Eudel

Europatik eta Estatutik datorren ezohiko finantzazioa udaletara iristea eskatzen dut, EAEko udalerri guztietan banatzeko, txikienetik handienera”

Gorka Urtaranek erakunde hurbilenen “funtsezko eginkizuna” nabarmendu du, “udalerria da normaltasun berrira igarotzea gertatzen den tokia”

Bilbao, 2020ko ekainaren 9a. EUDELen elkarteburu Gorka Urtaranek, gaur goizean eskatu du EAEko udalen parte-hartze eraginkorra Europako instituzioek bultzatutako ezohiko funts guztietan, bai eta estatu- eta autonomia-eremukoetan  ere, Covid osteko susperraldi ekonomiko eta sozialerako neurriak finantzatzeko.

Radio Euskadiko Boulevard saioan egindako elkarrizketan, Gorka Urtaranek ziurtatu du “arintze-faseak udalentzat gainkarga direla, erantzukizun erantsia”, eta toki-erakundeak gehiagotan kontuan hartzeko eskatu du “aktore giltzarriak” izanik, eta baieztatu du “udalerria dela normaltasun berrira igarotzea gertatzen den tokia”.

Ildo horretan, Urtaran elkarteburuak ohartarazi du EUDELek zainduko duela udalek  ezohiko funtsen bilketan parte-hartu ahal izatea, eta lan egingo duela “finantzazio-banaketak udaletara iristeko, udalerri guzti-guztietara, txikienetik handienera”. Europako Batzordeko presidenteak eta  Espainiako Gobernukoak iragarritakoaren arabera, Europako planaren funtsak (oraingoz zehazteke) lehenik Estatuari transferitu ahal izango litzaizkioke, eta, ondoren, EAEri, bai mailegu gisa, bai itzuli beharrik gabeko laguntza gisa. Elkarteburuaren hitzetan, “udalok eskua altxatzen dugu berriro ere, gizartearen beharretatik hurbilen daudenak gara, eta hortaz, pandemiaren ondorioen ostean suspertzeko ezohiko finantzazio-funts guztietan parte-hartzea eskatzen dugu”.

Urtaran elkarteburuak defendatu du “ezohiko” finantzazioa euskal ekonomia-itunaren ereduaren arabera eta Kupoaren metodologia aplikatuz banatu behar dela. Europako plan, kopurua eta Europako plana nola egituratzen den oraindik baieztatu gabe, EUDELen elkarteburuak adibidetzat jarri du Espainiak itzuli beharrik gabeko laguntza gisa jaso lezakeen 77.000 milioiko funtsa. Gorka Urtaranen arabera, “Kupoaren % 6,24 kenduta, eta Eusko Jaurlaritza eta Lurralde Historikoen barne-banaketa aplikatuta, koefiziente bertikal eta horizontalen arabera, udaloi 800 milioi euro inguru iritsi beharko litzaizkiguke Europako funtsetatik”. Urtaranek uste du kopuru hori igo daitekeela toki-erakundeak suspertzeko estatu-funtsaren proposamena burutzen bada. Horrek, lehen informazioen arabera, 5.000 milioi euro izango lituzke “Kontzertuaren formula bera aplikatuta, Euskadiko Udalei 300 milioi euro baino gehiago egokituko litzaizkiguke”, aurreratu du.

Horren harira, Urtaran elkarteburuak aldebikotasun-harremana defendatu du Estatuarekin, eta bat egin du euskal erakundeek Euskadiren berezitasuna eta Ekonomia Itunaren erregimena errespetatzeko egindako deialdiarekin. Ildo horretatik, Gorka Urtaranek Batzorde Mistoaren bilera urgentea eskatu du, finantzazio autonomikoari eta ezohiko funtsen xedeari “ahalik eta azkarren” ekiteko. “Erabakiak hartzeko une erabakigarrian gaude, alkateok jakin behar dugu zer baliabide ditugun tokiko ekonomia bultzatzeko neurriak aktibatzeko eta ehun produktibo eta sozialari eusteko”.

Euskadiko polizien eta hiritarren jokabide eredugarria

Hirugarren arintze-fasearekin batera, EUDELeko elkarteburuak azpimarratu du udalek “funtsezko zeregina” izan dutela osasun-larrialdian, eta haien jarduera funtsezkoa dela udalerri bakoitzean normaltasunera itzultzeko “Udalek lehen lerroan egoten jarraituko dugu, eguneroko bizitzara era ordenatuan, seguruan eta berme osoz itzultzeko”, adierazi du Gorka Urtaranek.

Gorka Urtaranek Udaltzaingoen, Ertzaintzaren eta administrazio publikoetan lan egiten duten langile guztien lan eredugarria goraipatu du. Udalen ordezkariak eskerrak eman dizkie herritarrei, eta nabarmendu du haien laguntza funtsezkoa izan dela osasun-gomendioak betetzeko eta gaixotasuna zabaltzea saihesteko. EUDELen elkarteburuak argi adierazi du: “Euskal gizarteak, gehien-gehienak, jokabide eredugarria eta erantzunkidea duela frogatuta dago; joko-arauak bete nahi ez dituenak zehapena jaso beharko du. Salaketa guztiak izapidetu behar dira, ezin dugu onartu gutxi batzuen jokabide txarrak guztioi kalte egitea “.