitaldian Amaierako Adierazpena irakurri da, hain zuzen ere, hiru eztabaida-jardunaldietan parte hartu duten eragileen arteko adostasunaren ondorioz sortu den agiria. Itxiera-ekitaldian, GSEFren idazkari nagusiak Bilboko Foroa 2018 ekimenaren oroimenezko plaka bat eman die instituzioei eta hirugarren sektoreko erakundeei, Tokiko Batzorde Antolatzaileko kide izateagatik, munduko foro hau (Europako lehena) antolatu, sustatu eta Euskadi osoan hedatzeko egindako lanagatik eskerrak emateko. EUDELen elkarteburu eta Getxoko alkateak, Imanol Landak, gaur jaso du adierazitako esker ona, Euskadiko udal guztien izenean.

  • GSEF (Global Social Economy Forum) gizarte-ekonomiaren alorrean mundu osoan antolatzen den fororik garrantzitsuena da, eta Europan egin da lehenengo aldiz. Horri esker, gizarte-ekonomiaren alorreko erreferentziazko sarearekin bat egin du Bilbok, Seul eta Montrealekin batera, aurreko edizioetako anfitrioiak izan zirenak. Hiru jardunaldi horien baitan bost osoko bilkura eta hogeita hamar tailer eta bisita tekniko inguru egin dituzte

Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta GSEFeko Presidentekide berria den Joung Youl Kim-ek GSEF Bilbao 2018 foroaren amaiera-ekitaldia zuzendu dute gaur goizean. Amaiera-ekitaldian, gizarte-ekonomiari buruzko foroaren amaierako adierazpena irakurri dute, tokiko garapen inklusibo eta jasangarria lortzeko gizarte-ekonomiak duen garrantzian oinarritutakoa.

Horrez gain, Bilboko alkateak gizarte-ekonomiari buruzko nazioarteko foro handienaren anfitrioiaren lekukoa eman dio Mexikoi, GSEF 2020 foroaren hurrengo egoitza izango denari.

IKUSI GSEF BILBAO 2018ko ADIERAZPENA

84 HERRIALDETAKO 1.700 PERTSONA BAINO GEHIAGO ETORRI DIRA GSEF BILBAO 2018RA

Urriaren 1etik 3ra bitartean, 84 herrialdetako 1.700 pertsona baino gehiago etorri dira “Gizarte-ekonomia eta hiriak. Tokiko garapen inklusiborako eta iraunkorrerako balioak eta lehiakortasuna” izenburua izan duen GSEF BILBAO 2018ra. Bertan bildu dira mundu osoko hiri handietako tokiko agintariak, administrazio zein erakunde publikoetako ordezkaritzak, gizarte-ekonomian adituak diren pertsonak eta hirugarren sektorea delakoaren barruan dauden erakundeetako ordezkariak. Nazioarteko foro hori aukera paregabea izan da ikuspegiak eta esperientziak partekatzeko eta pertsonak helburu dituen berdintasunezko gizarte inklusibo baterantz aurrera egiteko, kalitate oneko enplegua sortuz eta bidezko hazkundearen zein garapen jasangarriaren bitartez. Horretarako, bost osoko bilkura eta hogeita hamar tailer eta bisita tekniko inguru egin dituzte.

BILBO, NAZIOARTEKO ERREFERENTZIA GIZARTE-EKONOMIAREN ESPARRUAN

Bilbo GSEF 2018ko egoitza izendatu izanak gizarte-ekonomiaren esparruan munduko erreferente den sare batera gehitzea ahalbidetu dio Bizkaiko hiriburuari, azken hiru edizioak hartu dituzten Seulekin eta Montrealekin batera. Foroa Europan egiten den lehen aldia izan da, eta ekitaldiak berme handia eman dio gizarte-premiak aintzat hartzen dituen enpresa-ereduari lotutako politikak bultzatzeko udalaren konpromisoari.

Izan ere, Bizkaiko hiriburuaren lehentasunezko jarduketa-ardatzen artean dago gizarte-ekonomiako politiken lidergoa. Politikak hiri inklusibo eta integratzaile bat eraikitzera bideratuko dira, errotutako espiritu ekintzailearekin eta lan-esparrua demokratizatzearekiko, ardurarekiko, parte-hartzearekiko zein enpleguarekiko konpromiso zein tradizioarekin.

Bestetik, nazioarteko proiekzioa duten ekimen politikoak, kulturalak eta kirol-eremukoak hartzeko unean hiriak pizten duen interesa berresten du aipatutako ekitaldia bertan egiteak.

GIZARTE-EKONOMIAREN FORO GLOBALA

Global Social Economy Forum (GSEF) gizarte zibileko eragileak eta tokiko gobernuak biltzen dituen nazioarteko erakunde bat da, ekonomia sozial eta solidarioaren garapenarekin konprometituta dagoena. Ekonomia sozial eta solidarioaren aldeko erakundeen eta tokiko gobernuen arteko elkarlana bultzatzeko helburuarekin sortu zen, kalitatezko enpleguaren sorrera, bidezko hazkundea, demokrazia parte-hartzailearen aurrerabidea eta garapen iraunkorra sustatzeko asmoz.

Ekonomia Sozialaren Foro Globaleko (GSEF2016) eskubide osoko kidea da Bilbo. Titulu hori ekonomia sozial eta solidarioaren sareko kideentzat eta tokiko gobernuentzat gordeta dago, eta biltzarrean bozkatzeko eskubidea ematen du. 2015eko abenduan Bizkaiko hiriburua sarean sartu zen ohorezko batzordeko kide gisa, eta, 2016tik aurrera, eskubide osoko kidea da.