Eudel

Maila goreneko foro honen irekiera-ekitaldian parte hartzeko gonbita jaso du Irungo alkateak, Lurralde Kohesiorako Ministerioko Estatu-idazkariarekin, Hendaiako altatearekin eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduko eta Akitania Berriko Eskualde Kontseiluko beste hainbat goi-agintarirekin batera.

Herritarren bizi-kalitatea hobetzeko prozesuan, udalek duten zeregina aldarrikatu du José Antonio Santanok.

Irunen, 2017ko irailaren 21ean. Irungo alkate José Antonio Santanok Frantziako Udalerri Txikien Asanbladaren irekiera-ekitaldian hartu du parte gaur. Ekimenak 2.500 eta 25.000 biztanle arteko Frantziako 1.200 udalerri inguru bilduko ditu Hendaian eta Ficoban.

“Alkate eta EUDELeko (Euskadiko 251 udalerri biltzen ditu Elkarteak) elkarteburuordea naizen aldetik, hau bezalako aukerak antzeman ditzaket, zeinetan etorkizunerako hirien erronkak aztertzen diren”, esan du alkateak, hitzaldia hasteko.

Berdintasun, Dibertsitate eta Inklusioko 2018ko konferentzia

Alkateak, EUDELen elkarteburordea den aldetik, aukera baliatu du bertaratutako alkate eta ordezkari frantziarrei EUDELen ekimen batean parte hartzera gonbidatzeko; EUDELek berdintasun, inklusio eta dibertsitateko politikei buruzko kongresua antolatuko du datorren urtean Bilbon, ekainaren 11tik 13ra, Bilboko Udalarekin eta Europako Hiri eta Eskualdeen Kontseiluarekin (CMRE) elkarlanean, azken horretako kide den aldetik.

Era berean, Santanak hauxe nabarmendu du: “bidegurutze batera heldu gara: tokiko gobernuak herritarrengandik hurbil egon behar dute inoiz baino gehiago. Horregatik, premiazkoa da udalerrien bizi-kalitatea hobetuko duten ekintzak eta neurriak abian jartzea, eta pertsonak politika publikoen erdigunean kokatzea, euren arteko desberdintasunak alde batera utzita”.

Petites Villes

Frantziako udalerrien topaketa honi dagokionez, egun hauetarako egitarauak hainbat ekitaldi eta tailer hartzen ditu barne Ficoban: hitzaldiak, mahai-inguruak eta tailerrak, hurrengo gaiak jorratzeko xedez: tamaina desberdinetako herrien arteko lankidetza, delinkuentziaren prebentzioa, herriguneak birgaitzea, eta udalerri txikien erakargarritasun turistikoa eta etorkizunari begira dituzten aukerak.

Hizlari gisa aritu dira, besteak beste, Frantziako udalerri, departamendu eta eskualdeetako goi-ordezkariak, adibidez, Frantziako Lurralde Kohesiorako Estatu-idazkari Julien Denormandie eta Hendaiako alkate Kotte Ecenarro. Azken horrek bere hitzaldian azpimarratu duenez, “kongresu honek mugaz gaindiko gure lurraldearen berezitasuna islatzen du”. Frantziako enpresetako (adibidez, Orange eta La Poste) kargu garrantzitsuak ere izango dira bertan.

Sareak Frantziako udalerri txikienen zeregina defendatzen du 1990. urtetik. Santanoz gain, irekiera-ekitaldian Hendaiako Udalak, Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluak eta Akitania Berriko Eskualde Kontseiluak hartu dute parte.